Uraren Mundu Eguna
Uraren Mundu Eguna
Uraren Mundu Eguna dela eta adierazpen bat sinatu da Gipuzkoako Foru Aldundian.
Martxoaren 22an Uraren Mundu Eguna ospatzen dela-eta, adierazpen hau egiten dute José Ignacio Asensio Bazterra Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak, Olatz Peon Ormazabal Gipuzkoako Ur Kontsortzioko lehendakariak, Maije Zelaia Egiguren Añarbeko Uren Mankomunitateko lehendakariak eta José Antonio Santano Clavero Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariak:
ADIERAZPENA
Nazio Batuen Ingurumen eta Garapenari buruzko Konferentziak, zeina 1992ko ekainean egin baitzen, Batzar Nagusiari proposatu zion Uraren Mundu Eguna deklara zezala.
Handik hilabete batzuetara, urte bereko abenduaren 22an, Nazio Batuen 93. Batzar Nagusiak erabaki zuen urte bakoitzeko martxoaren 22a deklaratzea Uraren Mundu Eguna.
Harrezkero, Uraren Mundu Egunak berariazko alderdi bat azpimarratzen du ur gezarekin zerikusian. Hala, 2016ko gaia hau da: Ura eta enplegua; 2015ean, berriz, Garapen iraunkorra izan zen; eta datorren urtean, hondakin uren kontuari ekingo dio Egunak.
Beren Ebazpenean, Nazio Batuek errealitate hirukoitz bat azaldu zuten Adierazpena justifikatzeko. Errealitate horrek ezin hobeki islatzen du zer helburu dituen Uraren Mundu Egunaren ospakizunak: lehenik, azpimarratzea zer-nolako ekarpena egin dien urak gizarte ongizateari eta ekonomiari; bigarrenik, salatzea nola urak, Lurreko toki askotan, gizakien eta ekonomiaren garapena mugatzen duen; eta hirugarrenik, agertzea kontzientziazioa giltzarri dela –udal, eskualde, nazio eta nazioarte eremuetako kontzientziazioa– uraren kontserbazio eta antolaketa iraunkorra sustatzeko.
Kontrakoa pentsa bazitekeen ere, ez dute indarrik galdu Deklarazioaren eragile izan ziren hiru gogoeta horiek, eta gaur ere, orduan bezala, jarraitu behar da jakinarazten ur tanta baten barruan ezkutatzen den balio multzo hori.
Komeni da gogoraraztea nola, orain dela ez urte gehiegi, nahiz eta Gipuzkoan plubiositate indize altua egon, ohiko gauza zen udaldian arazoak izatea ur hornidurarekin eta ur eteteekin, eta gure ibaiek itsasorantz bideratzen zituzten gure etxebizitza eta industrietako hondakin urak, inolako arazketarik gabe.
Hala ere, 80ko urteetatik gaur arte egindako ahaleginei esker, Gipuzkoa postu goren batean dago azpiegitura hidraulikoen rankingean. Halako ikuskera estrategiko batek ahalbidetu du azkeneko 30 urte honetan emandako jauzia, hots, Gipuzkoako lurraldean elkarren segidan egondako foru eta udal gobernuek partekatu duten ikuskera batek, zeinak berekin ekarri baititu inbertsio batzuk, denboran iraun dutenak, eta gainera, norabide zuzena hartu duenez, aukera eman baitu azpiegitura batzuk eraikitzeari aurre egiteko. Azpiegitura horietarako, beharrezkoa zen erakunde guztiek esku hartzea, hasi Europar Batasunetik eta Gipuzkoako herririk txikieneraino.
