Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Turislanek 200 lanpostutik gora eskainiko ditu turismoaren sektorean

Turislanek 200 lanpostutik gora eskainiko ditu turismoaren sektorean

Otsailaren 26an eta 27an egingo den azokan 65 erakusketarik parte hartuko dute.

Otsailaren 26an eta 27an egingo den azokan 65 erakusketarik parte hartuko dute, eta 20 hitzalditik gora emango dira, prestakuntzari eta helmuga arduratsuaren eraikuntzari buruz.

Azokak 200 lanpostutik gora eskainiko ditu eta 2.014 curriculum jaso dira, baina oraindik bidali ez dutenek azokan bertan dauden erakusmahaietan aurkeztu dezakete.

Itxaso: «Turislan, lan munduan sartzeko aukera bat izateaz gain, kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko eta San Sebastian Region norakoaren kalitatea hobetzearen aldeko apustua ere bada».

Denis Itxasok, Kultura eta Turismo diputatua, Turislan turismoaren enplegu azokaren bigarren edizio honen parte-hartze datuak aurkeztu ditu. Otsailaren 26an eta 27an egingo da, Ficoban, kalitatezko enplegu profesionala sortzeko, sektorea profesionalizatzeko eta helmugaren kalitatea hobetzeko helburuekin. Prentsaurrekoan egon dira, baita ere, Kino Martinez, Gipuzkoako ostalarien idazkari nagusia; Maite Valmaseda, Merkataritza Federazioko zuzendaria; Paul Liceaga, Adegiko Elkarte Sektorialen zuzendaria; eta Maite Cruzado, Turismoko zuzendaria.

Azokan 65 erakusketarik parte hartuko dute, iaz baino 18 gehiago, eta Gipuzkoako azpisektore turistiko desberdinetatik datoz.  Sektoreka, erakusketari gehienak (20) hotel eta ostatuen sektorekoak dira; 3 prestakuntza sektorekoak; 5 enplegu sektorekoak; 10 agentziak dira; 7 zerbitzu laguntzaileak; 7 baliabide turistiko eta ekitaldiak; 6 ostalaritza eta merkataritza sektorekoak; eta 5 marketin eta kudeaketa sektorekoak. Azokan bertan, erakusketariek espazio bereiziak izango dituzte hautagaiei elkarrizketa pertsonalak giro lasaiago batean egiteko.

Lanbidek homologatutako 4 bulegok ere parte hartu dute, lan bitartekari gisa. Horrela, urtarrilaren 8tik otsailaren 18ra 200 lanpostu eskaintzatik gora jaso eta argitaratu dira webgunean, eta 2015 curriculum jaso dira.  Edonola ere, ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, eta azokan bertan entregatu daiteke curriculuma, eskura, bertan dauden erakusmahaietako edozeinetan. Azokan bertan, erakusketariek espazio bereiziak izango dituzte hautagaiei elkarrizketa pertsonalak giro lasaiago batean egiteko.

Lan-bilaketa aktiborako gaitasuna hobetzeko, azokak 20 hitzaldiz osatutako programa osagarri bat du. Hitzaldi horiek topaketarako, hausnarketarako eta sinergiak sortzeko foro izatea dute xede. Aurtengo programan bertako nahiz nazio mailako sektore turistikoko hainbat profesionalek parte hartzen dute. Otsailaren 26an, Turislanek ateak zabaldu eta berehala, Gorka Atorrasagastik eta Room Mate Group-eko bere taldeak hasiera emango diote hitzaldi programari. Azalduko dute nola iritsi den Room Mate Euskadira, eta zein diren bere negozio ereduaren ezaugarriak. Ondoren, eta Ostalaritza Elkartearen laguntzari esker, Domenec Bioscak kudeaketari lotutako erantzukizunak dituzten langileei zuzendutako hitzaldia eskainiko du. Izenburua hau da: «Zergatik lortzen dute arrakasta zuzendari batzuk eta beste batzuk ez?». Bere hitzaldiarekin, irakasle eta aholkulari turistiko kataluniarrak turismoaren arloko enpresak eta ETEak arrakastaz kudeatzeko hainbat aholku eta gako emango ditu.  Domenec Biosca Turismo Enpresen Zuzendari eta Adituen Elkarteko presidentea da, eta helmuga turistikoen kudeaketari buruzko 26 liburu idatzi ditu.

