Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Pasaiako udalak beraien proiektuak aurkeztu dizkiote Europako Parlamentuko kideei

Aldundiak eta Pasaiako udalak beraien proiektuak aurkeztu dizkiote Europako Parlamentuko kideei

Bertan izan dira Jose Ignacio Asensio, Denis Itxaso, Javier Larrañaga eta Izaskun Gómez,

José Ignacio Asensio: «Life Lema programa mugaz gaindiko lankidetzaren eredu bat da ingumena zaintzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko». «Europako finantzaketa lortzea funtsezkoa da Gipuzkoak birziklapenaren industria bikoizteko eta alorrean 10.000 enplegu izatera iristeko».

Izaskun Gómez: «Europak parte hartu behar du Pasaia biziberritzeko prozesuan, Bilboko Zorrozaurre inguruaren garapenarekin egin zuen bezala». «Albaolak eta Itsas Jaialdiak agerian jartzen dute Europako ondare historiko bat».

Denis Itxaso:  “Ondarearen Europako Urtean gaudenez gero, gure itsas tradizioa berreskuratzeko abian dugun estrategiaren berri eman diogu Parlamentuari, eta Aurrekontuen Europako Batzordeari eskatu diogu euroaren bilete batek Juan Sebastian Elkanoren soslaia eraman dezala, munduari emandako lehenengo biraren V. urteurrena dela eta”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Udalak bilera izan dute  uropako Parlamentuko aurrekontuen batzordearekin Albaola faktorian, non Nao San Juan ontziaren erreplika eraikitzen ari den; izan ere, proiektu horrek UNESCOren babesa du eta Europako ordezkariek faktoria hori bisitatzeko aukera izan dute. Jardunaldian ordezkari hauek parte hartu dute: Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako eta Iparraldeko kostaldeetan plastikoak biltzeko Life Lema programa aurkeztu duena; Kulturako diputatu Denis Itxaso,  itsas ondareari lotutako Gipuzkoako proiektuak legebiltzarkideei aurkeztu dizkiena; Ogasuneko diputatu Javier Larrañaga; eta Pasaiako alkate Izaskun Gómez, zeinak Itsas Jaialdia aurkezteaz gain, Pasaiako egoera eta badia biziberritzeko Europako funtsetan parte hartzeko aukerak aurkeztu dituen.

José Ignacio Asensiok Life Lema programaren helburua aipatu du, hau da, 100 tona hondakin flotagarri biltzea Gipuzkoako kostaldean datozen hiru urteetan. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendutako mugaz gaindiko ekimena da, eta bertan parte hartzen dute Biarritzeko Udalak, Surfrider Foundation Europe Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Azti eta Rivages Pro Tech-Suez zentroek eta Kosta Garbiak; guztira 2,16 milioi euroko aurrekontua du eta Europar Batasunak proiektuaren % 60a finantzatuko du.

Life Lema programari esker, bi arrantza-ontzi eta garbiketarako hiru itsasontzi prestatu dira itsasoan bilketa egiteko; Deba ibaiaren bokalean hesi flotatzaile bat jarri da; eta erregaien isurketak monitorizatzeko sistema bat jarri da abian. Halaber, eredu meteorologikoak garatzen ari dira itsas zaborren metaketa-puntuak aurreikusteko, eta dronen bidezko sistema bat jarri da martxan zaborren metaketak antzemateko. Informazio hori guztia aplikazio informatiko batean sartuko da, eta, horrela, erabakiak hartzeko beharrezkoa den informazio zehatza eman ahal izango zaie tokiko agintariei, kudeaketarako neurri onenak identifikatu eta aplikatu ditzaten.

