Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Urte amaierarako irekiko ditu ateak MUBIL-ek Tolosan

Urte amaierarako irekiko ditu ateak MUBIL-ek Tolosan

Diputatu nagusiaren esanetan, berebiziko garrantzia du pandemiaren testuinguruan ere lurraldeak etorkizuneko apustuak egiten jarraitzea.

MUBIL Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroaren behin behineko egoitza ateak ireki eta jarduerari ekitetik gertu da: Tolosako Usabal industriagunean kokatzen den azpiegiturako obrak jadanik martxan daude, eta urte amaierarako dena prest izatea espero da. Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok azaldu duenez, albistea “oso garrantzitsua” da lurraldearentzat, proiektuaren helburua Gipuzkoa nazioarteko erreferente bihurtzea baita mugikortasun modu berrietan. “COVID-19 gaitzaren pandemia dela eta garai latzak bizitzen ari gara eta, horregatik, are pozgarriagoa da mota honetako apustuak aurrera ateratzen jarraitzea. Etorkizuneko ekonomia eraiki eta mugikortasun modu berriak jorratzea krisialditik ateratzeko gakoetako bat izan daiteke, eta mundu mailan egiten ari den lasterketa horretako aurreko postuetan kokatu nahi dugu”, adierazi du.

          MUBIL-en Tolosako behin behineko egoitzara gaur goizean egin den bisitan hartu du parte diputatu nagusiak, eta bertan egin ditu adierazpen hauek. Berarekin izan dira Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko foru diputatua; Ainhoa Aizpuru, Proiektu Estrategikoetako foru diputatua; Ane Insausti, MUBIL-eko zuzendaria; Javier Rodriguez, CIDETEC-eko zuzendari nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; eta Olatz Peon, Tolosako alkatea. Olanok bereziki eskerrak eman nahi izan dizkio azken honi, Tolosako Udalak une oro erakutsi duen elkarlanerako borondatea eta Usabaleko proiektua aurrera ateratzeko egin duten ahaleginagatik. “Proiektu honen alde bultza egin duzue, eta mugikortasun berrian erreferente izango den azpiegitura bat eskualdean ezartzea onura izango da eskualde osoarentzat, aukera bat da Tolosaldea guztiarentzako”, esan dio Peoni.

          Olanok gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan jaio zen MUBIL-en proiektua. “Etorkizuna Eraikizen bitartez lurraldearen etorkizuneko erronkak identifikatzen ari gara, gero apustuak egin eta hauek gauzatzeko. Gaurtik hasita, biharko Gipuzkoa eraikitzea dugu helburu. Marko honetan, lan lerroetako bat Gipuzkoaren espezializazio adimentsua indartzea da, eta mugikortasun modu berriak dira mahai gaineratu dugun apustuetako bat”, gogoratu du. Pasa den urteko apirilean osatu zen MUBILeko fundazioa, eta aurtengo udaberrian hartu du kargua Ane Insausti bere zuzendariak. “Aparteko balioaren ikuspegitik, lau norabidetan doan apustua egiten du MUBIL-ek: azpiegitura teknologiko indartsua, ekintzailetasuna sustatzea, ezagutza sortu eta kudeatzea eta esperimentazioaren bitartez Gipuzkoa oso laborategi erraldoia bihurtzea”, defendatu du.

Diputatu nagusiak berretsi du berri “benetan pozgarria” dela COVID-19 gaitzak eragin duen pandemiaren erdian mota honetako azpiegitura bat martxan jartzea: “Inoiz ez dugu zalantzarik eduki proiektu honekin, funtsezkoa da gure lurraldearen etorkizunarentzat”. Europak krisialditik irteteko ezarri dituen oinarriei erreparatuta, esan du honek “berdea eta digitala” izan behar duela. “Irizpide horrek bete-betean eragiten dio mugikortasunari, mugitzeko modu berri bat garatzen ari baita”, adierazi du. Adibide bezala jarri du Alemania bezalako herrialdeak arlo honetan egiten ari diren apustua, berriki iragarri baitu 1.500 milioi bideratuko dituela baterien  ikerkuntza eta produkziora, edota Gipuzkoako enpresak esparru honetan hartzen ari diren erreferentzialtasuna. “Apustu hau, beraz, are eta beharrezkoagoa da”, nabarmendu du.

Olanoren iritziz, mugikortasunaren arloan ematen ari den aldaketa ez da mehatxu bat, baizik eta Gipuzkoak baliatzen jakin behar duen aukera bat, “krisialditik indartuta ateratzeko palanka bat bihurtu daiteke”. “Gipuzkoak badu ezagutza, baditu punta-puntako enpresak, baditu arlo honetan erreferente diren berrikuntza zentroak”, azaldu du. MUBILen papera, ondorioz, “gure industria datorren iraultza horretan ondo kokatu eta posizionatzea izango litzateke”. “Transformazio garai bat dator eta aukerak bilatu eta garatu behar dira Gipuzkoa mugikortasun berrian nazioarteko erreferente bilakatzeko”, aldeztu du.