Lehenengo egunean zehar, hainbat entitate eta hizlarik parte hartuko dute, turismoaren arloan kalitatezko prestakuntza ematearen inguruan, bisitatzen gaituztenei harrera eta arreta onena emango dien kalitatezko sektore bat eraikitzeko. Hurrengo egunean, otsailak 27, helmuga arduratsu bat eraikitzeari buruz izango dira hitzaldiak. Sektoreko profesionalek parte hartuko dute, eta helmuga arduratsu bat sustatu beharrari buruz hitz egingo dute, hainbat ikuspuntutatik: irisgarritasuna, teknologia berriak, bizikidetza soziala, eredu turistikoaren jasangarritasuna eta berrikuntza ostatuen sektorean.

Edizio honetan zenbait hobekuntza egin dira, azokaren papera indartzeko. Berrikuntzetako bat da Ficobako III. pabilioian egingo dela aurten, handiagoa eta erosoagoa baita, eta, horrela, handitu egingo dira bileretarako zonaldeak, parte-hartzaileen eztabaidarako eta komunikaziorako espazio zabalagoak sortzeko.

Enplegu Azoka Aste Santuan hasten den goi denboraldiko kontratazioen atarikoa izango da. Batetik, topagune izan nahi du lan bila ari diren pertsonentzat eta turismo sektorean askotariko profilen bila ari diren enpresentzat; bestetik, plataforma izan nahi du turismoari lotutako ikasketak egin eta lehen lanpostuaren bila ari diren pertsonentzat, sektorean nolako garapen profesionala izan dezaketen ezagutu nahi dutenentzat edo orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat.

Gainera, turismoaren sektorearentzat interesekoak diren gai nagusien inguruko eztabaida sortzeko eta ezagutzak trukatzeko aukera ere emango du azokak. 

Turislanen parte hartzen duten enpresa batzuek bete beharreko lanpostuak izango dituzte; beste batzuek, berriz, etorkizuneko beharretarako lan poltsak osatzeko hautagai posibleak ezagutu nahi dituzte. Azokan parte hartzen dute, halaber, turismoaren sektorearekin lotutako proiektu profesionalak dituzten enpresek, hain zuzen, lankidetza bideak zabaltzeko eta iritziak trukatzeko beren proiektuak ezagutzera eman nahi dituztenek.

Denis Itxaso pozik dago azokaren bigarren edizio honetan jasotako erantzunarekin, bai sektorearen aldetik, bai lan bila dabiltzanen aldetik. Arrakasta honek erakusten du, bere iritziz, horrelako azoka bat beharrezkoa zela, eta aukera paregabea dela bai enplegu eskatzaileentzat, bai sektorearentzat berarentzat. Horregatik, espero du esperientzia berri honen emaitza ere oso positiboa izatea.

Itxasorentzat, TURISLAN, lan munduan txertatzeko aukera bat izateaz gain, “kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustu bat ere bada”. Bultzada berezia eman nahi diogu gure lurraldeak jomuga gisa duen kalitateari. Turislan azokak aukera ematen du formazioa emateko, esperientziak trukatzeko, irekitzekotan dauden hotel berriek beharko duten jendea kontratatzeko, eta turismoaren sektoreak lurraldearen ekonomian duen garrantzia geroz eta handiagoa ikusarazteko".

Azokaren ordutegia: otsailaren 26an 9.30etik 14.00etara eta 15.30etik 17.30era, eta otsailaren 27an 9.30etik 14.00etara. Euskotrenen geltokia han bertan dago.

http://turislan.ficoba.org/solicitud.asp?lng=es

  

1650