Aguazilak

Tokian tokiko bizitza publikoan usadiozko pertsonaiak izan dira, eta horiek aukeratu edo kargutik kentzea udalen ardura izan da betidanik.

Duela mende bat baino gehiagoko araudiek, besteak beste 1859ko Tolosako araudiak, aguazilen betebehar guztiak ondo zehazten zituzten, baina haien eskubide bat ere aipatu gabe.

Betebehar horien artean aipagarriak dira “aguaziletako bat alkatearen etxeko ate aurrean egotea, hau etxean dagoenean, beti bere esanetara. Horrez gain, bulego ordutegian, beste aguazil batek udaletxeko idazkaritzako gelaurrean egon beharko du". Baita ere, “alkateari gaueko errondan lagundu beharko diote, eta beraiekin joaten ez bada ere, alkateari komeni zaion moduan egin beharko dute erronda hori”.

Horrez gain, “otoitz deiaren ondoren 15 urtetik beheko haurrak kalean ibiltzea ekidin, eta egunean zehar umeek txapetan edo kartetan jolastea ere eragotzi behar dute, baita debekatutako lekuetan pilotan jolastea, harriak botatzea eta bataioetan garrasi egin eta dirua eskatzea ere”. Zeregin horiek guztiak betetzeaz gain, “eskola orduetan kalean dabiltzan haurrak jaso eta beren eskolara eraman" behar zituzten.

AguazilaMartin Maiztegi, “Piston” soraluzetarra oso aguazil ezaguna zen, eta bestelako lanak ere egiten zituen: besteak beste Udaletxeko atezaina eta zerga-biltzailea zen. (Ramiro Larrañagak utzitako argazkia).

Beste zereginen artean, “udaleko deialdi orokor edo itxiak pasa" behar zituzten, "udaleko bilkuretan gelaurrean egon behar dute, eta edozein gertaerei aurre egiteko prest egon". Horrez gain, epaitegiko zitazioak jakinarazi behar zituzten, kale-garbitzaileek leku publikoak garbi mantentzea bermatu behar zuten, baita eskaleak kalean nahiz eliza eta etxe atarietan ez egotea ere.

Alkatearen baimenik gabe ezin zuen herritik atera, ezta lanorduetatik kanpo taberna, kafetegi edo ardandegietan sartu.

Soldata, herrietako administrazioko lanpostu askotan bezalaxe, prestakuntza bereko profesionalena baino apalagoa zen, eta XX. mende hasieran, udaltzaingoa sortu zenean, lanbidearen gainbehera nabarmendu egin zen.