Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Victoria ontzia 2019tik aurrera Albaolan eraikitzeko akordio instituzionala

Victoria ontzia 2019tik aurrera Albaolan eraikitzeko akordio instituzionala

Pasaiako itsas faktoriak lortutako bisitari eta autofinantzaketa datuek etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko moduan utzi dute

2018/04/13

Pasaiako itsas faktoria nazioarteko itsas ondarearen eremuan erreferente sendoa bihurtu da 2017 urtean eta lortutako bisitari eta autofinantzaketa datuek etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko moduan utzi dute.

Gipuzkoako Aldundiak  eta Pasaiako eta Getariako Udalek Juan Sebastian Elkanok lehenengo zirkumnabigazioa burutzeko erabili zuen ontziaren erreplika bermatzen dute itsas balentriaren 500. urteurrenean. Untzi Museoak eta Albaolak Victoria ontziaren historiaren eta eraikuntzaren ezaugarrien dokumentaziorako ikerketak hasi dituzte, eta udako ikastaroetan aurre ikerketa hauen emaitzak ematea aurre ikusten dute.

Gaur goizean Donostiako Untzi Museoan Albaola Itsas Kultur Faktoriak 2018. urterako dituen erronka nagusiak aurkeztu dira eta, horrekin batera, 2017ko daturik azpimarragarrienak. Ekitaldian parte hartu dute Xabier Agote, Albaolako presidentea, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Diputatua, Izaskun Gomez, Pasaiako alkatea, Nikanor lertxundi, Getariko alkatea, Ion Irurzun, Elkano Mundubira Fundazioko zuzendaria eta Xabier Alberdi, Untzi Museoko Albo-zuzendaria eta Albaolako Ikerkuntza Departamenduko zuzendaria.

Xabier Agote datorren 2018 urteko erronkak zehazten hasi da; san Juan baleontziaren eraikuntzarekin jarraitzea, beti ere eraikuntza prozesua balorean jarriz eta elementu berriak gehitzea, hala nola errementeria tradizionala eta sokateria gehitzea, ia desagertuta dauden bi lanbideoi lekua eginez. Horrez gain, nazioarteko ontzigintza eskolan ikasle berriak gehitzen jarraituko dute eta baita Ozentziyo atunontzia indarrean jartzen edo ikerkuntza arkeologiko proiektuei jarraipena ematen, besteak beste.

Baina guztien gainetik garrantzia handiko bi erronka nabarmendu ditu 2018rako: Pasai Donibaneko nabigazio eskola tradizionala abian jartzea eta Victoria ontziaren historia eta eraikuntza ezaugarriak dokumentatzeko ikerkuntza proiektuaren lanei jarraipena eta indarberritzea. Victoria ontzia gure planetako lehen zirkumnabigazioaren protagonista da eta Faktoriaren hurrengo eraikuntza erronka. 

Atal honetan, Denis Itxaso Ahaldun Nagusi ordeak foru erakundearen  erabateko babesa adierazi dio Victoria ontziaren erreplikaren eraikuntza proiektuari. “Pasaiako itsas kultur faktoria uneotan Lurraldean neurri handieneko ondare proiektua da eta lehen mailako turismo eksaintza da Pasaiako badiaren biziberritze eta kultur estrategian. Hori, esaterako, maiatzaren 17tik 21era burutuko dugun nazioarteko itsas festibalean egiaztatu ahal izango dugu. Untzi Museotik ikerkuntza bultza dugu Xabier Alberdiren parte hartzearen bidez, eta nahikoa ezagutza zientifiko bildu dugu abentura berri batean abiatzeko. Beraz, San Juan baleontziaren eraikuntza lanak bukatzean, Albaola itsas kultur faktoriari jarraipena emateko moduan izango gara Victoria ontziaren eraikuntzarekin.”.

Ikerkuntza lanak bi funtsezko alderditan ari dira burutzen nagusiki: Victoria ontziaren euskal jatorria egiaztatzea eta 16. mendeko euskal ontzigintzaren ezagutzan sakontzea. Victoria ontziaren ezaugarriei buruz adostasuna lortzeko helburuz, Albaolako talde zientifikoa 15 eta 16. Mendetako euskal ontzietan aditu nagusienak direnekin lankidetzan ari da. Victoria ontziaren eraikuntza planoak osatzea ahalbidetuko duen adostasun akademikora iristeko asmo horrekin, Albaolak eta Untzi Museoak nazioarteko kongresu bat antolatu dugu, aurtengo irailean burutuko dena Donostiako EHU-UPVren Udako Ikastaroen baitan.. 

Datorren Pasaiako Nazioarteko Itsas festibala ere 2018ko erronka nagusienen artean dago. Bertan, Albaola ontzi tradizionalen presentziaz eta nabigazio egitarauaz arduratzen da.

Izaskun Gómezek Albaolak dituen erronka berri hauen garrantzia azpimarratu du Pasaian Albaolaren proiektuaren jarraipenerako. Epe laburrera, Nabigazio eskola berria  eta Itsas Festibala eta Victoria ontzia epe ertainera, orain arteko arrakastari indar berria ematera datoz. 2017ko datuak ikusita zalantzarik gabe Pasaiak duen kultur eta turismo ekipamendu eta eskaintza erakargarrienari. 

Instituzioetako arduradunek nabarmendu dutenez “2017ko Albaolaren datuek etorkizunaz pentsatzera garamatzate eta erronka berriak planteatzera, bisitarietan gora egin duen eta kultur kudeaketa eredu berrien ordezkari gorena den proiektu honen jarraipen jasangarriaren bermea izango baitira.

 

Zenbakiak:

53.055 bisitari

21 lanpostu, %100 Gipuzkoakoak, %66.5 Oarsoaldeakoak eta  %3 Pasaiakoak. 

60 boluntario berri, 401 guztira dagoeneko.

36 ikasle praktiketan, 4 herrialde desberdinetatik. 

852.000€-ko aurrekontua

%36 laguntza publikoak

GFA – %65

EJ – %35

%64 baliabide propioak

Museoa %54

Zerbitzuak %16

Babesletzak %30 

Azpimarratzekoa da baita ere Albaolak iazko urtean lortu duen nazioarteko presentzia, mundu osoko hainbat foro eta konferentziatan, euskal itsas ondarearen lehen mailako erreferente eta ordezkari gisa.

  

1464