Gipuzkoak turismo-gidaliburu berria aurkeztu du, Chillida Lekuren irekiera eta Pasaiako Nazioarteko Itsas Jaialdia berrikuntza nagusi dituela
Gipuzkoak turismo-gidaliburu berria aurkeztu du, Chillida Lekuren irekiera eta Pasaiako Nazioarteko Itsas Jaialdia berrikuntza nagusi dituela
Gipuzkoak turismo-gidaliburu berria aurkeztu du, Chillida Lekuren irekiera eta Pasaiako Nazioarteko Itsas Jaialdia berrikuntza nagusi dituela
Aste Santuko okupazio maila % 80tik gorakoa izango da
Aste Santuko okupazio maila % 80tik gorakoa izango da Gipuzkoako eskualdeetan eta % 100era iritsiko da kasu batzuetan. Hoteletarako, % 74koa da aurreikuspena.
Denis Itxaso Kulturako eta Turismko diputatuak, Cristina Iturriagagoitia San Sebastian Region turismo bulegoko arduradunak eta Oarsoaldea, Goierri, Urola Erdia, Urola garia, Donostialdea eta Debagoiena eskualdeetako turismoko arduradunek aurkeztu berri dute Gipuzkoako eskaintza turistikoa hobekien erakusten duen euskarria: 2018-2019 turismo-gidaliburua.
105.000 ale argitaratu dira, horietatik 47.000, gaztelaniaz; 9.000, euskaraz; 23.000, frantsesez; eta 26.000, ingelesez.
Gipuzkoako eskaintza turistikoaren aurtengo berrikuntza nagusiak Chillida Lekuren irekiera eta maiatzaren 17tik 21era egingo den Pasaiako Nazioarteko Itsas Jaialdia dira, eta biek ala biek lagunduko dute artea eta kultura intereseko dituen turismo mota bat erakartzen.
«Uste dugu Itsas Jaialdiak indar turistiko izugarria izango duela, batez ere publiko frantsesari begira, baina Espainia eta Gipuzkoa osoko jendea ere erakarriko du. Jaialdi hau elementu garrantzitsua izango da Euskal Herriko itsas ondarea sustatzeko eta berreskuratzeko, turismoa erakarriz eta garapen estrategia bilakatuz», adierazi du Itxasok.
Itsas Jaialdia denboran jarraipena izateko asmoz sortu da, eta bi urtean behin egitea aurreikusten da. Jaialdia geografikoki bereizita baina dinamizazioari dagokionez oso lotuta egongo diren bi esparrutan antolatuko da. Alde batetik, uretako eremua egongo da, eta bertan bilduko dira Europako leku ezberdinetako ontzi tradizionalak, bakoitza bere eskifaiarekin; eta, bestetik, lehorreko eremua egongo da, Pasaiako barrutietan «village» izeneko eremu espezifikoak kokatuko baitira. Horietan, bisitariek jarduera eta ekitaldi kultural, musikal nahiz gastronomiko ugari aurkituko dituzte.
Pasarela bilakatuko da Pasaiako badia, ontzi nagusi bat buru duela, Hermione, La Fayettek Ameriketako Estatu Batuen independentziari laguntzeko erabili zuen ontziaren erreplika. Hermione ontziak Pasaian amaituko du bere bigarren itsas bidaia, eta, harekin batera, ia ehun itsasontzi tradizional izango dira.
Bestalde, Chillida Leku museoa berriro irekiko da aurten, eta, horri esker, Gipuzkoak baliabide kultural eta turistikoen katalogoan sartuko du berriro Chillida artista berezi eta paregabearen lana, eta horrek artea eta kultura intereseko dituzten bisitariak erakarriko ditu.
Aldundiak Museoko kudeatzaile berriekin lan egin nahi du, museoan antolatzen diren jarduerak Gipuzkoako baliabideen gidan eta programazioan txertatzeko. «Aire zabaleko arte museo honek berriro sartuko gaitu arte garaikidearen zaletuentzat interes berezia duen zirkuitu esklusibo eta apartean», adierazi du Itxasok.
Joan zen urteko gidaliburuan bezala, aurtengoan ere hainbat eremutan banatu da lurraldea, San Sebastian Region estrategiaren barruan erabiltzen diren marka berrien arabera. Banaketa berri hori helmuga turistikoa eta bertako baliabideak kontuan izanik egin da, bost gai nagusi oinarritzat hartuta; eta gai horiek, era berean, hitz jakin batzuek sarean duten kokapenaren arabera diseinatu dira. Bost gai zabalak edo markak hauek dira: Kostaldea, Sagardoaren lurra, Landa paradisua, Ignaziotar lurraldea eta Donostia. Lan hori guztia lankidetzan egin da eskualdeko agentziekin eta parte hartu nahi izan duten entitate eta elkarte guztiekin batera, hala nola Geoparkea eta sagardotegiak. Gainera, gidaliburu berri honetan, Kulturak atal esanguratsu bat betetzen du; bertan, besteak beste, Balenciaga Museoari eta Albaolari buruzko informazioa ematen da, eta atal berezi bat eskaintzen zaie museoei, festei eta jaialdiei, horiek ere Gipuzkoako paisaia edo gastronomia berezia bezain elementu garrantzitsuak baitira.
