Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Urnietan ekin dio Etorkizuna Eraikiz kapsulak hirugarren faseari

Urnietan ekin dio Etorkizuna Eraikiz kapsulak hirugarren faseari

Aldundiak Urnietako herritarrei parte hartzeko eta lurraldearen etorkizunari buruzko kezkak eta proposamenak partekatzeko gonbita egin die.

Urnietan, Etorkizuna Eraikiz kapsulak hasiera eman dio joan den ekainetik Gipuzkoako hainbat eskualdetan garatu den dinamika parte-hartzailearen hirugarren faseari. Herritarrek parte-hartze handia dutenez eta kapsulak ekainetik bisitatu zituen udalerrietan ekarpen ugari jaso direnez, Gipuzkoako Foru Aldundiak kapsula eskualdeko hainbat herritara eramatea erabaki du, herritarren eskura, Gipuzkoako gizartearen etorkizunari buruzko proposamenak, kezkak eta ideiak biltzen jarraitzeko.

Ekimen honen bidez, Etorkizuna Eraikiz programak herritarrak lurraldearen etorkizunaz hausnartzera eta konpromisoa hartzera bultzatu nahi ditu. Kapsulak Urnietako Egape, Magale eta Salesianoetako 100 ikasle baina gehiagoren bisitak ere jasoko ditu, Gipuzkoako gazteen kezkak, iritziak eta iradokizunak aztertzeko. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak gogorarazi du Etorkizuna Eraikiz lanean ari dela Gipuzkoak dituen etorkizuneko erronkei erantzuteko, eta ekitaldi horretan funtsezko elementua dela gobernantza kolaboratiboaren alde egiten ari den apustua. "Guztion artean adostutako erantzunek izan behar dute gure etorkizunaren oinarriak, eta, beraz, prozesu horretan herritarrek zeresan handia dute. Bereziki beharrezkoa da Gipuzkoako herritarrei entzutea eta gizartearen beharrak, balioak eta proposamenak jasotzea ", adierazi du.


Mendoza Urnietan izan da, Jorge Segurado herriko alkatearekin batera. Foru arduradunak azpimarratu du parte-hartzea ezinbesteko tresna dela herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskura dezaten. "Azken 2 urteetako bizipenek ere arrasto sakona utzi dute gizartean, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu une honetan gipuzkoarren proposamen, kezka eta iritziak jasotzea. Etorkizuna Eraikiz, besteak beste, herritarrek gizarte-interesak agenda publikoan integratzen laguntzeko tresna da. Gipuzkoarrek dituzten gogoeta, kezka eta ideiak entzun nahi ditugu. Hain zuzen ere, dinamika horrek bide berri bat irekitzen du gizartearen parte-hartze aktiborako ", nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.
Partaidetza-dinamikaren hirugarren fasea amaitzean, herritarrek bildutako ekarpen guztiak jasoko dira, eta horiek kontuan hartuko dira Etorkizuna Eraikizek landu beharreko gai eta ekimenen agenda publikoa ezartzerakoan. Hurrengo hilabeteetan Etorkizuna Eraikiz kapsulak lurralde osoko eskualdeak zeharkatuko ditu eta 10 hiri eta herritan kokatuko da. Urnietan kokatu ondoren, kapsula hilaren 10ean eramango da Getariara, eta ondoren Soraluzera, 25ean.


Kapsula Urnietako San Juan plazan jarri da eta 10: 00etatik 19: 00etara egongo da zabalik. "Benetako kapsula bat da, etorkizunean pentsatzera eramango gaituena, denboraren kapsula balitz bezala", dio Mendozak, herritar guztiei zuzenduta eta irekita dagoen ekimena dela azpimarratuz. Kanpotik ikusita, tunel moduko bat da, eta bertara sartzean, bisitariak aurrez aurre ikusten ditu egungo Gipuzkoak dituen ezaugarriak. Horietatik, 2040ko Gipuzkoak zein balio mantendu beharko lituzkeen galdetzen zaio bisitariari. "Horrek erakutsiko digu gaur egungo gipuzkoarrek zeri ematen dioten garrantzia, zeintzuk diren dituzten kezkak eta nahiak", esan du Mendozak.

 

Bestalde, Urnietako Alkate Jorge Seguradok azaldu duenez,  “parte hartzea funtsezko oinarria da Udalaren politikan eta hainbat urte daramagu kultura hori errotzen, prozesu desberdinak garatzen eta herritarren ekarpenak jasotzen Urnieta denon artean eraikitzen jarraitzeko”. Zentzu horretan, alkateak adierazi du bukatu berri dutela azken prozesua: “herritarrek herriko zein plaza edo parke estali nahi zuten aukeratu zuten lehenik, eta berriki, aukeraturiko eremua nola estali nahi duten bozkatu dute, Plazido Muxika plaza, hain zuzen. Orain guri dagokigu proiektua idaztea eta obra gauzatzea”. Azken finean, parte hartzearen bidez helburua herritarrak entzutea eta haien beharrei erantzutea dela esan du. Gaineratu du bide horretan berritasunak gauzatu dituztela eta baita aurrerapauso nabarmenak eman ere: “Aurreko urteko aurrekontu irekien prozesuan herriko bi ikastetxeetako LH6ko ikasleek parte hartu zuten estrainekoz, parte hartzea 16 urtetik beherako herritarrengana zabalduz. Oso esperientzia aberasgarria izan zen eta aurten ere jarraipena emango diogu bide horri, parte hartze kultura herritar guztiengana zabaldu nahi baitugu”. Aurretik ordea, begirada Urnietatik haratago jartzera eta Gipuzkoak dituen erronken gainean ekarpenak egitera animatu ditu herritarrak Seguradok.

  

1854