 

Usabaleko eraikina

MUBILek “urrats garrantzitsua” eman du Tolosako Usabal industriagunean kokatzen den behin-behineko egoitzarekin, “hemen egongo baita proiektuaren muina”. Eraikinak 2.300 metro karratu inguru ditu. Beheko solairuan kokatuko dira sarrera eta 90 metro karratuko showroom bat, non MUBILen zergatia, helburua, aparteko balioaren proposamena eta bilakaera jasoko diren. Lehen solairuak 500 metro karratu ditu, eta hemen kokatuko dira bulegoak, formakuntza gela eta laborategia erabiltzen ari diren enpresentzako tokia.

Aipatutako laborategia bigarren solairuan ezarriko da, 1.400 metro karratu inguru izango dituelarik. “Energia biltegiratzearen arloko laborategi aurreratua da, CIDETEC kudeatuko duena. Europa mailan punta-puntako ekipamendua izango du, besteak beste mahai bibrakor batekin, eta lurraldeko enpresa guztiek izango dute aukera bertan beraien prototipo eta produktuen kontzeptu probak eta testak egiteko”, esan du Olanok. Gaineratu duenez, MUBIL-ek proiektu eta egitasmo guztien konfidentzialtasuna bermatzeko baldintzak eskaintzen ditu eta, horregatik, gonbita luzatu die Gipuzkoako konpainiei azpiegitura ezagutu eta erabiltzen hasteko.

 

Eskuzaitzeta

Bestalde, Ane Insausti MUBIL-eko zuzendariak gogoratu duenez, proiektuak eman behar duen hurrengo pausu garrantzitsua Eskuzaitzetako behin betiko egoitzarena izango da. Lursaila erosita dago, eta uztailean onartu zuen Aldundiak eraikin fisikoaren proiektuaren erredakzioaren lizitazioa. Honen arabera, 10.000 metro karratu erreserbatu dira MUBIL-en eraikinarentzako, eta beste 40.000 metro gorde dira inguruan, mugikortasun berriaren arloko eragileak erakarri eta esparru honetako polo garrantzitsua eratzeko. “Usabalen dauden baliabide eta laborategiaz gain, bigarren laborategi bat ere kokatuko da bertan, mugikortasun berriaren inguruan arituko dena: power train, hidrogenoa… Orain eta etorkizun hurbilean gure lurraldeko sektore honetako enpresekin hartu emanetan jarraituko dugu, dituzten beharrak ezagutu eta zehazki laborategi honek eskainiko dituen zerbitzuak behar horietara egokitzeko”, esan du Insaustik.

 

Donostiako Udala

Eneko Goia Donostiako alkateak, bere aldetik, MUBIL proiektuak duen garrantzian jarri du azpimarra, “Gipuzkoa osoarentzako eta bereziki Donostiarentzako”. “Hirian goi mailako ikerkuntza eta abangoardiako industriaren alde egiten ari garen apustuarekin bat dator MUBILen behin betiko egoitza Donostian izatea”, azaldu du alkateak. Gehitu duenez, Eskuzaitzetako industri gunearen “ikurretako” bat izango da mugikortasun modu berriak ardatz izango dituen zentroa, eta bertan, MUBIL-en egoitzaren inguruan, elektromugikortasunaren eta mugitzeko era berrien inguruko polo bat sortzea da asmoa eta helburua. “Donostiako Udaletik ere norabide horretan egingo dugu lan”, azpimarratu du Goiak.

 

Tolosako Udala

Azkenik, Tolosako alkate den Olatz Peonek eskerrak eman dizkio Aldundiari MUBIL-en behin behineko egoitzarentzako Tolosa aukeratu izanagatik. Izan ere, egungo testuinguruan, erakunde publikoetatik berrikuntzaren eta elektromugikortasunaren alde apustua egitea “ezinbestekoa” dela nabarmendu du. Ildo horretatik, azken urteotan Tolosan eta Tolosaldean, 4.0 industria eta elektromugikortasuna lan lerro nagusi izan dituztela gogoratu du eta, beraz, “ez da kasualitatea behin behineko egoitza Tolosan kokatu izana, eskualdearen izaera industrialagatik eta N-1eko ardatzean dugun kokapen estrategikoa dela eta”. Europa mailan punta puntakoa izango den laborategi honek aukera berriak sortuko dituela ere esan du, bai epe motz eta ertainera zein luzera begira ere. “Enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzetik harago, enpresen lehiakortasun eta nazioartekotzerako lagungarria izango da MUBIL proiektua eta enpresa ehun berria sortzen lagunduko du, bai Tolosan eta baita eskualdean ere, Goierriko enpresekin sinergiak garatuz eta indartuz” adierazi du.

  

3037