Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalekin elkarlanean bultzatuko du Aldundiak herritarren partaidetza

Udalekin elkarlanean bultzatuko du Aldundiak herritarren partaidetza

Euskadi eta estatu mailan aitzindaria izango den erakundeen arteko gune bat sortzea onartu du Gobernu Kontseiluak, baliabideak eta jardunbide egokiak partekatzeko

herritarren partaidetzarako gipuzkoako gunea

Gipuzkoan Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunea abian jartzeko dekretua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak; aurreikusten da udal guztiek eta foru erakundeak osatzea gune hori, indarrak batuz, eta baita atxikitzeko nahia azaltzen duten beste toki erakunde guztiek ere. Helburu izango du herritarren partaidetzarako politikak herri mailan sendotzea, baliabideak partekatuta, jardunbide egokiak eta arrakasta izan duten ereduak identifikatu eta konpartituta, eta sarea osatzen duten erakundeen artean aplikatuta.

Behin foru dekretua argitaratuta, udal bakoitzari dagokio orain atxikitzea, osoko bilkuran onartu ondoren. Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez, gune hori aitzindaria izango da Euskadi eta estatu mailan, eta “lankidetzan, konfiantzan eta herritarrei zabaltzeko asmoan oinarritutako gobernantza eredu baten alde Gipuzkoak egin duen apustuaren” barruan kokatzen da. 

Lasak azpimarratutakoaren arabera, indar politiko guztien babesarekin jaio da ekimena, eta organu berriaren osaketa zein horren egiteak haiekin adosteko lanketa egin da, ekarpenak eta iradokizunak kontuan hartuz. Asmo horrekin, joan den azaroan, topaketa egin zen 47 udaletako ordezkari politiko eta teknikoekin: “Eskertu egin nahi dut erakutsi duten prestutasuna. Gai izan behar dugu denon artean herritarren partaidetza alderdikerietatik kanpo uzteko. Uste dut bide onetik goazela”, esan du. 

Guneak modu autonomo eta independentean funtzionatuko du eta eskumen garrantzitsuak izango ditu -aurrekontuen ondorioetarako bakarrik atxikiko zaio Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuari-.  Tokiko erakundeetarako diru laguntzak zehaztuko ditu, lehentasunezko ekintza motak identifikatuta; herritarren partaidetzarako programa zehatzak bultzatuko ditu; hainbat programa diseinatu eta sustatuko ditu, prestakuntza, jardunaldi, topaketa, foro, mintegi eta tailerrak gauzatzera zuzenduta; eta gida metodologikoak jarriko ditu praktikan. 

Zeregin nagusienetako bat zailtasun gehien dituzten udalei, bereziki 5.000 biztanle baino gutxiagokoei, “era guztietako laguntza, aholkularitza teknikoa eta baliabideak” eskaintzea izango da, entzute aktiboen eta herritarren partaidetzaren politikak modu eraginkorrean gauzatu ahal izateko. Laguntza hori ekintza hauetarako erabiliko da, besteak beste: herritarren partaidetzako erakundeen erregistroak egiteko; udal araudiak edo ordenantzak prestatzeko,  elkarlaneko gardentasun programak garatzeko, eta datu irekiak eskaintzeko.

Gunearen ezaugarri nagusiena sarean lan egitea eta ezagutza nahiz esperientzia praktikoak trukatzea izango da, betiere herritarren partaidetzaren esparruan, non “etengabeko ikasketa eta irizpide-baterakuntza" funtsezkoak baitira gizartearen aldaketetara eta eskaeretara modu arrakastatsuan egokitzeko, eta prozesuak hobetzeko, Lasaren iritziz: “Zer egiten den bezain garrantzitsua da nola egiten den. Partaidetzan, ezinbestekoa da konpromisoak eta joko-arauak behar bezala definitzea. Asmatzeko, oso garrantzitsua da berritzea eta besteek egiten dutenetik ikastea”. 

Horrela, udalen sareak herritarren partaidetzako metodologia eta instrumentu jakin batzuk garatuko ditu, bereziki, herri kontsultak egiteko behar direnean, eta, halaber, informazioaren teknologiari eta baliabide telematikoei lotutako laguntza teknikoa emango du, batez ere udalerri txikienei. Halaber, estrategia komunak jarriko ditu martxan partaidetzazko aurrekontuen esparruan; eta parte hartze prozesuen eta eztabaida parte-hartzaileari lotutako erabakien ereduak zehaztuko ditu.

