Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elias Querejeta Zine-Eskolak ateak irekiko ditu urrian Tabakaleran, eta hainbat ikerketa eta dibulgazio proiektu jarriko ditu abian

Elias Querejeta Zine-Eskolak ateak irekiko ditu urrian Tabakaleran, eta hainbat ikerketa eta dibulgazio proiektu jarriko ditu abian

Urtebeteko aurkezpen eta prestaketen ondoren, gradu-ondoak 2018ko irailaren 21ean hasiko dira, Donostiako Zinemaldiarekin batera

2017/07/11

Urtebeteko aurkezpen eta prestaketen ondoren, gradu-ondoak 2018ko irailaren 21ean hasiko dira, Donostiako Zinemaldiarekin batera

Elias Querejeta Zine Eskola irailean hasiko da lehen pausuak ematen, eta, horretarako, bere zinema prestakuntza, ikerketa eta dibulgazio eskola proiektua indartutako du. Prestakuntza ildoa 2018ko irailean jarriko da abian, Zinemaldiarekin batera, eta zinemagintzaren artxibatzea, komisariotza eta sormena landuko dituzten hiru gradu-ondoko ikasketek osatuko dute. Bestalde, ikerketa 2017ko urritik aurrera jarriko da martxan, eta eskolako jarduerak abian jarriko dituen lehenengoa izango da. Hala azaldu dute gaur Denis Itxaso Kulturako foru-diputatuak eta Carlos Muguiro eskolako zuzendariak. Ikerketak berriki aurkitu diren Andréi Tarkovskiren zinema-lezioak ikertuko ditu, izen bera duen institutuarekin elkarlanean. Gainera, bi diru-laguntza deialdi irekiko dira Gipuzkoako ikertzaileentzat, beren aurre-doktoratu eta doktoratu osteko ikerketetan laguntzeko. Dibulgazioak jendaurreko programa batekin ekingo dio lanari. Programaren helburua etxeko zinema ospatzea, balioa berriz ematea eta horren inguruan kontzientziatzea izango da. Ekintza horiek urriaren 21etik 27ra bitartean egingo dira, nazioartean ezagunak diren beste bi ekitaldiren egunen artean: Etxeko Zinemaren Nazioarteko Eguna eta Ikus-entzunezko Ondarearen Nazioarteko Eguna.

Prestakuntza. 2018-2019 ikasturtea

Nolanahi ere, Elias Querejeta Zine-Eskolaren lehen promozioa hurrengo urtean aterako da, 2018ko irailaren 21ean, Zinemaldiaren 66. edizioa hasiko den egun berean. Hala, eskolak ez du ikasturtea ikasgeletan hasiko, baizik eta zinema-aretoetan bertan. Itxasok azaldu duenez, “datak ikusita, horrelako ikastetxeetan ikasleak matrikulatu eta izen emateko edukitzen duten ohiko epeetara berandu iristeko arriskua genuen. Horregatik, nahiago izan dugu gradu-ondokoen ikasturte hasiera urtebete atzeratu. Horrela, etor litezkeen ikasleei arreta egokia emateko denbora nahikoa edukiko dugu. Izan ere, lehen urte hau ikastetxean etorkizunean egongo diren edukien inguruko aurkezpen zehatz eta sakon bat egiteko erabiliko dugu. Ikasturteak 54 asteko iraupena izango du, eta irasleek presentzialki emango dituzte eskolak. Ikasturtea Zinemaldiaren hurrengo edizio inguruan amaituko da. Alde batetik, lehenengo ikasturteko ikasleen helmuga izango da (zeinek beren proiektuak amaitzeko denbora izango duten) eta, beste alde batetik, abiapuntu ikasle berrientzat.

Eskola Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu du, eta proiektu pedagogiko bakar eta berezi bat dauka, hiru espezialitatez osatuta dagoena (Artxibatzea, Komisariotza eta Sormena). Espezialitateak eskolaren kontzeptualizazioan parte hartu duten hiru erakunderen ezagutza-alorretan oinarrituta daude: Euskadiko Filmategia, Donostiako Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa.

Antolamendu horren eta hiru ibilbideen helburua da ikasleek ahalik eta ikuspuntu zabalena eta zeharkakoena lortzea, zeinak zinemaren hiru denborekin elkarrizketan aritzeko aukera emango dien: iragana (ikerketa eta babesa), oraina (komisariotza eta programazioa) eta etorkizuna (sormena). Espezialitate bakoitzeko arduradunak honako hauek izango dira hurrenez hurren: Clara Sánchez-Dehesa L.Jeffrey Selznick School of Film Preservation eskolan ikus-entzunezko eta zinema materialaren babesean eta zaharberritzean espezialista eta  UCMko masterrean Ikus-entzunezko Ondarean espezialista; María Palacios Cruz, komisarioa, idazlea, mugimenduzko irudia eta zinema irakaslea, Belgikako Courtisane Festibaleko zuzendari ohia, eta, gaur egun, LUXeko zuzendari ondokoa (Londresen egoitza duen mugimenduzko irdudiaren inguruko praktika artistikoak sustatzen dituen organismoa) eta Laida Lertxundi, Pasadenako (Kalifornia) Art Center College of Design-eko Arte Ederren eta Giza Zientzien irakaslea, Kaliforniako Arteen Institutuan Arte Ederren masterra egin zuena, eta mundu osoko galerietan, festibaletan eta museoetan proiektatu diren lanen egilea.

