Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Zumaia eta Zestoa arteko bidegorri berriak Urolako Bide Berdearen ibilbide jarraitua osatuko du

Zumaia eta Zestoa arteko bidegorri berriak Urolako Bide Berdearen ibilbide jarraitua osatuko du

Foru Aldundiak eraikuntza-proiektua onartu du, 3,2 milioi euroko inbertsioarekin eta bederatzi hileko egikaritze-epearekin. Ingurumen-integrazioa lehentasun izan da trazadura zehazteko orduan

2025/04/01
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gobernu Kontseiluak Narrondo eta Iraeta arteko bidegorriaren eta oinezkoen bidearen eraikuntza-proiektua onartu du gaur goizean. Zumaia eta Zestoa arteko jarduketa honek, foru bozeramailearen hitzetan, “Urolako Bide Berdea osatzea eta, bide jarraitu bat egitea ahalbidetuko du, Zumaiatik Zumarragaraino, 36 kilometroko ibilbidean, Urolako trenbide zaharraren trazadura jarraituz; balio natural eta kultur handiko inguru batean, Gipuzkoaren bihotzean”.

Tarte berriak 4,15 kilometroko luzera izango du, eta 3.220.462,87 euroko (BEZa barne) lizitazio-aurrekontua. Obraren exekuzio-epea bederatzi hilabetekoa izatea aurreikusten da. Jarduketa hau Gipuzkoako Bidegorri Sarearen Lurralde Plan Sektorialaren barruan kokatzen da eta Europako Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren –NextGenerationEU– finantzaketa jaso du.

Foru bozeramaile Irune Berasaluzek oso positiboki baloratu du proiektuaren onarpena: “Gipuzkoako Bide Berdeen sarea ez da azpiegitura hutsa: mugikortasun iraunkorrago, seguruago eta konektatuago baten aldeko apustu sendoa da. Tarte berri honekin, trazadura ingurumenarekin integratzea funtsezkoa izan dena, ekialdetik mendebaldera Gipuzkoa lotzeko pauso erabakigarria ematen dugu; herriak elkartuz eta ingurunea biziberrituz, lurraldeaz modu osasungarrian gozatzeko aukerak irekitzen dituen bide berde baten bidez.”

Berasaluzeren hitzetan, “kalitatezko eta konektatutako bidegorri-sare baten alde egiten dugu, herritarren gero eta eskaera handiagoari erantzunez; sare honek ez ditu soilik bizikletazko joan-etorriak erraztuko, baizik eta mugitzeko eta lurraldearekin harremanak izateko gure modua eraldatzen lagunduko du”.

Onartutako proiektuak Narrondo (Zumaia) eta Arroabea eta Iraeta (Zestoa) auzoak konektatuko ditu, erabilgarritasuna, segurtasuna, iraunkortasuna eta paisaian integratzea bermatuko duen trazadura baten bidez. Tarte berri honek lurraldeko Bide Berdeen 5. ibilbideari jarraipena emango dio eta etorkizuneko 2. ibilbidearekin ere lotuko da, Mutrikurantz.

N-634 errepidearen ondoan doan zatian, plaka albeolarrekin osatutako egiturak, oinezko eta txirrindularientzako seinaleztatutako pasabide seguruak, bereizketa eta segurtasun elementuak, eta malda leuneko arrapalak eraikitzea aurreikusten da. Arroabearen ingurutik aurrera, trazadura Urolako trenbide zaharraren plataforma osoa baliatuz egingo da, ibilbidea irisgarriagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagokoa izan dadin. Bertan garbiketa lanak, zoladuraren berrikuntza, kaltetutako elementuen ordezkapena eta seinaleztapenaren eta argiteria sistemaren instalazioa egingo dira.

Ibilbide osoan argiztapena egongo da, baita AP-8 eta GI-631 azpiko pasabideetan ere; gainera, euri-uren hustubide eta drainatze sistema egokiak izango ditu, eta aurrez afekzioak zeuden guneetan konponbide espezifikoak hartuko dira kontuan.

Teknologia kuantikoen eta digitalizazioaren aldeko apustua

Gaur, halaber, bidea eman zaio Gipuzkoa Quantum 2025 deialdiari, lurraldea teknologia kuantikoen arloan erreferentziazko polo gisa sendotzeko helburuarekin. Edizio berriak 1.500.000 euroko aurrekontua izango du, eta horrek 2024ko deialdiarekin alderatuta igoera dakar; orduan, 17 proiektu lagundu ziren, guztira 1.060.331 euroko finantzaketarekin. Edizio honetako berrikuntza nagusia da enpresek banaka aurkeztu ahal izango dutela, enpresetan teknologia honen aplikazioa sendotzeko asmoz. Era berean, mantendu egiten da enpresen, I+G unitateen eta aditu diren erakundeen arteko lankidetzazko I+G proiektuen babesa.

