Zazpi hitzaldi eta mintegi bat, Amalur Jardunaldien 19. edizioan
Zazpi hitzaldi eta mintegi bat, Amalur Jardunaldien 19. edizioan
Otsailaren 22tik martxoaren 22ra bitarte ospatuko dira Amalur Jardunaldiak, erreferentzia handiko adituen parte-hartzearekin: Fernando Valladares, Arantxi Padilla, Roge Blasco, Erika Reija, José Luis Rebordinos, Ander Izagirre…
Datorren otsailaren 22an abiatuko dira natura, bidaia eta antropologia hizpide dituzten Amalur Jardunaldiak. Tolosako Ekinbide Etxeak, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, antolatutako jardunaldien 19. edizioa izango da aurtengoa.
Martxoaren 22ra bitarte zazpi hitzaldi eskainiko dira, eta hizlari lanetan Arantxi Padilla, Roge Blasco, Cesar Palacios, Erika Reija, Miriam del Rio, Jose Luis Rebordinos eta Ander Izagirre izango dira, hurrenez hurren. Horrez gain, mintegi bat eskainiko du Fernando Valladaresek.
Gonbidatu guztiak erreferentziazko adituak dira, ikuspegi, iritzi, istorio eta pasarte anitz eta baliotsuak eskainiko dituztenak. Miriam del Rio turismo ilunaren inguruan mintzatuko da; Erika Reijak TVEko korrepontsalak Errusiako gatazka izango du hizpide; Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek zine-hirietatik ibilbide bat egingo du; Roge Blasco kazetariak bere 40 urteko esperientzia kontatuko du; Cesar Palacios Kanarietako naturaz eta gatazkaren historiaz arituko da; Ander Izagirre kazetaria Latinoamerika izango du hizketagai eta Arantxi Padilla ETBko korrespontsalak Kolonbia eta tximeleta horiak jarriko ditu mahai-gainean. Fernando Valladares biologoak, berriz, historia eta zibilizazio-eredua uztartuko ditu eskainiko duen mintegian.
Hitzaldi guztiak eta mintegia Topic-eko areto nagusian izango dira, 19:00etatik 20:30era. Sarrerak doakoak diren arren, erreserbatu egin beharko dira. Erreserba hitzaldi bakoitza baino astebete lehenago aktibatuko da, eta bi modu izango dira: Topic-eko leihatilan edo online, topic-eko webgunean.
Erreferentziazko jardunaldiak
Gaur arratsaldeko aurkezpen prentsaurrekoan izan dira José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Diputatua; Josune Sanz Tolosako Udaleko zinegotzia; Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakaria, eta Alberto Luengo, Amalur Jardunaldien sortzaile eta sustatzailea. Guztiek nabarmendu dute jardunaldien maila altu eta erreferentzialtasuna.
Amalur Jardunaldien arrakasta azpimarratu du Josune Sanzek: «Urtero jendez lepo izaten da aretoa, eta horrek erakusten du jakinmin handia duela Tolosak. Maila altuko gonbidatuak izaten dira urtero, eta luxu bat da hori. Hitzaldi benetan interesgarriak entzuteko aukera izaten da. Munduko errealitate ugari gertuagotik ezagutzeko aukera izaten da, eta horrek gizarte modura aberastu egiten gaitu».
José Ignacio Asensio diputatuak, azaldu duenez, berriz, Jardunaldiak «ingurumenarekiko konpromisoaren eta etorkizun jasangarriago baten eraikuntzaren testigantza dira». Asensiok Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren determinazioa berretsi du, Amalur Jardunaldiak bezalako ekimenen bidez: «Jardunaldi hauek funtsezko zeregina dute ingurumen-kontzientzia sendoagoa sortzeko eta gure gizartean praktika jasangarriagoak bultzatzeko». Aldi berean, foru arduradunak azpimarratu duenez, «oso pozgarria da ikustea jardunaldi hauek hausnarketarako eta ikaskuntzarako gune bihurtu direla, eta bertan hainbat diziplinatako adituek beren ezagutza eta esperientziak partekatzen dituztela, biodibertsitatea edo klima aldaketaren aurkako borroka bezalako gai erabakigarrietan».
Prestakuntza ikastaroa, irailean
Hitzaldi eta mintegiez haratago, irailean, prestakunta ikastaroa ere eskainiko da Amalurren barruan, ‘Emozioak ondo kudeatuz behar dugun ingurumen-aldaketa ondo ulertzea’ izena duena. Xehetasunak aurrerago emango dira.
