Triziklo ibilaldiak adinekoen 19 egoitzetara zabalduko dira, Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak konpromisoa berritu eta gero
Triziklo ibilaldiak adinekoen 19 egoitzetara zabalduko dira, Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak konpromisoa berritu eta gero
Triziklo ibilaldiak adinekoen 19 egoitzetara zabalduko dira, Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak konpromisoa berritu eta gero
Proiektuaren helburu nagusia da Gipuzkoako 14 udalerritako egoitza berrietan ezartzea. Horrela, 130 egoiliarrek baino gehiagok beren herrietako kaleetan zehar trizikloan paseatzeko aukera izango dute, BAE Donostiako 60 boluntariok baino gehiagok gidatuta.
Bergarako Mizpirualde egoitzan aurkeztu dute gaur Bizikletaz Adinik Ez (BAE) programaren edizio berria, eta bertan egin dute 2024ko aurreneko ibilaldia. Ekitaldian parte hartu dute Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Patxi Alberdi BAE elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideak eta hainbat boluntariok.
Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak hitzarmena sinatu dute lurraldeko 19 egoitza berrietako 160 pertsonak trizikloan ibilaldiak egiteko aukera izan dezaten. Ekimen hau Gipuzkoako 7 eskualdeetako 14 udalerrietara iritsiko da, eta ondorioz, egoiliarrek euren udalerrietako kaleak trizikloetan zeharkatzeko aukera izango dute, BAE Donostiako 60 boluntariok baino gehiagok gidatuta. Aurtengo edizioan parte hartuko duten udalerriak dira: Bergara, Irun, Hondarribia, Eibar, Elgoibar, Arrasate, Andoain, Lasarte, Donostia, Beasain, Segura, Villabona, Azkoitia eta Zumaia.
Hitzarmenari esker, ekimenak 32.999,07 euroko ekarpena jasoko du. BAE ekimena 2016an hasi zen Donostian, eta iaz Gipuzkoako beste udalerri batzuetara zabaldu zen akordioari esker.
Elkarrekin aritzearen garrantzia
Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, proiektu honen balioa azpimarratu du: "iaz, lehen hitzarmenarekin, proiektua Gipuzkoako adinekoen 18 zentrotara eramatea lortu genuen. Aurten, gure konpromisoa berretsi dugu, eta jarduera hau lurraldeko txoko gehiagotara iristea ahalbidetu dugu. Hori horrela, gero eta pertsona gehiagok goza dezakete ibilaldi horietaz, bidaiarientzat ez ezik, gidari boluntarioentzat eta, oro har, herritarrentzat ere onuragarriak baitira".
Gainera, ‘Agenda 2030 Gipuzkoa: Trantsizioko Gizarte Politiken esparruan’ estrategiarekin bat eginda, Peñak azpimarratu du horrelako proiektuek egoitza-zentroak komunitatearekin lotzeko helburua indartzen dutela. "Jarduera honek aisialdirako eta gozamenerako aukera ematen die adineko pertsonei, askotan ez baitute aire zabaleko jardueretan parte hartzeko aukerarik", adierazi du Peñak.
Inpaktu sozial eta emozionala duen proiektu bat
Era berean, Peñak gogorarazi du egoitzetako egoiliarrek ekimen honetan parte hartu dezaketela boluntarioei esker: "Triziklo horiek eta horien gidariak Gipuzkoako gizartearen balio solidarioen adibide garbia dira. Gizarte-konpromisoa, belaunaldien arteko errespetua eta ingurunearekiko harremana islatzen dituzte. Mugikortasuna, zahartze aktiboa eta pertsonen ongizatea bultzatzen dute”. Horrez gain, eskerrak eman dizkiot Bizikletaz Adinik Ez elkarteari egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik, aisialdian adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duten boluntarioen lana azpimarratuz.
Balorazio positiboa
Horrela, Maite Peñak adierazi du iazko esperientzia oso positiboa izan zela Donostiatik kanpo: "Irteeren ondoren egoitzetara pasatu genituen formularioek erakusten dute aire zabaleko jarduera horiek oso eragin onuragarria dutela parte-hartzaileen osasun psikosozialean. Oso pozgarria da ikustea pertsonen bilakaera jarduera hasi genuenetik amaierara arte, eta haien aurpegien irribarrea egoitzetara itzultzen direnean. Egoitzek eta erabiltzaileek harrera bikaina izan dute, eta horrek erakusten du proiektu honen arrakasta eta garrantzia".
Cycling Without Agek, Copenhagen jatorria
Patxi Alberdik, bere aldetik, gogorarazi du Cycling Without Age 2012an Kopenhagen sortutako nazioarteko mugimendua dela, eta gaur egun 50 herrialdetan ordezkatuta dagoela: "2016an iritsi zen Gipuzkoara, Donostiako kultur hiriburutzaren testuinguruan, eta Danimarkan sortu zituen balioak irudikatuta: adinekoei eskuzabaltasunetik denbora eskaintzea, istorioak partekatuz eta harreman berriak sortuz".
Horrela, azpimarratu duenez, ’Bizikletaz Adinik Ez’ elkartearen helburua da, mugimendu globalaren parte den aldetik, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, belaunaldien arteko lankidetza sustatuz eta hiri-mugikortasuna sustatuz. Bere lana pertsonengan oinarritzen da eta mugikortasun iraunkorrean, parte-hartze aktiboan, gizarte-kohesioan, jasangarritasunean eta konpromisoan oinarritzen da".
4408