Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak sustatu duen Gipuzkoako Turismoko Enplegu Azokak euskal eremura egiten du jauzi bere hirugarren edizioan

Aldundiak sustatu duen Gipuzkoako Turismoko Enplegu Azokak euskal eremura egiten du jauzi bere hirugarren edizioan

Urrats kualitatibo bat dakar.

2019/01/16

Itxaso: “Erabaki horrek urrats kualitatibo bat dakar, eta erakusten du sendotzen ari dela proiektu bat, erreferente izan nahi duena eta lagundu nahi duena euskal turismo sektorearen eta horko enpleguaren kalitatea hobetzen, eta helmuga sozialki nahiz ekonomikoki jasangarri bat garatzen”.

Turismo arloak azokan parte hartzeko deia egiten die enpresei, lanpostuak eskain ditzaten, nahiz interesdunei, haien prestakuntza edozein delarik ere. Turislan azokak aukera ematen du formazioa emateko, esperientziak trukatzeko, irekitzekotan dauden hotel berriek beharko duten jendea kontratatzeko, eta turismoaren sektoreak lurraldearen ekonomian duen garrantzi gero eta handiagoa ikusarazteko.

Kultura eta Turismoko diputatu Denis Itxasok eta Turismoko sailburu Alfredo Retortillok aurkeztu dute Turislan, Gipuzkoako Turismoko Enplegu Azokaren hirugarren edizioa. Aurten, Gipuzkoako Azoka izatetik Turismoko Enpleguaren Euskal Azoka izatera pasatzen da.  Ficoban izango da, martxoaren 25ean eta 26an, enplegu profesionala eta kalitatezkoa sortzeko, eta horrela, helmuga turistikoaren eta sektorearen lehiakortasuna hobetzeko. Prentsaurrekoan, beste pertsona hauek ere parte hartu dute: Patxi Arrazola, GARAPEN, Garapen Agentzien Euskal Elkarteko ordezkaria; Ane Miren Axpe, Ficobako ekitaldien zuzendari komertziala; eta Maite Cruzado, Turismoko foru zuzendaria. 

Itxasok azaldu duenez, Turislanek azken bi urteetan izandako emaitza onek bermaturik, bai Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak erabaki dute Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea ekimena, eta horretarako, badituzte Lanbideren eta GARAPEN, Eskualdeko Garapen Agentzien Elkartearen lankidetza eta inplikazioa.

“Erabaki horrek urrats kualitatibo bat dakar, eta erakusten du sendotzen ari dela proiektu bat, erreferente izan nahi duena eta lagundu nahi duena euskal turismo sektorearen eta horko enpleguaren kalitatea hobetzen, eta helmuga sozialki nahiz ekonomikoki jasangarri bat garatzen”, esan du Itxasok.

Turismo sektoreak sendotzen jarraitzen du, bera baita Euskadiko garapen ekonomikoaren motorrik garrantzitsuenetako bat, aberastasuna eta enplegua sortzen dituena. Eustaten azken datuen arabera, Euskadin 2016an egindako turismo gastua 4.300 euro izan zen; horrek esan nahi du barne-produktu gordin osoaren % 6,1 dela; eta goranzko joera du, gainera. 20.000 pertsonatik gora daude lanean soilik hotel-establezimenduetan, eta 25.000tik gora, berriz, jarduera turistikoko establezimenduetan.

Horregatik guztiagatik, bai Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak uste dute estrategikoa dela bultzada bat ematea enplegu aukerei, horren kalitatea hobetzeari, eta sektorea profesionalizatzeari.