Asensiok, nobedade gisa, Life Lema programa optimizatzen duen «Urak dakarrena» ekimena aurkeztu die Europako ordezkariei; izan ere, ekimen horren bitartez, gure kostaldeetan jasotako plastikoa poliester-zuntz edo hari gisa erabili ahal izango da kirol jantziak egiteko. Aldi berean, prozesuan Gipuzkoako Ekorec eta Ternua enpresek parte hartzen dute, eta Astore kamiseta berriak egin dituzte Aspe eta Asegarceko pilotarientzat.  Asensiok azaldu du bere departamentuaren helburuetako bat dela «birziklapenaren industria bikoiztea eta alorrean 10.000 enplegu izatera iristea». Zentzu horretan, Asensiok gogoratu du urte honen amaieran irekiko dela Klima Aldaketaren Zentro berria, eta, zentro horrek babesa eskainiko diela Gipuzkoako enpresei ekonomia zirkularraren multzoa finantzatzeko Europak emango dituen laguntzak jaso ahal izateko (guztira  6.000 milioi euro).

Itsas-Ondarea

Ondarearen Europako Urtean gaudela baliatuz, Denis Itxaso Kultura diputatuak gure itsas ondarea berreskuratzeko Gipuzkoako estrategia aurkeztu die Europako ordezkariei, kultura eta bizitzeko modu propio baten irudi eta euskaldunok kultura unibertsalari egindako ekarpen historikoaren lekuko garrantzitsuena baita. Itsas eta arrantza tradizioak ondare aberatsa ekarri digu, era guztietako elementuek eta itsas jarduerarekin loturiko ondare ukiezinak osatua, besteak beste, zurezko kroskodun itsasontziak, gaur egun oraindik bizirik daudenak, arrantzako tresna tradizionalak, eta merkataritzari eta nabegazioari loturiko beste batzuk. 

Horren adibide dugu Albaola faktoria, gaur egun Gipuzkoako ondare proiekturik handiena eta, gainera, lehen mailako turismo erakargarritasuna bihurtu dena Pasaiako badiaren kultur eta sustapen estrategian. Lan horren gailur modura, hile honetan Pasaiako Itsas Jaialdia egingo da, eta ehundaka itsasontzi tradizional elkartuko dira bertan.

San Juan ontzia egiten bukatu ondoren, beste itsasontzi bat eraikitzeko lanei helduko diete Albaolan, eta ez nolanahikoa, gainera, Victoria itsasontzia, Juan Sebastian Elkanok munduari lehen aldiz bira emateko erabili zuena, hain zuzen. «2019. urtean V. mendeurrena ospatuko da, eta aukera paregabea dugu balentria hura zabaltzeko eta Europako itsas tradizioa munduan ezagutarazteko» azaldu du Itxasok.

«Elkano oraindik ezezaguna da munduan eta merezi du lan egitea abentura handi hura, berebiziko garrantzia izan zuena bere garaian, askoz ere ezagunagoa izateko eta behar bezala aintzatesteko» adierazi du. Hori dela eta, Aurrekontu Batzordeko kideei proposatu die «ekintza gogoangarri hura eta protagonista nagusia sustatzeko modu bikaina izan daitekeela euroaren bilete batzuetan Elkanoren soslaia agertzea».

Pasaiako alkate Izaskun Gomezek azpimarratu du Albaola faktoria lan garrantzitsua egiten ari dela Pasaian itsas ondarea berreskuratzeko eta, halaber, adierazi du guztiz berezia dela Nao San Juan itsasontzia eraikitzeko proiektua, UNESCOren abala eta babesa dituena. Halaber, udalerriaren berezitasunak azaltzeaz gain, Europako itsas-komunikazioetan garrantzi handia duen portua baitu, hiria, ekonomia eta gizartea biziberritzeko Pasaiak dituen premiak azaldu ditu. Gai horri dagokionez, alkate andreak jakinarazi die legebiltzarkideei oso garrantzitsua dela Europak proiektuarekiko konpromisoa hartzea eta Bilboko Zorrozaurre ingurua garatzeko eta berreskuratzeko azaldu zuen sentsibilitate bera azaltzea.

 

  

1935