Gaur egun, esan dezakegu amaituta edo ia amaituta dagoela azpiegitura hidrauliko handien eraikuntza, nahiz eta oraindik falta diren obra puntual baina garrantzirik gabeko batzuk, zenbait ibaitako puntu kritikoetan, pertsonen eta ondasunen segurtasuna hobetzeko, eurite handiak izanez gero
Gipuzkoako ur hornidurako eta saneamenduko sistemaren oinarrian, hiru erakunde daude, Gipuzkoako udalek eratuak, ur baliabideen kudeaketa mankomunatu bat egiteko. Hala, Añarbeko eta Txingudiko mankomunitateek, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin batera, zeinean Foru Aldundia partaide baita, ur baliabide hauek kudeatzen dituzte: 9 urtegi, lurpeko uretara iristeko 12 putzu, 17 araztegi, hondakin uren 9 trataleku, eta milaka kilometro hodi eta kolektore.
Azpiegitura hidraulikoen halako mailara iristeko, 1.200 milioi euro inguruko inbertsio ahalegina egin dute azkeneko 30 urte honetan erakundeek, hau da, Gipuzkoako, EAEko, Estatuko eta Europakoek.
Planetako beste leku batzuen aldean dugun egoera abantailatsu horrek, ordea, konplazentziara eraman beharrean, areagotu egin behar du Gipuzkoaren konpromisoa urak ordezkatzen dituen balioekiko, eta edateko ura eskuratzea bermaturik ez duten 900 milioi lagunenganako elkartasunarekiko eta saneamendu segururik ez duten 2.600 milioi lagunenganako elkartasunarekiko, horrek berekin baitakar mundu osoko milioika neskatila eskolara ez joatea, beren etxeak urez hornitzeko ardura dutelako, eta milioi eta erdi neska-mutil hiltzea, urtero, edateko txarrak diren urek eta ur kutsatuek eragindako gaixotasunengatik.
Horri lotu behar zaio uraren erabilera bat, zeinak, sarritan, planetako ekosistema askoren osasuna hausten baitu, modu atzeraezin batean.
Egitate horiek hausnarrarazi egin behar gaituzte, eta gizadi osoari dagokion lantegi batean inplikarazi.
Uraren Mundu Egunak, aurten, goiburu hau du: Ura eta enplegua. Izan ere, urak zuzeneko lanpostu mordo bat sortzeaz gainera, beste asko eta asko ezingo lirateke existitu bera gabe.
Gipuzkoaren historia eta garapen industriala zuzenki lotuta daude urarekin eta ibaiekin. Aspaldiko burdinolak aitzindariak izan ziren gipuzkoar erako jakintza batean, zeina gaurdaino iritsi baita.
Gipuzkoan beste inon baino hobeto dakigu zein funtsezkoa den ura enplegurako, eta, jakitun gara, baita ere, bidezkoa dela etorkizuneko belaunaldientzat eta naturarentzat berarentzat ere, leheneratzen bukatzea eta jatorrizko egoerara itzultzea bere garaian erabili zena, oraingoak ez bezalako irizpideekin, gure lurraldeak duen garapen mailara iristeko.
Azken batean, Uraren Mundu Egunean, hau da gure konpromisoa: uraren kudeaketa integralean aurrera egitea, ekosistema urtarrak zeharo berreskuratzeko; uraren kudeaketa arrazional bat egitea eta haren azken kontsumitzaile guztiak animatzea hala egin dezaten; urari lotutako kontzientzia zibikoa eta balioak zabaltzea, haurren eta gazteen artean, batez ere; udaletako eta Foru Aldundiko lankidetza-arduradunei helaraztea komenigarria dela egoerarik ahulenean dauden herrialdeetan uraren hornidurako eta saneamenduko baldintzak hobetuko dituzten proiektuei eta programei laguntzea; eta ateak zabaltzeko egun bat antolatzea, urtero, urtegietan, araztegietan eta hondakin uren tratalekuetan, baliabide gisa, herritarrak sentsibilizatzeko eta denon ahaleginarekin eta profesionalen lanarekin eraikitako eta mantendutako azpiegitura batzuetara hurbiltzeko.
1594