"Gipuzkoa da turismoaren arloan hazkunde eta proiekzio gehien duen helmugetako bat.  Turismoaren sektorea gure lurraldearen garapen ekonomikorako motor garrantzitsuenetako bat da. Aberastasuna sortzen du, eta enplegua ere sortzen du. Beraz, lan bila dabiltzanentzako aukera paregabea da. Administrazioek ahalegina egin behar dute, nahitaez, sektore turistiko desberdinen kalitate indizeak hobetzeko, baina ahalegin hori eskualdeek eta enpresek ere egin behar dute, eta, horretarako, ezinbestekoa da kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egitea, eta sektorea profesionalizatzea. Helburu horri begira, funtsezkoak dira Turislan bezalako azokak, hazkunde turistikoa lehiakortasun eta kalitatezko enplegu bilakatzen laguntzen baitute", azpimarratu du Itsasok.

Aurreko edizioetan, turismo sektoreko 50 enpresa baino gehiago bildu zituen Turislanek azoka-esparruan, langileen hautapen prozesuetan interesatuta zeudenak. Turislanen online plataformak 400 lanpostu baino gehiago kudeatu ditu orain arte. Azokak, guztira, 4.855 bisitari hartu zituen; 422 lanpostu eskaini ziren, denera; 3.723 curriculum eman ziren, orotara; eta 838 elkarrizketa hitzartu ziren.

Jardunaldia programatuta dago Aste Santuan hasten den goi-denboraldiko kontratazioen atari gisa, eta eragile askoren partaidetza behar du: sektorea ordezkatzen duten enpresak, prestakuntza-zentroak, enplegu atariak, eta elkarteak.  Batetik, topagune izan nahi du lan bila ari diren pertsonentzat eta turismo sektorean askotariko profilen bila ari diren enpresentzat; bestetik, plataforma izan nahi du turismoari lotutako ikasketak egin eta lehen lanpostuaren bila ari diren pertsonentzat, sektorean nolako garapen profesionala izan dezaketen ezagutu nahi dutenentzat edo turismoaren sektorean lanean hasteko orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat.

Itxasorentzat, Turislan, lan munduan txertatzeko aukera bat izateaz gain, “kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustu bat ere bada”. Bultzada berezia eman nahi diogu helmugaren kalitatea hobetzeari. Turislan azokak aukera ematen du formazioa emateko, esperientziak trukatzeko, irekitzekotan dauden hotel berriek beharko duten jendea kontratatzeko, eta turismoaren sektoreak lurraldearen ekonomian duen garrantzi gero eta handiagoa ikusarazteko".

Turislanen parte hartzen duten enpresa batzuek, bete beharreko lanpostuak izango dituzte; beste batzuek, berriz, etorkizuneko beharretarako lan poltsak osatzeko hautagai posibleak ezagutu nahi dituzte. Azokan parte hartzen dute, halaber, turismoaren sektorearekin lotutako proiektu profesionalak dituzten enpresek, hain zuzen, lankidetza-bideak zabaltzeko eta iritziak trukatzeko beren proiektuak ezagutzera eman nahi dituztenek.

Nola parte hartu

Erakusketariek Turislanen mikrogunean eman dezakete izena.

Aurreikusitako datak, hauek dira:

  • Eskaintzak eta erakusketariak erakartzen hastea: 2019/01/21
  • Eskaintzak plataformara iraultzea: 2019/02/25etik 2019/02/28ra
  • Eskatzaileen izen-ematea: 2019/03/01etik 2019/03/19ra
  • Bitartekaritza eta elkarrizketa-kudeaketa: 2019/03/11tik 2019/03/24ra
  • Hautapen prozesuak ixtea: 2019/03/27tik 2019/05/31ra

Proposatzen diren berrikuntzak:

Gipuzkoako Azokaren irismena geografikoki Euskadira zabaltzeaz gain, sinergiak bilatzen dira Sevatur Turismo Azokaren eta Turislanen artean, eta pentsatzen ari dira bi azokak ondoz ondoko datetan egitea (Turislan 2019ko martxoaren 25ean eta 26an, eta Sevatur, berriz, martxoaren 29, 30 eta 31n), eta esparru berean (Ficoba). Informazio guztia eskuragarri egongo da turislan.ficoba.org. mikrogunean.

 

 

  

1994