Berasaluzek nabarmendu duenez, “teknologia kuantikoek sektore estrategikoak eraldatuko dituzte, hala nola osasuna, energia, mugikortasuna edo zibersegurtasuna, kalkulu oso konplexuak denbora laburrean egiteko duten gaitasunari esker. Adibidez, molekulen portaera simulatuz botika berriak diseinatzea, logistika sareak optimizatzea edo askoz algoritmo seguruagoak garatzea ahalbidetuko dute”.

Gipuzkoa Quantum 2022 urtean sortu zen teknologia kuantikoa ekoizpen ehunera hurbiltzeko helburuarekin. Ordutik, Gipuzkoako ekosistemak aurrerapauso nabarmenak eman ditu: zentro eta unibertsitateek ikerketa areagotu dute, zientziaren eta enpresaren arteko hausturak gainditu dira, eta 2023an IBM-Quantum Basque Center martxan jarri zen Donostian, munduko ordenagailu kuantiko gutxietako bat lurraldera ekarriko duena. “Deialdi berri honekin, Foru Aldundiak teknologia estrategiko baten aldeko apustua berresten du; hasiberria da, baina datozen hamarkadetako industria-lehiakortasuna baldintzatuko du”, adierazi du Berasaluzek.

Halaber, 4.0 Produktua programaren deialdia onartu da, 794.375 euroko aurrekontuarekin. Programa hau Gipuzkoa Digitala ekimenaren barruan kokatzen da eta Gipuzkoako enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea du helburu, Fabrikazio Aurreratua eta Industria 4.0 arloetan produktu eta aplikazio berriak garatuz.

Programak bi laguntza-lerro izango ditu: lehena, produktu tradizionalak gailu adimentsu eta konektatu bihurtzeko teknologiak txertatzera bideratua; bigarrena, jada prozesuetan datuak sortzen dituzten baina oraindik baliatzen ez dituzten enpresei laguntzera. Datu horiek informazio estrategiko bihurtzeko adimen artifiziala eta adimen artifizial sortzailea erabili ahal izatea da helburua.

Irune Berasaluzek azaldu duenez, “aurreko edizioan 27 proiektu finantzatu ziren, eta aurtengo deialdiarekin produktu eta prozesu berrien garapenerako aukerak sortzen jarraitu nahi dugu. Adimen artifizial sortzailea bezalako teknologia disruptiboen alde egiten dugu, jada hainbat sektoretan eraldaketa eragiten ari dena eta gure enpresentzat berrikuntzarako, eraginkortasunerako eta lehiakortasunerako potentzial handia eskaintzen duena. Aldunditik, Gipuzkoako ETEei lagundu nahi diegu euren eraldaketa digitalean, merkatuko aldaketetara aurrea hartzea eta gero eta lehiakorragoa den testuinguru globalean abantailaz kokatzea ahalbidetuko dieten soluzioak bultzatuz.”

Maltzagako bidezubiaren birgaitzea

Bidegik lizitaziora atera ditu Maltzagako bidezubiaren birgaitze lanak, AP-1 eta AP-8 autobideak Behobiako noranzkoan lotzen dituen azpiegitura, Soraluze, Eibar eta Elgoibarko mugan. Jarduketak 6.573.000 euroko oinarrizko aurrekontua izango du (BEZa gabe) eta 25 hileko exekuzio-epea, obra esleitzen denetik zenbatzen hasita.

Irune Berasaluzek azaldu duenez, proiektuaren helburua da “pisu handiko trafikorako eta distantzia luzeko joan-etorrientzako funtsezkoa den azpiegitura hau berritu eta indartzea, bere segurtasuna eta iraunkortasuna hobetuz”. Berasaluze-ren hitzetan, “berrikuntza sakona” izango da: kanpoko euskailuak (kableak) ordezkatuko dira eta bidezubiaren portaera denbora errealean monitorizatuko duen sistema modernoa ezarriko da. 150 metroko luzera eta hiru arku dituen bidezubi honek Gipuzkoako bi autobide nagusi lotzen dituen lotune estrategikoaren parte da.

Egitura-elementuen berritzea faseka egingo da, bidezubiaren segurtasuna eta erabilgarritasuna une oro bermatuz. Horretarako, aldi baterako egiturak eraikiko dira, ibilgailuen zirkulazioa eten gabe lan egiteko. Era berean, babes-neurriak ezarriko dira, balizko material erorketek azpian doan trenbidea, bidegorria edo errepidea kaltetu ez ditzaten.

Proiektuaren bigarren faseak honako lan hauek aurreikusten ditu: habe nagusien sendotze- eta babes-lanak, drainatze-sistemaren berritzea, zoladuraren birjartzea eta segurtasun-elementuen ordezkapena (hedapen-junturak eta hesiak barne).

  

3490