Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bide berri batek bigarren sarbide bat emango dio Mendaroko Garagartza auzoari

Bide berri batek bigarren sarbide bat emango dio Mendaroko Garagartza auzoari

Gipuzkoako Foru Aldundiak Mendarorako erabaki historikotzat jo du errepide-sare nagusitik bertara iristeko bigarren sarbide bat egiteko proiektua, gaur egun zubi baten mende dagoelako.

2022/06/22
Mendaro

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Mendaroko udaletxean aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Mendaron bigarren sarbide bat eraikitzeko egin duen proiektua. Sar-bide berriak 840 metroko luzera izango du, hiru biribilgune eta Deba ibaiaren eta trenbidearen plataformaren gainetik joango den 102 metroko zubi bat.

Agerraldian, Oiarbidek, herriko alkate Iñaki Arregirekin batera, Mendarorentzako erabaki historikotzat jo du zubi baten mende dagoen Gipuzkoako udalerri bakarrerako, errepide nagusitik sartzeko bigarren sarbide bat egiteko proiektua. Diputatuak eraikuntza berriak izango dituen ezaugarriak azaldu ditu, herriko hiri-sarearen eta eskualdeko ospitalearen arteko irisgarritasun-baldintzak nabarmen hobetuko baititu. «Garagartza auzora zubi batetik baino ezin da iritsi, sarrera bakarra du, eta geometria zorrotzekoa, ibilgailu astunen eta autobusen biraketetan zailtasunak dituena, batez ere». Mendaro, eta, oro har, Debabarrena, azken urteetan indarra galdu duen eskualde industriala da, baina berriro indartu daiteke, eta azpiegitura onak izatea funtsezkoa da, bai pertsonen ongizaterako, bai garapen industrial eta ekonomikorako”, azaldu du diputatuak.

          Iñaki Arregi alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuaren lana eta konpromisoa eskertu eta balioetsi ditu: "Urte askoan geldirik egon den proiektu bat suspertzea lortu dugu, elkarrekin. Legegintzaldiko lehentasun nagusietako bat sarbide berriaren proiektua berriro martxan jartzea izan da, eta hasiera-hasieratik, udalak Bide Azpiegituretako departamentuarekin batera lan egin du ingurumen-azterlanean, azterketa topografikoan eta aurreproiektuan, eta aurreproiektua proiektu bihurtuko da datozen hilabeteetan. Konpromisoa argia da eta apustua handia. Mendaroren etorkizunerako ezinbesteko proiektua da, herritarren bizi-kalitatea esponentzialki hobetuko duena, gure sektore ekonomikoari erraztasunak emango dizkiona eta, bereziki, herri osoaren bide-segurtasuna hobetzen lagunduko duena. Gaur harri bat jarri dugu eta jartzen jarraituko dugu, Mendaro hobea egiten jarraitzeko».

          Proiektuaren aurkezpenean, diputatuak azaldu du hainbat azterlan egin direla N-634 errepidetik Garagartzako gunera bigarren sarbide bat egiteko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Mendaroko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) proposatutako sarbidetik abiatuta garatu duena dela aurkeztutako irtenbidea.

          Proiektuari dagokionez, lehenengo biribilgunea N-634 errepidean eraikiko da, 36 metroko kanpo-diametroa izango du, eta errepide nagusiaren eta bide berriaren arteko elkargunea antolatuko du; 42 metroko kanpo-diametroa duen bigarren biribilgune batek Igartualdea eta Erramon poligonoak lotuko ditu bidearekin, eta hirugarren biribilgune batek, Mendaroko ospitalea lotuko duenak, 34 metroko kanpo-diametroa izango du,.

          Mendaroko udalerria Deba ibaiak eta N-634 errepideak banatzen dituzten bi herrigune nagusik osatzen dute. Garagartzarako ibilgailuentzako sarbide bakarra 60 metroko luzera duen zubia da, N-634 errepideko 51,850 kilometro-puntuko biribilgunetik Deba ibaiaren gainetik eta Eusko Trenbide Sarearen trenbidearen gainetik igarotzen dena. 370 metro ibaian behera, oinezkoentzako pasabide bat dago, bi auzoak lotzen dituena.

          Diputatuak nabarmendu nahi izan du sarbide berria ez dela Mendaroko udalerrirako soilik hobekuntza nabarmena izango, Debabarreneko eskualde osoari mesede egingo diola, ospitalera bide-segurtasun handiagoarekin eta sarbide hobeekin sartzeko. “Ibilgailuen trafikorako bideaz gain, oinezkoentzako ibilbide bat ere aurreikusten da, ibaiaren bi ertzak lotuko dituena, eta jarduera hori oso garrantzitsua da mugikortasun iraunkorrerako”, Bide Azpiegituretako diputatuak zehaztu duenez.

          Aurreproiektuak hirigintzan, hidraulikan eta ondarean duen eraginari buruzko balorazioa jasotzen du, eta hasierako kontsultak egin ahal izan zaizkie eragindako administrazioei. «Laster hasiko gara bide-konexio berria egiteko proiektua idazten, eta sei hilabeteko epean amaituko da», amaitu du Aintzane Oiarbidek.

  

2971