Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Untzi Museoak gertakari historiko ia ezezagun baten berri ematen du "Zoriontasunaren Bilaketa" erakusketan

Untzi Museoak gertakari historiko ia ezezagun baten berri ematen du "Zoriontasunaren Bilaketa" erakusketan

Untzi Museoak Pasaiako Itsas Jaialdia aberasten du, erakusketak testuinguruan jartzen baitu L’Hermione fragataren erreplikara egindako bisita.

2018/03/09

Ekimen honen bidez, Untzi Museoak 2018ko maiatzean izango den Pasaiako Itsas Jaialdiaren proiektu kulturala aberasten du, erakusketak testuinguruan jartzen baitu L’Hermione fragataren erreplikara egindako bisita.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak, Pasaiako alkate Izaskun Gomezek eta Untzi Museoko Raul Perez Iratxeta zuzendari nagusiak eta Xabier Alberdi Lonbide zuzendari zientifikoak komunikabideen aurrean aurkeztu dute «ZORIONTASUNAREN BILAKETA. Euskal ekarpena AEBko independentziari» aldi baterako erakusketa.

Untzi Museoaren erakusketaren bidez, gure itsas historiaren pasarte ia ezezagun bat ezagutarazi nahi da: Euskal Herriak Ipar Amerikako hamahiru kolonia britainiarrei laguntza eskaini zien Britainia Handiaren aurka eta beren independentziaren alde borrokatzeko, 1776an.

Kolonoek Europako hainbat nazioren laguntza izan zuten. Testuinguru horretan, euskal portuetatik, Bilbok bereziki, armak, munizioa, uniformeak eta laguntza teknikoa bidali ziren, horretarako euskal merkatariek kolonia britainiarretako merkatariekin ezarriak zituzten merkataritza eta kontrabandoko bideak baliatuz. Laguntza hori erabakigarria izan zen independentzia aldarrikatzen zutenek garaipena erdiesteko.

Izan ere, gure lurraldean, aduana egoera onuragarriaz gain, hainbat faktore zeuden, zeinak eragin baitzuten harreman bizi bat sortzea itsasoaren beste aldeko nazioekin, funtsezkoa izan zena Independentzia Gerraren amaierarako, hala nola Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren norabidea, euskal merkatarien eta iparramerikarren arteko harreman estuak, eta gerrarako estrategikoak ziren ondasunen fabrikazioan espezializatutako ekoizpen sektore garrantzitsua (armagintza eta ontzigintza).

Azpimarragarria da Soraluzeko Armen Errege Fabrikak eta Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak laguntza horretan izan zuten garrantzia eta protagonismoa, haiek izan baitziren nazioarteko gatazka horretan behar zituzten baliabide beliko gehienen hornitzaileak.

Erakusketan ikusgai daude hainbat objektu, arma, dokumentu eta garaiko material grafiko, originalak nahiz erreprodukzioak. Objektu horietako batzuk museoaren bildumakoak dira (Gordailua); beste batzuk, berriz, partikularrenak dira, bai eta erakundeenak ere, hala nola Koldo Mitxelena Kulturunea, Aquariuma, San Telmo Museoa, Eibarko Arma Industriaren Museoa, Hondarribiko Udala eta Association Hermione. Eskerrak ematen dizkiegu guztiei lankidetzagatik.

Erakusketa ikusteko doako bisita gidatuak eskainiko zaizkie herritar guztiei, asteartetik ostiralera, 17:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Ez da aldez aurretik erreserba egin behar.

 

Bisitatu L’Hermione maiatzean, Pasaiako Itsas Jaialdiaren barruan

Untzi Museoak hainbat ekimen abiarazi ditu, eta horiek aberastuko dute 2018ko maiatzaren 17tik 21era egingo den Pasaiako Itsas Jaialdiaren arlo kulturala. Erakusketa hau horietako bat da, hain zuzen, L’Hermionen erreplika bisitatzeko testuingurua ematen baitu. Fragata horretan, Lafayette markesak Estatu Batuetara bidaia egin zuen 1780an, independentziaren aldeko borrokan, Zoriontasunaren bila, ari ziren matxino amerikarrekin bat egiteko. Aurki ezagutaraziko dira Pasaiako Itsas Jaialdiaren barruan Untzi Museoan egingo diren gainerako jarduerak.

 

Erakusketaren fitxa teknikoa

«ZORIONTASUNAREN BILAKETA. Euskal ekarpena AEBko independentziari»

2018ko martxoaren 9tik irailaren 30era.

 

Ordutegia:     Asteartetik larunbatera: 10:00-14:00 / 16:00-19:00

Igandeak eta jaiegunak: 11:00-14:00 / udan arratsaldez ere bai

Astelehenetan itxita.

 

Tarifak:          Sarrera arrunta: 3,00 €

                        Sarrera murriztua: 1,50 €

  

230