Udalekuak 2023 programak 3.993 plaza eskaintzen ditu, Euskadiko haur eta gazteei zuzendutako programazio zabalarekin
Udalekuak 2023 programak 3.993 plaza eskaintzen ditu, Euskadiko haur eta gazteei zuzendutako programazio zabalarekin
Udalekuak 2023 programak 3.993 plaza eskaintzen ditu, Euskadiko haur eta gazteei zuzendutako programazio zabalarekin
Gipuzkoak 1.010 plaza eskaintzen ditu, Bizkaiak 1.288 eta Arabak 1.695. Izen-emateak martxoaren 20tik 28ra egingo dira Gipuzkoan, martxoaren 20tik 29ra Bizkaian eta martxoaren 22tik 31ra Araban.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek batera antolatzen dute Udalekuak 2023 udako kanpaina, Euskadiko haur eta gazteei zuzendutako jolas- eta hezkuntza-programen eskaintza zabala duena.2023ko kanpainan, hiru lurralde historikoetako 7 eta 13 urte bitarteko 3.993 haurrek hartuko dute parte. 1695 Araban, 1.288 Bizkaian eta 1.100 Gipuzkoan. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra egingo dira, biak barne.
María José Telleria Kultura eta Gazteriako diputatuak Udalekuak 2023 programa aurkeztu du gaur goizean Foru Jauregian. Berarekin batera egon dira Lorea Bilbao, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, eta Ana del Val, Arabako Kultura eta Kirol diputatua.
María José Telleriak adierazi duenez, “programa honen bidez, aisialdirako jarduerak eskaini nahi dizkiegu gure lurraldeko zein Euskadiko haur eta gazteei. Entretenimendua sustatzeaz gain, bizikidetza, errespetua, bizimodu osasungarria eta ingurumenaren garrantzia ere ikasten dira. Bizitzako etapa horretan beren garapen pertsonalerako oso garrantzitsuak diren esperientziak biziko ditu”.
Lorea Bilbao Ibarrak adierazi duenez “Garapen pertsonala zein taldekoa, bizikidetza eta gizarte kohesioa sendotzera bideratutako hizkuntza-, kultura- eta kirol-politikak garatzea da Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua. Eta hau adin txikietan hasten da. Horregatik, udalekuak helburu hori lortzeko tresna bikaina dira. Aurton be, euskeraren, kulturaren eta bertoko kirolaren aldeko apustua egin dogu, Udalekuak kanpainaren aurtengo edizinoaren elementu nagusi hartuta. Horregaitik, Bizkaiko Foru Aldundiak besteak beste, arlo horreetako jarduerak eskainiko ditu, gure umeak modu naturalean hurbildu daitezan gure historia eta kulturara; modu ludiko eta dibertigarrian”.
Bestalde, Ana del Val diputatuak azaldu duenez, «programa hau oso garrantzitsua da hiru aldundientzat; izan ere, programaren helburu nagusia da haurrei bizikidetzarako espazio ludiko bat eskaintzea, non beren autonomia pertsonala sendotuko duten, jarduera eskaintza zabal batekin, hala nola ingurumen jarduerak baserri-eskoletan, kirol jarduerak (piraguismoa, mendi-ibiliak edo bela) edo jolas jarduerak (jolasak, txangoak edo tailerrak), hau da, aukera paregabe bat neska-mutilentzat».
Udalekuak 2023 hiru lurraldeetan eta Nafarroan kokatutako 15 instalaziotan garatuko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Abaraxka (Azkoitia), Bertiz eta Irrisarriland-eko instalazioetan. Bizkaiak, berriz, zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz),
Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Legasako (Bertizarana) aterpetxeetan. Arabako Foru Aldundiak hiru instalazio jarriko ditu Udalekuak 2023 programaren esku: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazio horietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker; alabaina, parte-hartzaile bakoitzak erroldatuta dagoen lurraldean egingo du izen-ematea.
Haurrek kirol eta kultura arloko jarduerez gozatu ahal izango dute, hala nola museoetara egindako bisitak, txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gau-jaiak, gynkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jolasak, Laser Tag-ekin egindako jolasak, segway-a, mendiko bizikletako jaitsiera, arraunketa, piragua, kanoi-jaitsiera, pedaloia, optimist-a, wind surfa, disc golfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak (trontza, lokotxak, zakulariak, txingak, sokatira), via ferratak, baratzeko jarduerak, animaliekin egindako jarduerak eta elikadurari buruzko tailerrak, besteak beste. Halaber, inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak garatuko dira.
Instalazio bakoitzeko jarduerak kanpainaren liburuxkan eta aldundi bakoitzaren web-orrietan kontsultatu ahal izango dira.
Udalekuen helburu nagusia da haur horiei elkarbizitzarako gune ludiko bat eskaintzea, beren autonomia pertsonala sendotu ahal izateko. Filosofia horrekin, Udalekuak programaren edizio berri honek honako helburu hauek ditu: oporraldiez gozatzea erraztea; autonomia eta bizikidetza bultzatzea; aisia hezitzailea sustatzea; ingurune naturalera hurbiltzen eta ingurumena errespetatzen laguntzea; aisialdi-jardueretan euskara komunikazio hizkuntza gisa erabiltzea sustatzea; eremu bakoitzeko ohiturak eta kultura baliabideak ezagutaraztea; eguneroko bizikidetzan adiskidetasuna eta elkartasuna sustatzea, besteak beste; eta genero-estereotipoak eta -rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea.
Izen-emateak eta kuotak
Zozketarako izen-emateak egun hauetan egin ahal izango dira:
Gipuzkoa: martxoaren 20tik 28ra.
Bizkaia: martxoaren 20tik 29ra, 13:30a arte.
Araba: martxoaren 22tik 31ra.
Gehienez ere hiru parte-hartzaileko taldeetan egin ahal izango dira.
Plazen zozketa lurralde bakoitzean egingo da jendaurrean, egun hauetan:
Gipuzkoa: apirilaren 17a.
Bizkaia: apirilaren 26a.
Araba: apirilaren 19a
Aurten, honako kuota hau ezarri da:
Kuota orokorra: 135 euro.
Prezio horren barruan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio-zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, bai eta joan-etorriko garraioa ere jatorrizko lekutik (Donostia, Bilbo eta Gasteiz).
Gainera, lurralde bakoitzak hobariak ezartzen ditu gizarte-laguntzak jasotzen dituzten familientzat eta familia ugarientzat.Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) jasotzen dituzten familietako edo familia ugarietako haurrek eta gazteek hobaria jaso ahal izango dute kuotan.
Integrazioa
Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak. Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak –desgaitasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala dutenak– aisialdiko jardueretan integra daitezen sustatzeko, foru aldundiek plaza guztien % 5 gordetzen dute kolektibo horrentzat. Integrazio prozesu hori bermatzeko, kolektibo horiei arreta emateko elkarte espezifikoen laguntza izango dute aldundiek.
3202