Udan ekingo zaie Urretxuko GI-3771 errepidearen zorua birgaitzeko lanei
Udan ekingo zaie Urretxuko GI-3771 errepidearen zorua birgaitzeko lanei
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urretxuko Udalaren lankidetzari esker, herriko hegoaldeko errepide hau osorik eraberrituko da 2024 urtean. Milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa egingo dute erakundeek errepide honetan.
Urretxu hegoaldeko GI-3771 errepidea birgaitzeko lanekin aurrera egiteko konpromisoa berretsi dute gaur Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Jon Luqui, Urretxuko alkateak. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak iazko apirilean sinatu zuten errepide honen trazatu guztian hainbat jarduketa bideratzeko hitzarmena eta jarraipen bilera egin dute gaur goizean, lankidetza honen hurrengo urratsen berri emateko asmoz. Une honetan jada Pagoeta auzoko lerradurak egonkortzeko lanak amaituta daude eta uda honetan ekingo zaie GI-3771 errepideko birgaitze lanen lehen tarteari. Zentzu honetan, erakunde arteko lankidetzaren balioa nabarmendu du foru diputatuak, “legealdiko konpromisoa delako udalekin elkarlana estutzea, tokiko behar eta eskaerei entzunez; errepideak funtsezkoak baitira bizi-kalitate on baterako eta, lehen mailako zein bigarren mailako sarekoak izan, errepideak egoera onean mantenduko ditugu”. Obrak amaitzen direnean, hain zuzen, errepide osoa udal eskumenekoa bihurtuko da, bi erakundeek sinatutako hitzarmena betez. Bi erakundeek guztira, 1.022.290 euroko inbertsioa egingo dute errepide honetan.
Hiru jarduera-esparru hartzen ditu hitzarmenak eta lanak fase eta denbora ezberdinetan bideratzen joan dira, iazko udan hasita. Hala, GI-3771 errepidean egon ziren luiziek eragindako kalteak konpondu dira jada eta, datozen hilabeteetan birgaitze lanei ekingo zaie: batetik, Aparicioko biribilgunetik hasita, Ipeñarrietako zuzengune osoaren zorua eraberrituko da eta, bestetik, GI-3771 errepidearen gainerako ibilbide osoa birgaituko da.
Hala, lerraduren konponketei dagokienez, lanak jada eginda daude. 2021eko abenduan izandako euriteek bi luizi eragin zituzten Pagoeta auzoaren bi hegaletan. Lerradura konpondu eta arazoa saihesteko lanak eginak daude dagoeneko, 479.764 euroko aurrekontuarekin. Aldundiak eta Udalak erdibana finantzatu (% 49-% 51) eta Udalak lizitatu eta exekutatu ditu egonkortze-jarduketa hauek. Alkateak azaldu duenez, lanak 2023ko abuztuan hasi ziren, sei hilabete iraun dute, eta duela gutxi amaitu dira, obrako azken lan txikiak egin ondoren. Lan horiek “lehentasunezkoak” izan direla nabarmendu du Luquik eta inguru horrek eta luizien eragina jasan zuten etxebizitzek segurtasun handiagoa dutela azaldu du. Honekin lotuta, Udalaren izenean alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie eraginpeko lurzatien jabeei, haien eskura jartzeagatik eta aldi baterako okupazioa errazteagatik, bai eta obrak egiten diren bitartean emandako laguntzagatik ere.
Tarte horretako lanak eginda, errepidea osoaren zorua birgaitzeko konpromisoarekin jarraituko du Aldundiak. Birgaitze horrek bi fase izango ditu. Alde batetik, Ipeñarrietako zuzenguneko lanak egingo dira. Tarte honetan, Aldundiaren finantzazioarekin (206.526 euro)
gauzatuko dira obra hauek baina, hemen ere Udalak bideratuko ditu lanak, tartean urbanizazio jarduketa batzuk ere egingo baitira, Udalaren ardurapekoak.
Bigarren tartea Pagoeta auzo inguruko errepidea izango da, 2024an zehar egingo dena, udan honetan bertan hasita eta hiru hilabeteko exekuzio epearekin. Birgaitze honek 336.000 euroko aurrekontua izango du eta Bide Azpiegituretako departamendua arduratuko da lanez.
2036