Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Urnietako Udalak eta Aldundiak elkarlanean jardungo dute udal kiroldegia berritzeko

Urnietako Udalak eta Aldundiak elkarlanean jardungo dute udal kiroldegia berritzeko

Herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten da Aldundiaren helburua

Pagola: “Urnietako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskertu nahi dio Kirol eta Kultura sailen bidez eskainiko duen kolaborazioa, izan ere, bi ekarpenetan banatuta 470.000 euro inguruko ekarpen orokorra gauzatuko du 8 milioi inguruko kostua izango duen kiroldegiaren erreforma aurrera eramateko”.

Itxaso: “Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”.

Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

Mikel Pagola Urnietako alkateak eta Denis Itxaso, Kultura eta Kiroleko Diputatuak hitzarmen bat sinatu dute  gaur eguerdian Urnietako udal kiroldegiaren birmoldaketan kolaboratzeko. Proiektuaren kostu osoa 8 milioi euro ingurukoa izango da eta gaur sinaturiko hitzarmenaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol sailak 249.880 euro jarriko ditu erreformaren lehenengo faserako, zeinak barne hartzen dituen 0 kotaraino eraikitzeko fasea eta ondorengo kapituluak: eraispenak, eraisketak eta hondakinak; lur mugimenduak; eta zimendatzea, forjaketa sanitarioa eta zolatak.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Itxasok nabarmendu duenez, "planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du". Ondorengoa ere gaineratu du Itxasok: “Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”. 

Hain zuzen, Diputazioko Kultura sailak 220.000 euroko beste ekarpen berri bat eskainiko du. Kopuru hori kirol eraikinaren barruan erabilera soziokulturala izango duten espazioetara bideratuko da. “Diputazioak oso modu positiboan baloratu du kiroldegiaren barruan erabilera sozialetara bideratuko diren espazioak egotea, izan ere, espazio horiek herriko elkarte eta eragile desberdinek erabiliko dituzte, eta arrazoi horrengatik emango digu bigarren diru-laguntza” azaldu du Mikel Pagola Urnietako alkateak.

Beraz, Diputazioak egingo duen ekarpen osoa 470.000 euro ingurukoa izango da, 8 milioi euro inguruko kostua izango duen kiroldegiaren erreformaren barruan. Horrenbestez, “Urnietako Udalak Diputazioari eta bereziki Kirol eta Kultura sailei eskertzen die proiektu hau aurrera eramateko gauzatuko duten ekarpena, hala Urnietak erabiltzaileen beharretara egokitzen den kiroldegi bat izango du eta: bai banakako erabiltzaile diren herritarren beharretara, bai kirol federatuan dabiltzan pertsonen beharretara, eta baita eskola kirola egiten duten umeenak beharretara ere” zehaztu du Pagolak.

Bai Urnietako Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Aprobatuta erreformarako proiektua

Kiroldegiaren erreformarako proiektua 2018ko abenduaren 17an ospaturiko udalbatzarrean onartu zen, eta laster aurkeztuko da herritarren aurrean kiroldegiak izango dituen ezaugarriak eta eskainiko dituen zerbitzuak lehen eskutik ezagutu ditzaten.

Behin kiroldegiaren erreformaren proiektua onartuta, 2018ko abenduaren 21ean ospaturiko udalbatzarrean onartu ziren obraren pleguak, zeinak Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman publikatu ziren. Orain, interesa duten enpresek haien proposamenak aurkezteko epea dute 2019ko otsailaren 14ra arte.

Gero, Udaleko teknikariek jasotako proposamen guztiak aztertuko dituzte, eta azkenik, obra esleituko dute. Esleipena gauzatu ostean hasiko da erreforma. Udako denboraldia amaitutakoan izatea aurreikusten da.

 

 

  

1956