Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral dira, Kursaal Eszenak denboraldi berrirako egiten dituen proposamenetako lau

Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral dira, Kursaal Eszenak denboraldi berrirako egiten dituen proposamenetako lau

Esparru klasikoan “Don Giovanni” opera, Turingo RAIren Orkestra Sinfonikoa, Norvegiako Irratiko Orkestra eta Dantza Konpainia Nazionala dira nabarmentzekoak.

2019/12/05
  • Sarreren salmenta orokorra, nahiz musika klasikoko abonuen salmenta, gaur aktibatu da, abenduak 5, osteguna, 12:00etan.

Kursaal Eszenak 18 hitzordu proposatzen ditu bere denboraldi berrirako. Guztien artean azpimarratzekoak dira Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral, pop-rock-aren atalean, eta Mozarten “Don Giovanni” opera, Turingo RAIren Orkestra Sinfonikoa, Norvegiako Irratiko Orkestra eta Dantza Konpainia Nazionala, esparru klasikoan.

2020ko otsaila eta ekaina artean gauzatuko den denboraldia otsailaren 13an hasiko da, Antonio Florio musikogo eta zuzendari ospetsuak gidatzen duen Cappella Neapolitana talde italiarrarekin. Talde hau Napoliko eskola barrokoko musika-altxorrak zabaltzen dago espezializatua, eta Johann Adolph Hasseren "Marc'Antonio e Cleopatra" bi ahotsetako serenata zoragarriari helduko dio. Hasse hartzen da XVIII. mendeko opera serio italiarraren erakusle nagusitzat.

Egun batzuk geroago, opera eszenifikatuaren bi hitzordu izango dira Kursaaleko Auditorioan (otsailak 21 eta 22), Opus Lirica konpainiaren ekoizpen berri batean. “Don Giovanni” da oraingo honetan aukeratu den izenburua, askoren ustez Mozarten operarik hoberena eta adierazgarriena. Marzelo Guzzo baritono uruguaitarrak antzeztuko du Don Giovanniren rol nagusia, eta harekin arituko dira Euskal Herriko zenbait abeslari, hala nola Ainhoa Garmendia (Donna Anna) eta Miren Urbieta-Vega (Donna Elvira).

Operaren ondoren, Kursaal Auditorioak Turingo RAIren Orkestra Sinfonikoaren bisitaldi “klasikoa” jasoko du. Hauxe da Italiako talderik ospetsuenetako bat, eta James Conlon estatubatuarraren gidaritzapean, Mahlerren “1. Sinfonia, Titan” txalotua interpretatuko du. Egitaraua amaitzeko, Mozarten “Biolinerako 1. kontzertua” eskainiko da, Salzburgoko jeinuaren gaztaroko obra, eta Michael Barenboim biolinista frantsesa izango da bakarlaria, estilo bikaina eta publikoa hunkitzeko berezko gaitasuna duena (martxoak 15).

Denboraldi honetan, musika klasikoaren atalean, orobat eskainiko da Mozarten “Requiem” guztiz ezaguna, Austriako musikagilearen hil ondorengo lana, haren ikaslerik hurbilenek amaitu zutena (apirilak 4). Erabateko kalitatearen bermea diren bi talde germaniar, Stuttgarteko Kammerchor eta Hofkapelle, arduratuko dira maisulan honen interpretazioaz, eta Sarah Wegener (sopranoa), Marie Henriette Reinhold (kontraltoa), Florian Sievers (tenorra) eta Sebastian Noack (baxua) izango dira bakarlariak. Frieder Bernius maisu alemaniarrak zuzenduko ditu guztiak.

Norvegiako Irratiko Orkestrak debuta egingo du Donostian bere zuzendari titularraren agindupean: Miguel Harth-Bedoya perutarra, zeinak sarri zuzentzen baititu orkestra sinfoniko amerikarrak, nola diren Chicago, Boston, Atlanta edo Clevelandekoak, baita New York, Los Angeles eta Filadelfiako orkestra filarmonikoak ere (apirilak 29). Donostiako publikoaren aurrean aurkezteko, Beethovenen “Pianorako 4. kontzertua” barne hartzen duen programa bat diseinatu du Norvegiako talde nagusiak, non Boris Giltburg israeldarra izango baita bakarlaria, belaunaldi berriko pianistarik onenetakotzat jotzen dena; eta Dvoraken “7. Sinfonia” ere eskainiko du, musikagile bohemioaren heldutasuneko lana, egilearen gailurra askorentzat. Griegen eta bere “Udazkenean” kontzertuko oberturaren eskutik etorriko da programaren ukitu norvegiarra.

Atal klasikoa Dantza Konpainia Nazionalak eta bere “Don Quijote” obrak osatuko dute. Bertan, José Carlos Martínez koreografoak Quitería eta Basilio pertsonaietan zentratzen du ekintza, eta, aldi berean, dantza-taldea erabiltzen du denboraz kanpoko klasiko handi honen ekintzari dinamismo handiagoa emateko (maiatzak 26).

Kursaal Eszenaren denboraldi berrian, herri-musikaren atalean hain zuzen, Izaro bakarlaria ere izango da, zeina, 2018ko urtarrilean izandako arrakastaren eta Kursaaleko 20. urteurreneko galan izan duen parte-hartzearen ondoren, Auditoriumera itzuliko baita, “Limones en invierno” (martxoak 21) bere proiektu diskografiko berria aurkezteko helburuz.

Zaragozako Amaral taldeak ere bere disko berria aurkeztuko du, “Salto al color”, eta abesti berriak eskainiko ditu dagoeneko espainierazko musikaren historiaren parte diren aurreko zazpi lanetako gaiekin batera (apirilak 18).

Nazioarteko erreferentziak diren hiru artisten saioekin osatuko da Kursaal Eszenaren denboraldi berriko eskaintza: Zucchero (ekainak 19); Bryan Ferry (ekainak 22) eta Wilco (ekainak 30).

 

 

 

 

  

1587