Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 18. edizioa ekainaren 2an izango da

Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 18. edizioa ekainaren 2an izango da

Gipuzkoako probarik gogorrena eta ederrenetarikoa da

Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 18. edizioa aurkeztu da gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Proba ekainaren 2an izango da eta puntuagarri izango da Golden trail series 2019rako

Urtarrilaren 14an irekiko da atletek izena emateko epea. Otsailaren 1ean  bukatuko da eta 22an egingo da parte-hartzaileen zozketa. Antolakuntzak 150 dortsal gordeko ditu lasterketak dakartzan konpromisoei aurre egiteko eta beste 125, berriz, aurreko edizioetan lehiatu eta  edizio honetan ere parte hartu nahi duten atleten parte-hartzea ahalbidetzeko, eta azken bi edizioetan denborarik onenak erregistratu zituzten atleten parte-hartzea bermatzeko. Izen-ematea rock the sport webgunearen bidez egin beharko da.

Aratz mendigunean eta Aizkorri mendilerroan barrena egiten den mendi ibilbidean Euskal Autonomia Erkidegoko lau gailur garaienak zeharkatzen ditu: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri. Zegama herritik (296 m) Otzaurteko gainera (652 m) jotzen da, eta mendate horretatik aurrera mendi bide eta bidexka ederretatik igarotzen da ibilbidea, zuhaiztietan –gehienean hariztietan–, harkaitz bizizko eremu malkartsuetan eta goi mendietako larreetan barrena.  Lasterketa hau lurraldean egiten den proba gogorrena da, abiapuntuaren eta helmugaren artean 42 kilometro eta 5.472 metroko desnibela baitago.  

Aurten kilometro bertikala Maiatzaren 31ean izango da Zegaman, 16:00etatik aurrera.

Ekainaren 2an  VIII. Zegama-Aizkorri Junior Traila ere izango da, 10:30etan hasita, eta 10,4 kilometroko ibilbidea izango du. Antolatzaileak pozik agertu dira parte-hartzaile kopuruak gora egiten duelako urtero.

Denis Itxaso, Kultura eta Kiroleko Diputatuak proba honek Gipuzkoan sortzen duen aberastasuna nabarmendu du; gainera, Golden trail series-erako baliogarria da eta espezialitate horretako atletarik onenak ekartzen ditu Gipuzkoara.

Itxasok mendi maratoiak dituen balioak azpimarratu ditu, eta bereziki adierazi du horrelako probetan parte hartzen duten atletek egin behar duten sakrifizioa eta izan behar duten pertseberantzia. Izan ere, batzuk zortzi ordu baino gehiago behar izaten dituzte ibilbidea osatzeko.

Zegamako alkate Joseba Izagirrek baieztatu du probaren oinarriak sorrerako berberak direla gaur egun ere: proba posible egiten dute 400 boluntario baino gehiago; ingurunea, probaren ibilbideko zatirik handiena natura- eta ingurumen-balio handiko Aizkorri-Aratz parke naturaletik pasatzen baita; eta ingurumenarekiko errespetua.

 

  

2132