Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Urnietako sektore industriala zein sozialaren etorkizuneko desafioak gertutik ezagutu ditu diputatu nagusiak

Urnietako sektore industriala zein sozialaren etorkizuneko desafioak gertutik ezagutu ditu diputatu nagusiak

Aldundiak eta Urnietak estrategiak partekatu dituzte herriko ekonomia eta ongizatea bultzatzeko

2018/06/08
Urnietako sektore industriala zein sozialaren etorkizuneko desafioak gertutik ezagutu ditu diputatu nagusiak

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Urnietako etorkizuneko desafioak bertatik bertara ezagutu ditu, bertako alkate Mikel Pagolaren eskutik, Buruntzaldeako herri honetara gaur goizean egindako erakunde bisitan. Eskualdean erreferente diren enpresa eta eragileekin lan bilerak egin dituzte eta bi erakundeen estrategia ekonomikoak lerrokatzea adostu dute, tokiko ekonomiari eta ongizateari bultzada ematearren.

Markel Olano diputatu nagusiak iragarri du ezinbestekoa dela herrietara bertaratzea, “udal ordezkariekin eta agente ekonomiko eta sozialekin batera, etorkizunera begira tokiko beharrak, proiektuak, ideiak eta estrategiak ezagutzeko”. “Garrantzitsua da erakundeok babesa ematea etorkizunaren oinarriak ezartzen ari diren enpresa zein elkarteei”, gehitu du. Mikel Pagola alkateak ere ildo beretik hitz egin du eta nabarmendu du garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza uztartzea, elkarlanean herri eta lurralde gisa ditugun desafioei aurre egiteko.

Diputatu nagusiarekin eta alkatearekin izan dira, baita ere, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako zein Gizarte Politikako foru diputatuak, Ainhoa Aizpuru eta Maite Peña, hurrenez hurren. Bileran parte hartu dute, baita ere, Urnietako Udaleko Lurralde zein Sustapen eta Garapen Pertsonaleko zinegotziak, Jorge Segurado eta David Rosco.

Goizean udal ordezkariekin bilera izan ondoren, hainbat enpresa eta instalazio bisitatu dituzte, besteak beste, Pausoka elkartea. Gurasoen elkarte honek behar bereziak zein desgaitasun anitza duten umeekin lan egiten du. Haur horien integrazioa, eskubideak eta ongizatea lortzea dute helburu, edozein dela ere arloa (lana, ikastola…). Elkarte honek egiten duen lana goraipatu du Markel Olanok, Pausokak martxan dituen ekimenen xehetasunak ezagutu ondoren, “ezin hobeto” irudikatzen baitu Gipuzkoak desberdintasunei aurre egiteko duen etorkizuneko erronka eta estrategia.

Ondoren, Urnietan garrantzia berezia duen industria sektorea ezagutzea xede, Iner eta Ipiranga enpresak bisitatu dituzte. Biak ala biak makina erremintaren arloko kooperatibak dira, zehaztasun mekanizatuaren eta torlojuen fabrikazioan dihardutenak, hain zuzen ere. “Berrikuntzan eta industria 4.0n oinarritutako enpresa ereduak dira, puntako teknologia erabiltzen dutenak, etorkizuneko tendentziak aurreikusiz”, adierazi du Markel Olanok. Horren harira, diputatu nagusiak ziurtatu duenez, “lankidetzan ari gara Urnietak eta Buruntzaldeak arlo ekonomikoan zein industrialean eskualde indartsua eta garatua izaten jarrai dezaten”, sinetsita baitago “ekonomiaren eta berrikuntzaren aldeko apustu hori ona izango dela eskualdearentzat eta Gipuzkoa osoarentzat”.

Gaurko eguna osatzeko Basitegi ikustera joan dira. Oiloak eta txerriak era ekologikoan hazten dituen baserri hau Vanesa Barriuso emakume ekintzaile batek sortua da. “Ezinbestekotzat jotzen dugu gure baserritarren lana eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera azpimarratu eta aldarrikatzea”, gehitu du. Basitegi baserriak bi ustiategi agropekuario ditu, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorea bere jarduera modernizatzeko egiten ari den ahaleginaren adibide da. Ekintzailetasunean oinarrituz, etorkizun laburrean landetxe bat eraikitzeko proiektua bertatik bertara ezagutu dute foru ordezkariek.

“Gaurkoa bezalako bisitekin lehen eskutik ezagutzen ari gara Gipuzkoako udalerritan dauden behar eta erronka nagusiak. Erakunde arteko bilera emankorra izan da eta seguru nago egitasmo eta elkarlan gehiagoren abiapuntua izango dela”, esanez amaitu du Markel Olanok.

  

1369