Zerga bilketa %2,3 hazi da Gipuzkoan 2016an
Zerga bilketa %2,3 hazi da Gipuzkoan 2016an
Foru Ogasunak aurreko ekitaldian baino 93,6 milioi gehiago batu ditu
Zerga-bilketa metatua %2,3 hazi da Gipuzkoan 2016 urtean. 4.197,7 milioi euro batu dira guztira, hau da, 2015ean baino 93,6 milioi euro gehiago. Zenbaki hauekin, aurrekontuaren betetze maila %96,9koa izan da, urte hasieran aurreikusitakoa baino 132,7 milioi euro gutxiago eta urriko Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan (HDEK) baino 36,7 milioi euro txikiagoa. Bilakaera positiboa izan da zuzeneko zergen esparruan eta aurreikuspenak bete dira (%99,9), ez ordea zeharkako zergetan (94,6%). Puntu honetan, BEZaren doikuntzetan (lurraldeen artean eta Estatuarekin egindakoetan) jazotakoa nabarmendu behar da, espero baino 122,1 milioi euro gutxiago bildu baitira (urriko aurreikuspenak baino 24,4 milioi gutxiago). 2016aren behin betiko likidazioa, dena den, otsaileko HDEKean adostuko da.
Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, datuen irakurketa egin du: “Gure esku dagoenean, hau da, Errentaren eta Sozietateen kanpainetan, oso ondo ibili gara. Zeharkako zergetan, ordea, beste erakundeekin egiten ditugun doikuntzetatik ez dugu aurreikusi bezain beste jaso, eta azkenean honek zerga bilketa orokorrari eragin dio”, adierazi du. Dena den, berretsi nahi izan du beherakadak ez duela inongo eraginik izango Foru Aldundiaren kudeaketan. “Baliabide murrizketaren zatirik handiena aurreikusi genuen jada urriko HDEKean. Orduan esan genuen bezala, urtero naturalki exekutatu gabe geratzen dira hainbat programa eta ez da beharrezkoa inongo doikuntzarik egitea”, azaldu du.
Orokorrean, eragin positiboa izan dute PFEZak bai sarreretan zein itzulketetan, eta Sozietateen gaineko Zergaren enpresa irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiak. Hau da, aipatu bezala, positiboak izan dira bi kanpaina nagusiak, baina eragin negatiboa izan dute ondare irabazien eta kapital higikorren etekinen atxikipenak, bi zergetan %50 banatzen direnak. BEZaren doikuntzek ere, esan bezala, eragin ezkorra izan dute.
Zergaz-zerga
Zenbakietara jaitsita, PFEZ bere osotasunean hartuta, 49,8 milioi hazi da (+%3,3). Kontzeptu nagusia, lan irabazien atxikipenetan 40,4 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2,8). Sozietateen gaineko zergaren atalean, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbia 21,3 milioitan hazi da: sarrera gordinek 41,5 milioi egin dute gora, eta itzulketak 20,2 milioitan hazi dira. Bi zergetan, aldiz, eragin negatiboa izan dute beste bi kontzeptuk, ondare irabazien eta kapital higikorren etekinen atxikipenak: 29,7 eta 15,4 milioi gutxiago batu dira, hurrenez horren, zerga bakoitzean.
Zerga bereziei dagokionez, hidrokarburoen gaineko zergak 15,9 milioi gehiago batu ditu (+%4,2), eta tabako laboreen gaineko zergaren bilketak %4 egin du gora, hau da, 4,5 milioi euro gehiago. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %0,7 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 8,5 milioi euro gehiago bildu dira: 54,5 milioitan hazi dira sarrerak (+%3,9), itzulketak 24,5 milioitan hazi dira (+%4,1) eta lurraldeen arteko doikuntzak 21,5 milioi jaitsi dira (-%5).
2094