Informazio garaia dagoeneko irekita dago, eta aurretiko izen-emate prozesua irailean jarriko da abian. Matrikularen prezioa 3.500 euro izango da.

 

Ikerketa. Tarkovskiren lezio galduak.

Tarkovskiren gertuko lankide baten artxiboan Tarkovski zinemagileak Moskuko zinema eskolan eman zituen zinema-lezioen 90 orduko iraupena duten grabazioak aurkitu zituzten. Aparteko aurkikuntza horren ostean, Elias Querejeta Zine Eskolak, Tarkovski Institutuarekin batera, grabazio horiek ikertzeko, zaharberritzeko eta zabaltzeko helburua duen proiektu batean parte hartuko du. Aurkitu diren materialak 1975. eta 1981. urteen arteko soinu-grabazioak dira. Grabazioetan Tarkovskik zinemagile lanaren barneko hainbat alor jorratzen ditu, auzi estetikoak, etikoak, filosofikoak eta psikologikoak, esate baterako; eta teoria eta praktika zinematografikoaren inguruko hausnarketekin tartekatzen ditu, beste hainbat auziren artean.

EQZE izango da ekitaldi eta proiektu horretan parte hartuko duen Estatuko erakunde bakarra, eta zenbait jardunaldiren bidez zabalduko du materiala. Gainera, hemendik gutxira sinatuko den lankidetza-hitzarmenari esker, EQZEko ikasleetako batzuek grabazio horien zaharberritze prozesuan lan egiteko aukera izango dute Moskun. Lan hori beren prestakuntzaren parte izango da.

Ikerketa diru-laguntzak

Elías Querejeta Zine Eskolak, zinemagintzaren inguruko pentsamendua eta ikerketa sustatzea helburu duenak, ikerketarako bi diru-laguntza deialdi irekiko ditu, bata aurre doktoraturako eta, bestea, doktoratu osterako. Diru-laguntzak gipuzkoarrentzat izango dira, eta EQZEren proiektuarekin zer ikusia duten lanak, egonaldiak eta beste hainbat jarduera finantzatuko dituzte. Diru-laguntza bakoitza 3.000 euro izango da; eta alorra, zinemagintzaren estetikaren, historiaren eta pentsamenduaren inguruko ikasketak. Diru-laguntzak bateragarriak izango dira onuradunak eduki lezakeen beste edozein diru-laguntzarekin edota bekarekin. Bi ikerketa-proposamenek (ikerketak hautatzeko prozesuaren inguruko informazioa laster eskainiko da) ikerketa-aurrerapenen laburpen bat aurkeztu beharko dute sei hilabete baino lehen eta, urtebete ondoren, emaitza osoa eta ateratako ondorioak aurkeztu beharko dituzte. Gainera, beren ikerketak jendaurrean partekatu beharko dituzte EQZEn beste jarduera batzuekin lotuko den ekitaldi batean edo batzuetan.

 

Zabaltzea. Etxeko zinema eta zinema amateurra ospatzea

Etxeko Zinemaren Nazioarteko Egunarekin (urriaren 21a) eta Ikus-entzunezko Ondarearen Nazioarteko Egunarekin (urriaren 27a) batera, eskolak edozein euskarritan egindako material amateurra jasoko du. Ondoren, materialak aztertuko ditu eta, beharrezkoa balitz, digitalizatu egingo ditu, jabeen mesederako. Horrez gain, material horietako batzuk hautatuko dira zinema aretoetan zuzeneko musikarekin proiektatzeko. Jardunaldiak amaituko dira etxeko zinema eta zinema amateurraren berrerabilpen artistikoaren inguruko konferentziekin eta beste hainbat jarduerekin. 

Etxeko Zinemaren Nazioarteko Eguna, edo Home Movie Day, mundu mailan ezaguna den ekitaldia da. 2002an sortu zen eta helburua ikus-entzunezko ondarearen garrantziaz eta hauskortasunaz kontzientziatzea da. Munduko zenbait lekutan familiei gonbita egiten zaie beren etxeko artxiboa berreskuratzeko, materialak kontserbatzaile baten eskuetan uzteko (hark diagnostiko tekniko bat egin dezan), eta, ondoren, komunitatearekin jai giroan materiala partekatzeko.

 

 

  

1624