Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zerga alorreko aldaketek 38,4 milioi eurotan hobetuko dute Gipuzkoako zerga bilketa

Zerga alorreko aldaketek 38,4 milioi eurotan hobetuko dute Gipuzkoako zerga bilketa

Diputatuen Kontseiluak onartu ditu zerga araudia aldatzea proposatzen duten foru arau proiektuak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak aste honetan onartu ditu zerga alorreko aldaketak eta Ondarearen gaineko Zerga  erreformatzea aurreikusten duten Foru Arau proiektuak. Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez, erabakia pauso bat gehiago da, neurri hauek onartuak izateko egin behar duten bidean. Gainera, aurreratu du zerga alorreko aldaketak proposatzen dituen Foru Arau proiektuak 38,4 milioi euroko eragin positiboa izango duela zerga bilketan. Araudia eguneratzeko egitasmo honek batez ere Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergari eragiten die.

Lasa hedabideen aurrean agertu da gaur aste honetako Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko. Adierazi duenez, bi Foru Arau proiektuak Batzar Nagusietara eramango dira orain. Lehenik eta behin, Ogasun eta Finantza batzordean landuko dira eta, ondoren, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko. Foru bozeramaileak iragarri duenez, lehen hitzordua “martxo hasierarako” espero da eta, hau honela bada, araudi aldaketa proposamenak apirileko plenoan jorratuko dira.

“Gure zerga araudia gaur egungo egoerara egokitzea dute xede neurri hauek. Hau da, etengabeko hobekuntza prozesua, gure zerga bilketari eutsi eta, gainera, zertxobait handituko duena”, xehatu du Lasak. Zerga alorrean zenbait moldaketa egingo dituen Foru Arau proiektu honek jasotzen dituen neurrien artean, PFEZean pizgarri berria txertatzea proposatzen da. Lasak azaldu duenez, neurri honen helburua start-up berritzaileetara kapital inbertsioak erakartzea da eta, bere ustean, “gure lurraldean ekintzailetza erakargarriago egiten lagunduko du”.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionean, aldaketek zergaren tipoak aldatuko ditu, goitik eta behetik: alde batetik, tipo nominalak murriztuko dira eta, bestetik, gutxienezko tipoa igoko da. Biak ala biak, bi urteko epean egingo dira, era mailakatuan. Gainera, kenkari ezberdinen aplikaziorako muga berriak jarriko dira, esaterako, finantza gastu, berrikuntzan inbertsio edota zerga oinarri negatiboen konpentsazioen kasuetan. Neurri hauen eraginez, zerga honen bilketa handitzea aurreikusten da.

Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, foru bozeramaileak gogoratu du aldaketak 2015ean egin zen erreformaren bigarren zatia direla. Honela, legealdi hasieran hasitako bideari jarraipena ematen diote, eta helburua Gipuzkoako zerga Araba eta Bizkaikoarekin lerrokatzea da. Honela, ezkutu fiskalaren figura ezarriko da, zergaren tarifak eguneratuko dira eta izendapena aldatuko da: Aberastasuna eta Fortuna Handien zergatik Ondarearen gaineko Zergara. Bigarren hau, Lasaren iritziz, askoz hobeto egokitzen da Gipuzkoaren errealitatera.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna

Bestalde, gaurko bilkuran onartu da 450.000 eurorekin laguntzea emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten proiektuak, bai udalek eta mankomunitateek, bai emakume elkarteek eta irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuek, sustatzen dituztenak. Laster argitaratuko dira GAOn 2018ko deialdiaren oinarriak. Aurten ere lehenesten dira, batez ere, indarkeria matxistaren aurka doazen proiektuak, eta bizitzaren esparru guztietan kontziliazioa eta ardura partekatua sustatzen dituztenak.

“Egungo Aldundiak ezarrita dituen helburu estrategikoen artean, ardatzetako bi dira Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzea ardura partekatu dezan eta berdintasunezkoa izan dadin, eta indarkeria matxistarekin amaitzea. Hori dela eta, iaz % 25 igo zen deialdi honetara bideratutako diru kopurua, eta aurten kopuru horri eustea erabaki dugu. Emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzen duten espazio eta prozesuak finkatzen laguntzeko ere programa garrantzitsua da”, azaldu du Lasak.

2008tik aurrera, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko foru organoa sentsibilizazio zereginak burutzen ari da, tokiko entitateei baliabide material, ekonomiko eta pertsonalak emanez berdintasuna xede duten programak eta jarduerak burutzeko. Orobat, organoak baliabideak eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzen ditu, helburu dutenak bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzea.

450.000 euroko diru-poltsarekin, Gipuzkoan berdintasunerako politikak garatzea sustatuko da. Proiektu bakoitzak 10.000 euro arteko laguntza jasoko du. Legealdi honetako ildo estrategikora egokitzen diren proiektu berritzaileak sustatu nahi dira: kontziliazioa eta gizarte antolakuntza erantzunkide baten sustapena. Hori dela eta, bultzatuko diren jarduerak izango dira emakumeen eta gizonen artean lanean, familian eta bizitza pertsonalean dauden desorekak eta parte hartzeko baldintzak gainditzen lagunduko dutenak, eta zaintzan emakumeen eta gizonen erantzunkidetasuna sustatuko dutenak.

Halaber, Aldundiak beste ildo estrategikoa helburutzat duten proiektu berritzaileei laguntza emango die: indarkeria matxistaren alorreko sentsibilizazioa, prebentzioa eta arreta hobetzea, “Gipuzkoako emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko I. Foru Plana, Aurre!” planak jasotzen duenaren arabera.

Azkenik, azpimarratu behar da gaur onartutako deialdiaz gain, udalei laguntza emango zaiela Berdinbidean egitasmoaren bitartez, berdintasuneko tokiko politikak garatzeko baliabiderik izan ez, eta alor honetan aholkularitza tekniko espezializatua kontratatu nahi badute udal barruan lan prozesu batzuk abian jartzeko. Programara atxikitako 10.000 biztanle azpiko herriek, 100.000 euroko diru-poltsa izango dute emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko politiketarako eta lehen aipatutako estrategiei lotutako ekintzak gauzatzeko.

  

1753