Aingurak

Mutrikuko Odriozolatarrek hainbat pisu eta tamainako aingurak ere egiten zituzten, herriko arrantzuntzietan erabiltzeko. Errementerian egiten zituzten aingura motak ardatz bakarrekoak izaten ziren, bukaeran lau hanka edo azkazal izaten zituztenak, punta zapal eta zorrotzekoak.

Forjatutako aingura bat egiteko, ebakidura biribileko barra bat hartu eta harrikatzez piztutako sutegian berotzen zen. Behar zuen tenperaturara iristen zenean, ingude gainean jarri eta pertsona batek edo bik kolpatzen zuten borrak erabiliz, horrela barraren ertz bat mehetu eta pieza pixka bat luzatzeko. Jarraian, barra berriz ere berotu ostean, ertz mehean zulo bat egiten zen, aingura ontzira lotuko zuen sokaren eraztuna jarri ahal izateko. Horretarako, barra ingudean jarri eta gainean ziri baten punta jartzen zitzaion. Jarraian mazo batekin ziriari gogor jotzen zitzaion. Horrela, ziria barran sartzen joaten zen, eta ondorioz, zuloa egiten, azkenean barra osoa zeharkatu eta zulatu arte. Gero zulo hori handitu eta borobildu egiten zen, betiere, kolpe bidez.

Gero, arreta handiz ainguraren lau hanka edo azkazalak egiten ziren. Horretarako ardatzerako erabilitakoa baino barra argalagoa erabiltzen zen. Behar bezalako neurrira moztu ondoren, sutegian berotzen zen gori-gori jarri arte. Jarraian, barra ingude gainean jarri eta mailuz kolpatuz, ertz bat mehetzen zen forma puntaduna emanez. Jarraian, ertz hori bera zapaldu eta lantza-punta forma ematen zitzaion.

Horrelako lau pieza egin ondoren, ardatzera soldatu behar ziren. Horretarako piezak kurrikekin hartu eta bata bestearen gainean jartzen ziren. Gero borra edo mazoa erabiliz, behiz eta berriz kolpe azkarrak eman eta lau hankak ardatzera soldatuta geratzea lortzen zen. Eragiketa hori oso kontuz egin behar zen, tenperatura egokian betiere, horrela gainazala ez herdoiltzeko. Izan ere, hori gertatuko balitz, piezak ardatzera soldatzea askoz ere zailagoa zen. Lau hankak ardatzera erabat lotuta zeudenean, kurbatu egiten ziren. Horretarako, pieza osoa sutegian berotzen zen berriro, eta tenperatura egokira heltzen zenean, hanka bakoitza ingudearen ertz konikoan jarri eta mailuz kolpatzen zen, nahi zen kurba eman arte.

Azkenik, burdinazko barra puska bat gori-gori jarri arte berotu ondoren, mailuz kolpatu eta eraztun bat egiten zen, ardatzaren goiko aldeko zuloan jartzen zena. Pauso hori amaitu ondoren, aingura forjatuaren fabrikazio prozesua amaitutzat jotzen zen.

AstilleroAstillero de Pedro Manuel en 1.918, para el que trabajaron los Odriozola durante generaciones. Del libro Mutrikuko Argazkiak.