Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Vía Irún erakunde arteko hitzarmena onetsi du Aldundiak, hiri-berroneratze proiektu estrategikoa Gipuzkoarentzat

Vía Irún erakunde arteko hitzarmena onetsi du Aldundiak, hiri-berroneratze proiektu estrategikoa Gipuzkoarentzat

Foru Aldundia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentutik, Irungo Udalarekin, Adif-ekin eta ETSekin batera, proiektu hau bultzatzen parte hartzen ari da, zeina Marisol Garmendiaren hitzetan ekarriko duen “Irungo erdigunean dagoen eremu degradatu bat onera ekartzea eta herritarrentzat berreskuratzea, Bidasoako eskualde osoarentzat garrantzi handiko hainbat erabilera ekonomiko eta sozial ematean”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean onetsi du Gobernu Kontseiluan Vía Irún proiekturako hitzarmena; Foru erakundeak berak, Irungo Udalak, Adif-ek eta ETSek sinatuko duten akordio bat, alegia. Hitzarmena sinatzean gauzatu ahal izango da hiri-berroneratze proiektu estrategiko hau, 58.000 metro karratuko eremu degradatu bat eraldatuko duena. Eremu hori, Irungo erdigunean bertan kokatua, erabiltzeari utzitako burdinbide- eta azpiegitura-multzo zaharkituek hartzen zuten orain arte.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak garrantzizko zeregina beteko du erakunde arteko proiektu honetan, asmotzat hartuta hiriaren erdigunea onera ekartzeko ideia berri bat sortzea, hiriko enpresa-parkea, alegia, erabilera desberdinak elkartuta: ekonomikoak, egoitzazkoak, sozialak eta kulturalak, Europako hiri desberdinetako interbentzio urbanistiko aitzindarien ildotik.

Burdinbide zaharren lehengo eremua eraldatu eta Irungo hiriarentzako eragile ekonomiko eta sozial berri bat bilakatuko litzateke. Hortaz, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendia sozialistak adierazi bezala, “Hitzarmen hau aukera bat da zeharo hondatuta zegoen eremu bat bultzatzeko eta, Pasaialdea proiektuarekin batera, hiri-berroneratze estrategikoa adierazten du Gipuzkoarentzat bere dimentsioagatik eta hiriaren erdi-erdian kokatuta egoteagatik, espazio degradatu hori Irungo erdigunearen zabalgune bilakatuko baita; enplegua sortzeko eta funtsezko bultzada ekonomiko eta soziala lortzeko aukera bat izango da hiriarentzat ‒gure lurraldeko bigarren handiena‒ eta baita Bidasoako eskualdearentzat eta Gipuzkoa osoarentzat ere”.

Burdinbideek hartutako eremu zaharkitu honen antolaketa berriak, Irungo auzotarrek erabili eta gozatu ahal izateko orain berreskuratuko duenak, hiri-bilbearekin lotura eta artikulazio berri bat ahalbidetuko ditu gainera, eta baita hiriko erdigunearen zabalkuntza eta Irungo mugikortasunaren eta konexiorako aukeren hobekuntza ere.

Marisol Garmendiak adierazi bezala “berroneratze-proiektu hau aukera historiko bat da, aldi berean, Irunentzat trenbide-azpiegiturak eta intermodalitateari dagozkionak modernizatzeari ekiteko, garraio publiko jasangarriaren alde egindako apustuan: AHTren iristea, AHTren nazioarteko tren-geltoki berriaren eraikuntza, aldirietakoa, eta autobusen geltoki intermodala”.

Erakunde arteko akordio honek hiritarren espazio publiko bat onera ekartzeko luze jotako sei urte baino gehiagori ematen die azkena, kontuan izanik espazio horrek garrantzizko zeregina beteko duela Irun eta Bidasoako eskualdea modernizatzeko eta garapen ekonomiko eta sozialerako.

  

1811