Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Ander Iturri Mugikortasuneko foru-zuzendariarekin batera, Lurraldebus 2022 txosteneko datu garrantzitsuenak aurreratu ditu, eta laster ezarriko diren zerbitzuen hobekuntza nagusien berri eman du, Lurraldebusen erabiltzaile diren gipuzkoarrentzako onurak areagotuko baitituzte. Hobekuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: lehenik eta behin, MUGI tarifaren deskontuak aplikatzea Bilboko aireportura egiten diren bidaietan, orain arte ezin baitzituzten MUGIren tarifa ekonomikoak baliatu; eta, bigarrenik, Lurraldebus lehenengoz iristea EHUren Leioako campusera, non, Romerok iragarri duenez, herritarrek MUGI tarifez baliatu ahal izango duten, bereziki Mugi Gaztea txartelaren titular diren ikasleek.