Udalerri izaera berreskuratu du Itsasok, Foru Aldundiaren babesarekin
Udalerri izaera berreskuratu du Itsasok, Foru Aldundiaren babesarekin
Gorka Sasieta aukeratu dute batzorde kudeatzaileko presidente Osoko Bilkuran, diputatu nagusiak bertan dela
Udalerri izaera berreskuratu du gaur Itsasok, ofizialki bideari ekinez Gipuzkoako 89. herria bezala. Lehen Osoko Bilkura egin da bertan, Aldundiak deituta, Ezkiorekiko desanexioa gauzatu ondoren berari baitzegokion formalki deialdia egitea. Markel Olano diputatu nagusiak parte hartu du bilkuran, Itsasori ongietorria emanez gipuzkoar guztion izenean, itsasoarrei babesa eskainiz, eta Aldundiaren “elkarlanerako erabateko borondatea” adieraziz Itsasori eta bere batzorde kudeatzaileari, aurrerantzean eman beharreko pausoetan: “Bidelagun izan gaituzue orain arte, eta aurretik duzuen bidean ere laguntzeko dago Aldundia, behar duzuen guztian”. Bertan izan dira ere Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua, Luis Elicegui Araubide Juridikoko zuzendaria, Ezkio eta Itsasoko ordezkari instituzionalak eta eragileak, eta eskualdeko alkateak.
Ezkioko kontuhartzaile Martin Iparragirrek egin ditu idazkari lanak Itsasoko udal aretoan, Goiko Ostatu gisa ezaguna den horretan, egindako bilkurak. Hiru gai eduki ditu zerrendak: lehenik eta behin, adineko mahaia eratu da. Ondoren, Aldundiaren Gobernu Kontseiluak joan den asteartean, hilaren 10ean, hartutako erabakiaren berri eman da, Itsason eratu beharreko batzorde kudeatzaileko kideen izendapena, alegia. Batzorde horrek zuzenduko du udalerria eta kudeatuko ditu haren gaiak hurrengo udal hauteskundeak egin eta dagozkion gobernu organoak eratu arte.
Bertaratu direla eta haien nortasuna egiaztatu ondoren, batzorde kudeatzailearen bost kideek, Gorka Sasieta Barrenetxeak, Jose Maria Barrenetxea Aldanondok, Anttoni Okariz Gorrotxategik, Maria Isabel Olanga Zabalak eta Xabier Elgarresta Minteguik, onartu egin dute kargua. Azken udal hauteskundeetan, 2015ekoetan, Itsasori dagokion mahaian izandako emaitzen arabera osatu da zerrenda. Aldundiak ontzat eman zuen Ezkio-Itsasokoak (EIK) hautesle elkarteak egindako proposamena –berak irabazi zituen hauteskundeak, baleko 321 botoetatik 277 eskuratuta-.
Azkenik, batzorde kudeatzailearen kideek presidentea izendatzeari ekin diote; Gorka Sasieta izan da aukeratua aho batez, eta kargua onartu eta bere gain hartu du formalki. Sasieta buru duen batzordeari dagokio orain udalerria zuzentzea, bereizketa espedientearekin batera onartutako estipulazio juridiko eta ekonomikoen agiria betearaziz. Eragindako alderdi guztiek sinatu zuten dokumentu hori, eta egoera berria arautzen du, besteak beste, udal zerbitzuen prestazioari, Ezkio zein Itsasoko udaletako langileei, eta bien arteko lankidetza eta elkarrekiko laguntzari dagokienez.
Markel Olanoren hitzaldiak eman dio amaiera Osoko Bilkurari. Gipuzkoarentzat “egun berezia” dela adierazi du, “zor historikoa” kitatzen delako Itsasorekiko, “historikoki” izan duen, eta diktadura frankistapean, 1964an, ebatsi zioten udalerri izaera berreskuratuz. “Gaurkoan erabaki antidemokratiko bat erreparatzen da. Itsasoren garapena nabarmen baldintzatu zuen erabakia. Udalerri izatearen kontzientziak, ordea, bizirik iraun du itsasoarren lanari eta eginahalari esker. Gaurkoa, beraz, oso egun pozgarria da denontzat, haien borondatea gauzatzen delako, azken urteetan zehar, eta bereziki iaz egindako herri galdeketan oso modu argian adierazitako borondatea”.
“Eredugarritzat” jo du Itsasoren sorrera prozesua, inplikatutako eragile sozial eta instituzional guztien arteko “lankidetzan, elkarrekiko errespetuan eta sukalde lanean” oinarritu dela argudiatuta. Prozesua bultzatu duen Itsaso Bherria bizilagunen plataformaren lana goraipatu du, baina baita ezkiotarrek, eta Ezkioko Herri Plataformak, erakutsitako “enpatia eta zintzotasuna” ere. “Gaurkoan, berme legal, demokratiko eta parte-hartzaile guztiak eduki dituen bide orria borobiltzen da”, esan du Diputatu Nagusiak.
Olanok nabarmendu duenez, azken urteetan Itsasoko bizilagunek herria biziberritzeko egindako lana, jarduerak eta zerbitzuak antolatuz, “Gipuzkoaren auzolan ereduaren eta herrigintzaren”, eta “izaera kolektiboak duen garrantziaren” adibide ere bada. Herri txikien garrantzia, eta Aldundia “lurralde orekaren” alde egiten ari den apustu estrategikoa izan ditu hizpide, ildo beretik. “Landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzu integralak eta gizarte ongizatea lortu behar dugu, biztanleriari eusteaz gain, landa eremuak erakargarri eta lehiakor egiteko. Herri txikiak eta eskualdeak indartsu eta bizi nahi ditugu, ezinbestekoa baita helburu dugun Gipuzkoa lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea eraikitzeko”.
Azken errolda ofizialaren arabera, 165 biztanle edukiko ditu Itsasok. 1964an Ezkiorekin bat egin aurretik zituen lurralde mugak berreskuratuko ditu; 8,856 km2 inguruko azalera du; eta Azpeitia, Beasain, Ormaiztegi, Gabiria eta Ezkio udalerriak dauzka mugakide.
2/2003 Foru Araua du euskarri desanexioak. Izan ere, Arauaren bigarren xedapen iragankorrak, udalerri berria sortzeko exijitzen den gutxieneko biztanlegoaren baldintzatik kanpo -2.500 biztanle- uzten ditu frankismoan bat egitera derrigortuak izan ziren udalerriak. Estatuko legeak ere, 5.000 biztanle exijitzen ditu, baina arlo honetan eskumena Aldundiari dagokio, Autonomia Estatutuak hala ezarrita. Xedapen iragankor hau izan zen ere beste hainbat aurrekari ahalbidetu zituena, hala nola Leaburu, -lehen Leaburu-Gaztelu-; Altzaga, lehen Itsasondoko parte zena; edo Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain, garai batean Hiruerrieta izenarekin bat egindakoak.
1742