Marka berria erabat egonkorturik, Aldundiak bere estrategiari eusten dio: Donostiara iristen diren bisitariek Gipuzkoako kostaldeko zein barnealdeko altxor batzuk ezagut ditzaten lortzea. «Horrela, turismo fluxuak orekatuak izatea eta lurralde osora zabaltzea lortu nahi dugu; azken finean, turismoa gizarte guztiarentzat onuragarria izatea, Donostia masifikatu gabe, eta turistak urte sasoi guztietan erakartzea, hainbat plan eskainita, eta, hartara, batez besteko egonaldiak luzatzea; ari gara pixkanaka hori lortzen».
Gidaliburu berri hau San Sebastian Region markaren bulegoan, Gipuzkoako gainerako turismo bulegoetan, eta lurraldeko hotel eta nekazaritza turismoko ostatuetan egongo da eskura.
Aste Santuko aurreikuspenak
Itxasok azaldu duenez, aurtengo Aste Santurako aurreikuspenak joan den urtekoen antzekoak dira; izan ere, turismoa urte sasoi guztietara zabaltzen ari da, eta indize horrek gora egiten duen heinean, turismoa egonkortuz joango da urtetik urtera.
Aste Santuko denboraldia lehengo asteburuan hasi zen eta Pazko Igandean amaituko da, hau da, zortzi-bederatzi eguneko iraupena izango du; nolanahi ere, okupazioaren maila gorena martxoaren 28an, Asteazken Santuan eta apirilaren 1ean, Pazko Igandean, izaten dira.
Gipuzkoako Hotelen eta Ostatuen Elkarteak aurreikuste du hotel establezimenduetako okupazioa zertxobait jaitsiko dela aurreko urteko Aste Santukoaren aldean. Neurri batean izan daiteke aurten Aste Santua garaiz delako, eguraldi aurreikuspena oso ona ez delako, eta eski denboraldiarekin bat egiten duelako. Gipuzkoa osoko hotel establezimenduetarako aurreikusten den batez besteko okupazio maila % 74koa da; Donostiako hotelen kasuan, berriz, % 86koa. Nolanahi ere, nabarmena da azken orduko erreserbak egiteko joera.
Nekaturrek aurreikuspen onak egiten ditu, nahiz eta aurten espero diren datuak iazkoak baino baxuagoak izan (iaz % 89,95koa izan zen okupazio tasa). Aste Santu honetarako espero den batez besteko tasa % 84,38koa da, eta Pazko Astekoa, berriz, % 27,16koa, iazko zifretatik oso gertu.
Nekaturrek testuinguruan jarri nahi ditu beherakada erlatiboa iragartzen duten aurreikuspen horiek; izan ere, iazkoa urte bikaina izan zen, eta Gipuzkoak bidaiari kopuruaren marka gainditu zuen. Landetxeetarako aurreikuspena beste urte batzuetako datuekin alderatuz gero, 2017an bakarrik lortu izan da halako okupazio maila altua.
Apartureko datuen arabera, okupazioa % 85,2koa izango da, apartamentuen eskaintza % 8 jaitsi bada ere. Batez besteko egonaldia hiru edo lau gauekoa izango da, eta turisten jatorria honako hau: Espainia, % 67,86; Estatu Batuak, % 7,14; Erresuma Batua, % 5,36; Alemania, % 3,57; Irlanda, % 3,57; Australia, % 1,79; Belgika, % 1,79; Frantzia, % 1,79; Italia, % 1,79; Luxenburgo, % 1,79; Mexiko, % 1,79 eta Suedia, % 1,79.
Eskualdeak
Eskualdeei dagokienez, adibide modura, Goierriko ostatuek dituzte okupazio aurreikuspenik onenak. Datuak onak dira, batik bat, Ostiral Santutik Pazko Igandera bitarteko egunetan. Egun horietarako % 100eko okupazioa espero da, eta aurreko egunetan, berriz, % 60-65ekoa.
Debabarrena eskualdean egin den laginketak ere aurreikuspen onak utzi ditu. Egun horietarako hotel, pentsio, bungalow eta landetxeetako erreserbak % 80-90ean daude, eta okupazio maila ia % 100ekoa izatea espero da.
