Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalerri txikietara helduko da Berdinbidean

Udalerri txikietara helduko da Berdinbidean

37 udalerrik parte hartu dute orain arte egitasmo honetan

2018/02/14
Lurralde osoko herrietara, aukera zabalik

Markel Olano diputatu nagusiak Miren Elgarresta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendariarekin, 10.000 biztanle azpiko herrietako 25 alkateekin, eta beste hainbat udal ordezkariekin batera, “Berdinbidean Gipuzkoa” egitasmoaren inguruko jardunaldi batean parte hartu du gaur. Lan saio horretan, zerbitzua indartuko duen berrikuntza aurkeztu da: 1.000 biztanletik beherako herrientzat orientazio zerbitzu berria eskainiko du Aldundiak. Izan ere, Gipuzkoako 69 herri txiki horietatik 32 direlako mila biztanle azpikoak.

2010. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak “Berdinbidean Gipuzkoa” egitasmoa martxan jarri zuenetik 10.000 biztanle azpiko lurraldeko 37 udalerri gerturatu dira programara eta berdintasun politikak abian jarri ahal izan dituzte. Guztira, bertan bizi diren 60.000 gipuzkoarrengan izan du eragina programa honek, eta kopuru hori handitzeko helburuarekin, Aldundiak mankomunitate eta udal txikiekin lan saio bat egin du gaur eta 2018-2019 urteetarako eskaintza luzatu zaie lurraldeko 10.000 biztanle azpiko eta berdintasun arlorik ez duten 61 udalerriei.

 

Berdinbidean programaren xedea da lurraldeko 10.000 biztanletik beherako herriei berdintasun politikak garatzeko eta indartzeko laguntza eskaintzea, beraien errealitatera moldatuz eta banakako berdintasunerako planifikazioak egiten lagunduz. Berdintasun politika eta ekintzak abian jartzeko zailtasunak dituzten herriak dira hauek, batez ere, giza baliabide faltagatik. Programa, metodologikoki, hiru ardatzen inguruan egituratzen da: Lan-mintegi orokorrak, prestakuntza saioak eta banakako nahiz taldeko aholkularitza. Aurrera eraman diren lan ildoak berriz genero mainstreaming eta gobernantza, balioen aldaketa eta emakumeen jabekuntza, eta indarkeria sexista izan dira.

 

Markel Olanok Aldundiaren emakume eta gizonen berdintasunerako konpromisoa berretsi du, izan ere “Gipuzkoa, pertsonen arteko desberdintasun gutxien duen lurraldea izatea dugu helburu, baita sexuen arteko berdintzeari dagokionez ere” azpimarratu du. Ildo horretan, Gipuzkoa esparru estrategikoetan erreferente izan dadin “EtorkizunEraikiz-en baitan egitasmo ezberdinak jarri ditugu martxan, aitzindariak eta erreferente izan gaitezen berdintasuna bezalako arlo garrantzitsuenetan” gailendu du. Era berean, Berdinbidean proiektuak Gipuzkoak duen beste erronketako bati erantzuten diola ere gogorarazi du Olanok, “egitasmo honek lurralde orekaren ikuspegitik garrantzi handia du, askotan herri txikiek dituzten baliabide eta aukera ezari erantzuten baitio”.

 

Burutu berri den 2016-2017 urteetako azken fasean 18 udalerri (Aizarnazabal, Alegia, Altzo, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Getaria, Ikaztegieta, Irura, Lazkao, Legorreta, Mutriku, Segura, Urnieta, Villabona, Zaldibia, Zestoa eta Zizurkil) eta 2 mankomunitate (Bideberri eta Saiaz) izan dira parte hartu dutenak, guztira 25 herri inplikatu direlarik. Hauen ibilbidea ezagutzeko, lan-ildo bakoitzetik esperientzia bana aukeratu mahai inguru batean aurkezteko. Horrela, Urnietako Udalaren emakumeen aurkako indarkeriaren biktima direnentzako arreta hobetzeko esperientzia ezagutu da, Legorretako Udalak berriz indarkeria matxistaren prebentzioa haur eta nerabeen artean sakontzeko esperientzia aurkeztu du, eta azkenik, emakumeen ahalduntzerako Saiaz Mankomunitateren esperientzia ezagutu dute bertaratutako guztiek.

Miren Elgarrestak, jardunaldira gerturatu diren udal eta erakunde ordezkari guztien parte hartzea eskertu du, “lurralde honek berdintasunaren aldeko konpromisoaren adierazle baita”, gehitu du. Era berean, eta aurrera begira, konpromiso hori mantentzea eskatu die, eta ahal den neurrian, Berdinbidean programaren eskaintza berrira gehitu daitezela. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak emakume eta gizonen arteko berdintasuna helburu duten tresnak gogora ekarri ditu: Aurre! Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko foru plana, Kontziliazio erantzunkiderako Foru Plana edota Indarkeria sexistari erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala, besteak beste. Izan ere, euskarri guzti horiekin, eta erakunde nahiz gizarte guztiaren inplikazioaren, Gipuzkoak nabarmenki aurrera egingo du berdintasunaren alorrean.

  

1596