Duela gutxi indarrean sartu zen Euskadiko Tokiko Erakundeen Legera arrakastaz egokitzeko asmoz landu da Gune berria; izan ere, lege horrek udalei aplikatu beharreko herritarren partaidetzari buruzko arauketa zehatz eta zorrotza jasotzen du, alor horretan “erantzukizun berriak eta ugariak” planteatuta.  “Legeak ezartzen duenez, ezinbestekoa da herritarren partaidetzako bitartekoetan sakontzea Euskadiko toki esparruan gobernu ona finkatzeko. Politika egiteko modu berri baten aurrean gaude, politikak eta legeak herri mailan sustatu, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzeko zereginetan herritarrek izan behar duten protagonismoan oinarrituta. Eta Aldundiak bere gain hartzen du udalerriei laguntza eta lankidetza emateko konpromisoa”, azaldu du.

Erakunde arteko Gunearen osaketari dagokionez, hiru organo izango ditu: Gune Orokor edo Plenarioa, Gune Exekutiboa, eta foro teknikoak. Horien bitartez tamaina guztietako udalerrien ordezkaritza bermatuko da, eta kontuan hartuko dira sentsibilitate politiko guztiak. Egitura “arrunt” baten aldeko apustua egin da, Kontseiluetan oinarritutako egituren ohiko formatuak baztertuta, eta antolaketa malgua, dinamikoa eta agindu aldakorrei erantzuteko modukoa izango du.  “Partaidetzaren alorra tradizionalki instituzionalizatzen duten organoen funtzionamenduaren ohiko logikak agintzen duena baino urrutiago joan nahi dugu. Hemen ere desburokratizazioaren alde egin dugu”. 

Ekimenak EUDELen babesa jaso du sorreratik. Horrela, herritarren partaidetzako politikak koordinatzeko batzorde politiko-tekniko bat sortuko da Foru Aldundiaren eta Euskal Udalen Elkartearen artean, Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunearen funtzionamendu eraginkor baten alde lan egiteko, eta partaidetzako lurralde politikak euskal udaletan behar bezala koordinatzeko EUDELek egin beharreko lana sustatu edo errazteko. Halaber, baliagarri izango da alor horretan garatutako ekimen eta jarduerei buruzko informazioa trukatzeko.

Gunearen lehen osoko bilkura martxoan egingo da. Bertan onartuko dira urteko plangintza, diru laguntzak eta organoaren aurrekontua. Osoko Bilkurak, gainera, toki mailan herritarren partaidetzari lotutako bost esperientzia edo proiektu aitortuko ditu, eta horietatik hiru hautatuko dira sariak jasotzeko. Alor horretan ospea duten hiru pertsonek osatutako batzordeari dagokio botoaren erdia, eta beste erdia Osoko Bilkurako kideei. Urteko sari horren helburua da ekimen berritzaileak sustatzea eta zabaltzea, eta herritarren partaidetzako jardunbide egokien banku bat sortzea. 

Modu honetan, legealdi hasieran onartutako Kudeaketa Plan Estrategikoak jasotako beste helburu zehatzetako bat bete du Aldundiak. Honako ekintza zehatza aurreikusten du Planak, hitzez hitz: "Partaidetzaren aldeko Udalen Kontseilua martxan jartzea, sarean lan egitera eta alor honetako jardunbide egokien errekonozimendura bideratua

Ibilgailua Zaporeak ekimena garatzeko

Bestalde, Intxaurrondotik-Wukrora Intxaurrondoko Gastronomi Elkarteak egindako eskaera onartuz,  Kontseiluak onartu du ibilgailu bat lagatzea irabazi asmorik gabeko entitate honi, Grezian Zaporeak proiektuan erabil dezan. Proiektu horren xedea da jaten ematea Greziako Chios irlara iristen diren errefuxiatuei eta han lana egiten duten boluntarioei. Elkartea, dagoeneko, lanean ari da inguru hartan, eta aurreikusita dauka hara material eta janari gehiago eramatea; horretarako, ordea, ibilgailu bat behar du garraio hori egiteko.   

Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen arloan diharduten eragileei ematen dien René Cassin saria jaso du berriki Zaporeak proiektuak. Aldundiaren konpromisoa berretsi du Lasak, pertsona errefuxiatuen arretan aritzen diren Gipuzkoako elkarte guztiekin elkarlanean jarraitzeko, “eredugarritzat” jo baitu “elkartasuna eta giza duintasuna” defenditzeko egiten duten lana.

  

1611