2018an ere turismoak gora egin du Gipuzkoan
2018an ere turismoak gora egin du Gipuzkoan
Urtarokotasuna jaisten ari da ta fluxu turistikoak banatzen ari dira.
Foru Aldundiak oso balantze ona egiten du 2018ko turismo urteari buruz, gehikuntza izan dutelako
Itxaso: ‘Saihestu behar dugu errekorrekin zorabiatzea. Beste behin azpimarratu behar dugu garrantzitsuena alderdi kualitatiboan dagoela, ez bakarrik kuantitatiboan. Erronka da, oraindik, turista tipologia bati eusten jarraitzea: gure kultura-erakargarrietan interesatua, eta bi gau baino gehiago egoteko joera duena’.
Foru Aldundia pozik dago 2018ko turismoari buruzko datuekin, zeintzuk gaur argitaratu baititu Eustatek, eta bereziki onak izan baitira. 2018an, Gipuzkoak 1.176.754 bisitari izan ditu, % 7,1 gehiago 2017an baino, eta 2.390.375 ostatu-gau, % 9,5 gehiago aurreko urtean baino. Oso datu onak dira, baina horrela, gainera, Foru Aldundiaren turismo estrategiaren helburu nagusiak betetzen dira, hala nola lurralde oreka eta urtarokotasuna jaistea.
Hala, gehikuntza handiak erregistratu dira Gipuzkoako zona guztietan. Metropolialdea % 19,8 hazi da; barnealdea % 9,4; Donostia % 9,3; eta kostaldea, berriz, % 6,2.
Urtarokotasuna jaisteari dagokionez, orobat azpimarratu behar da ezen gehikuntzak urteko ia hilabete guztietan gertatu direla, baina bereziki esanguratsuak dira historikoki turismo tradizio txikiagoa izan duten hilabeteetan izandako igoerak, hala nola urtarrila, % 10,5eko gehikuntzarekin, otsaila % 8,7koarekin, azaroa % 15,4koarekin, eta abendua % 7,9koarekin.
Gehikuntzak estatukoen merkatuan ez ezik –% 7,6ko igoerarekin– atzerrikoan ere izan dira, % 11,8 igo baita. Orobat igotzen da Gipuzkoara etortzen den atzerritarren proportzioa. 2018an, ostatu-gau guztien % 47 atzerritarrenak dira; 2017an, berriz, % 45 izan ziren. Gainera, lehenengo aldiz gainditzen da atzerriko merkatuaren milioi bat ostatu-gauren muga.
Bisitarien batez besteko egonaldiari dagokionez, lehenengo aldiz gainditzen da batez besteko bi gauko egonaldiaren hesia.
Landetxeak
Landetxeei buruzko datuak ere oso onak dira. Ia 90.000 sarrera izen dira, eta ia 250.000 gau, Gipuzkoan: % 8 gehiago iaz baino, bi adierazleentzat, eta oso esanguratsua da atzerriko bisitarien gehikuntza, urtearen bigarren erdialdean, batez ere. Atzerritarren gauak ia % 35 igotzen dira 2017aren aldean, eta espainiarren gauak, berriz, % 2. Zonaka, zona guztietan erregistratu dira gehikuntzak, nahiz eta kostaldean izaten diren oraindik gau guztien erdiak.
Kultura eta Turismoko diputatu Denis Itxaso pozik agertu da datu horiekin eta sektorea zoriondu du, oro har, baina berriro esan duenez “kopuru onetatik harago, garrantzitsuena da turista tipologia jakin bati eustea: gure ondarean, paisaian eta kulturan interesatua, lurraldearen barnealdea bisitatzen duena, eta fluxu turistikorik txikiena dugun hilabeteak sendotzen dituena”. Kontua da murriztea oraindik ditugun desorekak, zeren eta Gipuzkoakoa oraindik urtarokotasunari estu-estu lotutako helmuga turistiko bat baita.
“Ildo horretan lan egiten jarraitu behar dugu; bidea zuzena da. Emaitzek gure estrategia ziurtatzen dute; horregatik, jarraitu behar dugu lan egiten eta politika horiek finkatzen”, esan du.
1472