Itxasok orekan eta jasangarritasunean oinarritutako turismo eredua aurkeztu du
Itxasok orekan eta jasangarritasunean oinarritutako turismo eredua aurkeztu du
Turismo mahaiak agiria onartu zuen aho batez
Denis Itxasok orekan eta jasangarritasunean oinarritutako turismo alorreko foru estrategia aurkeztu du eta Gipuzkoako eredu turistikoari buruzko eztabaida ireki du Batzar Nagusietan
Turismo mahaiak agiria onartu zuen aho batez joan den asteazkenean, ekitaldi honetan osatu ahal izateko asmoz
Aldundiak helburu estrategiakotzat jotzen du turismo eredu jasangarri eta antolatu bat sortzea, horrek lagunduko baitu enplegua eta aberastasuna lurralde osoan modu orekatuan eta banatuan sortzen, masifikazioa saihesten, eta eredu kulturalen berezitasuna sustatzen, beste kultura, hizkuntza eta balio batzuk onartze aldera
Lehen diputatu nagusiorde eta kultura alorreko arduradun Denis Itxasok Gipuzkoako sektore turistikoa garatzeko ardatz estrategikoei eta ekintzei buruzko txostena (2015‐2019) aurkeztu du Batzar Nagusietan, non turismo alorrari buruzko ekintzak, ekimenak eta foru estrategia jasotzen diren. Turismo mahaiak onartu du txosten hori asteazken honetan, eta Gipuzkoako turismo eredua adosteko, datozen asteetan, Batzar Nagusietan egingo den eztabaidaren oinarri izango da. Agerraldian, halaber, 2006-2016 aldian Gipuzkoako alor turistikoak izan duen bilakaerari buruzko txostena aurkeztu da, Gipuzkoako Turismo Behatokiak egindakoa.
Foru arduradunak jakinarazi du lurraldeko zenbait eragile turistiko agertuko direla Gipuzkoako parlamentuan, eta, beraz, Batzar Nagusietako taldeei formatu onena aukera dezaten eskaini die, horien artean Gipuzkoarako eredu turistiko partekatu bat adosteko baliagarri izango diren hainbat ondorio aztertzeko ponentzia bat sortzekoa.
Itxasok estrategia horren edukiak zehaztu ditu agerraldian, eta azpimarratu ditu lurralde nahiz urtaro orekarako ekintzak, giza kapitalaren hobekuntza, lurraldearen konektibitaterako azpiegiturak, eta gobernantza publiko eta pribatu berria.
Itxasok, lehen diputatu nagusiorde den aldetik, berretsi egin du Donostiako aireportuaren oraingo eta etorkizuneko eraginkortasun osoaren alde duen konpromisoa. Aurkeztu den agirian, Turismo Mahaiak onartutakoan, erakundeak babesa ematen die berriro, pista murriztu ondoren, aerodromoan egiten ari diren artekatze lanei, baina ez du mugatzen gerora pista handitzeko aukera, betiere artekatze lan horiek egin ondoren, kantzelazio eta desbideratze ugariek sortutako arazoak mantentzen badira.
Txostenean adierazten denez, Gipuzkoako turismoaren egitura oso konplexua da, oso atomizatua dagoen balio-katea baitu, eta, beraz, enpresa munduko nahiz tokiko eta lurralde esparruko lankidetza turistikoa bultzatuko duen lurraldeko kudeaketa eredu bat ezarri beharko litzateke. Industria turistikoa bizkor aldatzen ari da turista hiperkonektatu eta interaktibo baten profil berrira egokitzeko, gero eta integralagoak, malguagoak eta pertsonalizatuak diren produktu, zerbitzu eta esperientziak eskatzen baititu.
Testuinguru horretan, Aldundiak helburu estrategiakotzat jotzen du turismo eredu jasangarri eta antolatu bat sortzea, horrek lagunduko baitu enplegua eta aberastasuna lurralde osoan modu orekatuan eta banatuan sortzen, masifikazioa saihesten, eta eredu kulturalen berezitasuna sustatzen, beste kultura, hizkuntza eta balio batzuk onartze aldera. Izan ere, Departamentuak helburu hauek ditu: lurralde nahiz urtaro oreka bultzatzea; alorrean lan egiten duten pertsonen profesionalizazioa hobetzea eta enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna handitzea; destinoaren nazioartekotzea sustatzea; lurraldearen konektibitatea hobetzeko laguntza ematea; partaidetza bideak sortzea; eta lankidetza publiko nahiz pribatua eta ebaluazio jarraitua bultzatzea.