19. Amalur Jardunaldien egitaraua
Otsailak 22 | Arantxi Padilla | Kolonbia eta tximeleta horiak | EUS
Arantxi Padilla kazetari billabonatarra da. 27 urterekin Kolonbiara joan zen korrespontsal moduan eta hamarkada bat baino gehiago darama Bogotan bizitzen. Latinoamerikako berriemaile gisa, Mexikotik behera dauden herrialde ugaritako hauteskunde, protesta eta une historikoak gertutik bizi eta kontatu ditu. Hori horrela, bere esperientzia oinarri, Kolonbiako egoera soziopolitikoaz mintzatuko da.
Otsailak 23 | Roge Blasco | 40 urte bidaiei eta abenturei buruzko informazioa ematen | GAZT
Roge Blasco kazetaria da eta bidaiak, abenturak eta esplorazioa ditu bizimodu gisa, XIX. mendetik gaur egun arteko pertsonaien azalpen biografikoen bidez. 1984az geroztik bidaiak eta abenturak hizpide zituzten hainbat telesailen aurkezle ere izan da. Tolosan eskainiko duen hitzaldian, 40 urtetan pilatu dituen bizipenak partekatuko ditu entzuleekin.
Otsailak 29 | Cesar Palacios | Kanarietako naturaren eta gizakiaren historia, zazpi paisaiaren bidez | GAZT
Cesar-Javier Palacios kazetaria, ingurumen-hezitzailea, geografoa, naturalista eta turismo-gidari akreditatua da eta Fuerteventuran bizi da duela 25 urtetik. Hitzaldian zazpi uharte, zazpi paisaia, zazpi biodibertsitate eta kultur gotorlekuetatik bidaiatuko du, bertako natura, geologia, historia, jendea eta gastronomia ezagutzera emanez, baina baita haien arazoak eta erronka handiak azalduz ere.
Martxoak 7 | Erika Reija | Errudia, gerrarako bidea | GAZT
Erika Reija kazetaria eta politologoak TVEn lan egiten du 2004tik, azken bost urteak Moskun korrespontsal gisa. Bere esperientzian oinarrituta, Errusiak gero eta erregimen autoritarioago baterantz hartu duen bidea azalduko du, baita horrek Mendebalden eragin duen konfrontazioa ere.
Martxoak 8 | Miriam del Rio | Dark turismoa, turismo iluna modan dago | GAZT
Miriam del Rio kultura eta historia gaietan espezializatutako kazetaria da. Zinemari, arkeologiari eta historiari buruzko hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du, munduan zehar bidaiariak gidatuz. Bere hitzaldian, bost kontinenteetan zehar bidaiatuko dute entzuleek, heriotzarekin, misterioarekin edo uztearekin lotutako hainbat leku esploratzeko.
Martxoak 21 | Jose Luis Rebordinos | Zine-hiri batzuetan ibilbide laburra eta pertsonala, zineman | GAZT
José Luis Rebordinosek ibilbide profesional luze bezain oparoa du zinemagintzan. European Film Academy-ko (EFA) kidea da eta Donostia Kulturako Zinema Unitateko zuzendaria izan da azken 22 urteotan. Bizitzan zehar, hiri asko bisitatu ditu fisikoki, baita zinearen bidez ere. Hitzaldian maite dituen zenbait hiritan barrena egindako ibilbide sentimental eta oso pertsonala egingo du.
Martxoak 22 | Ander Izagirre | Album latinoamerikarra | EUS
Ander Izagirre kazetari donostiarrak bidaien eta nazioarteko gaien inguruko kronikak idatzi izan ditu komunikabideetan. Hainbat liburu ere argitaratu ditu. Amalurren, Latinoamerikan egindako hainbat erreportajeren bitartez, Izagirrek kontinente hartako zertzelada batzuk ekarriko ditu.
Martxoak 14-15 | Fernando Valladares | Mintegia | GAZT
Fernando Valladares biologian doktorea da, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko ikertzailea eta Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean irakasle elkartua. Izen handiko zientzialaria da, eta ikerketa ugari egin ditu biodibertsitatearen zereginari eta klima-aldaketak eta giza jarduerak ekosistemetan dituzten inpaktuei buruz. ‘Egoera historikoa deszifratzen, zibilizazio eredua eraldatzeko’ izango da eskainiko duen mintegiaren izena.
1626