Lurraldeko ostatu, landetxe, pentsio eta hotel batzuk, Urola Garaia eta Urola Erdia eskualdeetakoek, esaterako, ia Aste Santuko denboraldi osorako erreserbak dituzte, aurreko astea eta Pazko Astea barne. Museoak bisitatzeko eta familiei zuzenduriko jarduerak egiteko erreserbak ere areagotzen ari dira.
Urola Kostako eskualdean, datak eta eguraldiaren aurreikuspenak direla eta, erreserbak berandu ari dira iristen, baina aurreikuspenak zertxobait hobetzen badira, azken orduko erreserbak iristea espero da. Nolanahi ere, okupazio maila argi eta garbi % 80koa baino handiagoa izatea espero da.
Explore San Sebastian Region bulegoa
Explore San Sebastian Region turismo bulegoan, Aste Santuko denboraldia hamar egunekoa da, martxoaren 23tik, ostirala, apirilaren 8ra artekoa, hau da, Pazko Asteko azken egunean, igandean, amaitzen da. Denboraldi horretan, arreta zerbitzua emateko ordutegi berriak jarri dira, eta langile gehiago izango dira bulegoan, urtean zehar ohikoak diren egonaldiak baino egonaldi luzeagoak egiteko asmoz iristen diren bidaiariei behar bezalako arreta eskaintzeko. Beraz, bidaiariek aukera handiagoa izango dute lurraldea hobeto ezagutzeko eta hiriburutik kanpoko herriak, paisaiak eta baliabideak bisitatzeko. Intentsitate handieneko egunak, zalantzarik gabe, Ostegun, Ostiral eta Larunbat Santua izango dira, eta, horietan, eguneko 800 lagun baino gehiagori eskainiko zaie arreta.
Erreserba zentrala
EXPLORE SAN SEBASTIAN REGION turismo bulegoan, Gipuzkoako bisita aukera onenen inguruko informazioa eta gomendioak jasotzeaz gain, hainbat produktu turistiko erreserbatzeko eta erosteko aukera dago. Eskaintza hori lau ataletan banatzen da: Enogastronomia, museoak, herriak eta paisaiak, eta turismo aktiboa eta kirol espektakuluak.
Lehen atalean, bisitariek honako jarduera hauek kontratatzeko aukera izango dute: Ordiziako eta Tolosako azokei, sagardoari eta txakolinari loturikoak; sagardotegiko eta erretegietako otorduak; gazta eta kontserba dastaketak, bisitak, eta abar.
Herriak eta paisaiak ezagutzeko eskaintza ere oso zabala da: eguneko txangoak eta ibilbideak autobusez, itsasontziz 4x4z, oinez edo ibilgailu pribatuan. Zinez proposamen interesgarriak daude kostaldean nahiz barnealdean: interes bereziko naturaguneak: Aralar, Aiako Harria edo Euskal Kostaldeko Geoparkea, ondare interes handiko herri xarmagarriak, hala nola Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Getaria, Zarautz, Deba, Mutriku, Tolosa eta Ordizia, edo tenplu bikainak dituzten Azpeitia, Oñati eta Zumarraga.
Museoei dagokienez, turismo bulegoak Gipuzkoako 12 museo nagusietarako sarrerak eskaintzen ditu, kasu askotan beste jarduera batzuei lotuta: Ekainberri, Mirandaola, Igartubeiti Baserria, Burdinbidearen Museoa, Arrikrutz, Oiasso, Balenciaga, Albaola, Mater Itsasontzi Museoa, Aquariuma eta Kutxaespazioa. Bertan sartzen dira Hermione galeoia bisitatzeko sarrerak ere.
Turismo aktiboko jardueren eta kirol espektakuluen atalean, mendi txangoak, Santiago bidea, bizikleta txangoak, surfa, paddlea, piragua, erremontea eta zaldi lasterketak. Bulegoan bertan saltzen dira hiria ikusteko city tour ibilbideak eta Arabako Errioxarako, Bizkairako eta Iparralderako txangoak ere.
Agenda
Aste Santuan, Gipuzkoak interes handiko jarduera eta ekitaldi aukera zabala eskaintzen du. Egun hauetan, prozesioak eta erlijioari lotutako proposamenak izaten dira nagusi. Gipuzkoan, Azkoitiko, Hondarribiko, Segurako eta Pasaiako Aste Santuak nabarmentzen dira.
Baina erlijio kutsuko proposamenez gain, gastronomikoak ere badira; besteak beste, Debagoieneko gastronomia jardunaldiak edo Irungo eta Hondarribiko esperientzia gastronomikoak (gastronomia tailerrak, ardo dastatzeak, artisau garagardoak etab.).
Bereziki familiei zuzenduriko proposamenak ere badira; adibidez, Urola Garaiko Artzaitxo, Topic Museorako bisita antzeztuak edo Idiazabalen gaztaren inguruan antolatzen diren jarduera bereziak. Azken batean, lurralde oso-osoan gozatzeko plan eta proposamen eskaintza zabala.
1698