Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Tabakaleran kokatuta egongo den Zine Eskola berriaren aurkezpena

Tabakaleran kokatuta egongo den Zine Eskola berriaren aurkezpena

Eskola berria eraikitzeko lanak abuztuan bukatuko dira.

2017/02/20

 

  • Proiektu pedagogikoak hiru ezagutza eremu hartuko ditu: zine sorkuntza eta zuzendaritza; ekitaldi zinematografikoen kudeaketa eta planifikazioa, eta filmak artxibatzea, katalogatzea eta zaharberritzea.
  • Laster egingo da Zine Eskolaren zuzendaritza hautatzeko lehiaketarako deialdia.
  • Itxaso: “Legealdi honetako konpromiso politiko nagusietako baten oinarriak ezarriko dira horrela. Garaiz gabiltza zine munduan daukagun potentzial osoa baliatzeko”

Denis Itxaso lehen diputatu nagusiorde eta Kultura diputatuak gaur ezagutarazi ditu Tabakaleran sortuko den zine eskola berriaren inguruko xehetasunak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tabakalerak lankidetza hitzarmena sinatu dute eskolaren kokaleku izango den Tabakalerako beheko solairuko 539 m2-ko espazioa egokitzeko. Horrela, Aldundiak datorren 25 urteetarako lagapena eskuratu du, espazio horretan eskolaren proiektua gauzatu ahal izateko.

Itxasok azaldu duenez, proiektu honen bidez legealdi honetako kultura arloko konpromiso politiko esanguratsuenetako bat beteko da; proiektu estrategikoa da lurraldearen kultura eredua eraldatzen eta errealitate berrietara egokitzen lagunduko duelako. Gipuzkoa inguru pribilegiatua da zinemari eta ikus-entzunezkoei dagokienez; maila handiko profesionalak, ekitaldi garrantzitsuak eta interes handiko herritarrak ditu, baina ez du horri guztiari erantzuteko prestakuntza aukerarik. “Zine Eskola berriak zineman espezializatutako profesionalen fabrika ere bihurtzen du Tabakalera, eta hori faktore garrantzitsua da Gipuzkoan sektore hau sendotze bidean etorkizunerako oinarriak jartzeko”.

Gipuzkoan –eta ondorioz Euskadin–, ikus-entzunezkoen industria bilakaera interesgarria izaten ari da, eta garrantzia artistiko eta ekonomiko handiena duen sormenezko esparrua da gaur egun. Ekoizpen agentzien sareak, Tabakalerako ekosistema osatzen duten Nazioarteko Zinemaldiak, Euskadiko Filmotekak, bitartekaritza zerbitzuek (UBIK mediateka eta proiekzio aretoa, adibidez) eta Ikusmira Berriak bezalako programek sinetsarazten digute badagoela lehengairik burura eramateko proiektu bat, saiatuko dena sorkuntza munduaren, prestakuntzaren eta ondarearen arteko loturak sendotzen.

Horiek horrela, Tabakalera jo da zentroaren kokaleku naturaltzat, han baitago lurraldeko ikus-entzunezkoen ekosistema osoa. “Eskola honekin ikus-entzunezkoen prestakuntza osagarria eta sortzaileei zuzenduriko laguntza sustatu nahi ditugu”, baieztatu du Itxasok.

Abiarazi nahi den proiektu pedagogikoak oinarritzat du eraikinean dauden ikus-entzunezkoei loturiko hiru erakundeen lan esparruak integratzea; Euskal Filmotekarena, Donostiako Zinemaldiarena eta Tabakalera kultur proiektuarena, alegia.

Ideien lehiaketarako proposamenak hiru arlo hartzen ditu:

  • Filmak artxibatzea, katalogatzea eta zaharberritzea (zainketa, memoria eta historia barne hartuta).
  • Ekitaldi zinematografikoen kudeaketa eta planifikazioa: Zinemaldiaren arloko programazioa, festibalen antolaketa, kritika…
  • Zine sorkuntza eta zuzendaritza: Tabakalera kultur proiektuaren esparruan, ikus-entzunezko lengoaia, irudia, soinua, narrazioa…

“Proiektu honek ikus-entzunezko sorkuntza garaikideari erantzun beharko dio: galderak egin beharko ditu iraganaz (zine artxiboaz, memoriaz, hastapenez), ikus-entzunezkoen industriaren eta gaur egungo publikoen errealitatea ezagutzeko modu bat proposatu beharko du, eta etorriko diren zine proiektuen sorkuntza garatzeko espazio bat eskaini beharko du.  

Programaren oinarri izango diren hiru ezagutza esparruek (zine artxiboa, komisariotza eta sorkuntza) elkarren osagarri diren hiru aukera profesional osatzen dituzte, hirurak ere ezinbestekoak gaur egungo ikus-entzunezkoetan”, azaldu du Itxasok.

Laster lehiaketa deialdi bat onartuko du Departamentuak, eta lehiaketa horren bidez hautatuko dira Tabakalerako ikus-entzunezkoen prestakuntza zentroa garatzeko eta martxan jartzeko proiekturik onena eta dagokion zuzendaritza.

Egokitze lanak

Atera dira lehiaketara Tabakalerako beheko solairuaren hego-mendebaldeko izkinan egongo den zentroa egokitzeko lanak. Lizitazio prozesuan dauden lanak 285.750,50 eurokoak dira (BEZa kanpo), aurreikuspenen arabera aurtengo abuztuan amaituta egongo dira, eta barrualdea erabilera berrirako birmoldatzekoak izango dira. Espazioaren egungo egoera ona da, orain dela gutxi egin baitira eraikin osoa egokitzeko lanak eta prest baititu oinarrizko azpiegiturak.

Proiektuaren arabera, espazioak hainbat eremu izango ditu.

  • Harrera eta administrazio eremua: Eskolako sarreran.
  • Irakaskuntza eremua: Eskolaren erdigunean kokatua. Eremu horrek izango ditu, batetik, irakaskuntzarako hiru gela handi –handiena 25 ikaslerentzakoa eta beste biak 15 ikaslerentzako modukoak– eta, bestetik, bi tailer gela txiki, bata argazkilaritza tailerra izango dela eta bestea, berriz, proiektatzeko eta editatzeko makinentzako tailerra.
  • Ikasketak: Ikasketetarako lau eremu, horietatik hiru itxiak eta bat irekia, audioa eta bideoa editatzeko.Oro har, proiektuak proposatzen duen banaketa horren bidez, maximizatu egin nahi izan dira espazioen erabilera eta argiztapena. 
  

1731