Lurralde oreka lortzeko asmoz, Departamentuak abian jarri ditu legealdi honetan, besteak beste, marka berri bat, turismo bulego berri bat, itsas jaialdia, hainbat lankidetza hitzarmen, sagardoa sustatzeko kanpaina, Balentziaga Museoaren kanpaina, mugikortasuna hobetzeko ekimenak (Basque Card), mugikortasun mapa, eta antolatutako txangoak.
Urtaro oreka lortzeko, martxan jarri du, beste ekintza batzuen artean, mice estrategia, ekitaldi desberdinen antolaketan laguntzeko. Giza kapitala hobetzeko ekintzei dagokienez, Departamentuak Turislan Enplegu Azoka diseinatu eta antolatu du, eta baita ere prestakuntza programa bat ostalaritzarekin batera, eta berrikuntza turistikoari zuzendutako urteko sariak.
Destinoaren nazioartekotze hobea lortzeko, Aldundiak nazioarteko azoketan parte hartu du, San Sebastian Region izeneko web plataforma berria sortu du, sare sozialak dinamizatu ditu, eta mugaz gaindiko foroa antolatuko du 2018an.
Azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzeko ekintzen artean hauek azpimarratu behar dira: gurutzontzi txikiak erakartzeko estrategia, eta lurraldearen konektibitatea hobetzeko babesa. Eta azkenik, alorrak ebaluazio jarraitua izateko, Foru Aldundiak Turismo Mahaia, Turismoaren Behatokia, eta MICE batzordea sortu ditu; halaber, zenbait ikastaro eta mintegi antolatu ditu, turismo tasaren karga eta eraginaren zenbait azterketa egin ditu; eta hainbat eragilerekin aritu du lankidetzan.
Alor turistikoaren bilakaera
Gipuzkoako Turismoaren Behatokiak egindako txostenean adierazten denez, azken urteetan lurraldea finkatu egin da destino turistiko gisa, turisten bisitak % 50 gehitu baitira azken hamar urteetan. Azpimarratzekoa da ere nola finkatu den destinoaren nazioartekotzea, atzerriko bisitarien kopuruak gora egin baitu. Aldi berean, nabarmendu behar da bidaiari gehiago iritsi direla behe denboraldian, eta horrek urtaroen mende ez egoteko aukera ematen du. Ostatu motari dagokionez, apartamentu turistikoa izan da, zalantzarik gabe, Gipuzkoan azken urteetan gehien hazi den ostatu mota, esponentziala izan baita haren hazkundea.
Zonaka, zona metropolitarra da azken bost urteetan gehien hazi dena, eta jarraitzen diote Donostia eta kostaldea. Batez besteko egonaldiari dagokionez, barnealdea da batez besteko egonaldi tasa handiena duen gunea, beste guneekiko diferentzia nabarmenarekin.Gipuzkoa da, turismoari dagokionez, ekonomian eragin handiena duen Lurralde Historikoa, barne produktu gordinari % 7,4ko ekarpena egin baitzion 2015ean. Gipuzkoan, 2015ean (azken datuak), 1.716 milioi euroko gastu turistikoa egin zen, hau da, 2005ean baino 318 milioi gehiago. Datu horren arabera, Euskadin egindako gastu turistikoaren % 41,7 da.
Enpleguaren bilakaerari dagokionez, nahiz eta gutxi hazi den aztertutako denboraldian, enplegu tasa egonkor mantendu da krisi garaian, Euskadi osoari dagokion tasa baino egonkorragoa, hain zuzen.
Gipuzkoako biztanleen % 82a ados edo oso ados dago turismoak ekonomian duen eragin positiboarekin. Elementu positibo gisa nabarmendu behar da turismoak enplegu aukerak gehitzen dituela, eta eragin positiboa duela Gipuzkoako ekonomian; bestalde, elementu negatibotzat hartu behar dira hirian jende gehiegi dagoen pertzepzioa eta etxebizitzen prezioen igoera.
Inkestan parte hartu duten erdien ustez (% 48), Gipuzkoako Foru Aldundia da lurraldeko turismoaren kudeatzaile nagusia, eta erdiak baino gehiagok uste du (% 52) erakunde publikoen kudeaketa “ona” edo “oso ona” dela turismo esparruan.
1653