Aire-tranbiagileak

Lehen esan dugun bezala, burdina eduki handiena zuten meatzeak poliki-poliki agortzen joan ziren, eta ondorioz, aldez aurretik baztertutako mineralak ustiatzen hasi ziren. Horien artean ohikoena txirta izenez ezaguna zen buztin edo arrokekin nahastutako limonita(horaila) minerala zen. Mineral hori labe garaietan erabili edo esportatu baino lehen, garbitu egin behar zen (elementu antzuak kentzeko).

Txirta ustiatzen zen inguruan urik ez bazegoen, ura zegoen tokiraino garraiatu behar izaten zen minerala, han garbitu ahal izateko.

Hasierako garraio-prozedura (animalia bidezko garraioa) aire-tranbiek ordeztu zuten, baita ere balde-lerro zeritzanak. Aire-tranbiek eskonbrotegiak eta garbitegiak elkartzen zituzten, batez ere desnibel edo malda handiak zeuden lekuetan. Txirta garbia garraiatzeko ere prozedura bera erabiltzen zen, betiere ustiategi ondoan garbitzen bazen.

Orokorrean, aire-tranbiak egurrezko edo metalezko astoek eusten zituzten kableez osatuta egoten zen. Kable horietan baldeak zintzilikatzen ziren, eta bertan garraiatu beharreko materiala zamatzen zen. Beste garraio-sistemekin alderatuta, honek abantaila asko zituen: izan ere, lerro zuzenean eraikitzen zenez, lurren gorabeheretara ondo egokitzen zen. Ez zen lurra berdindu behar, ez zen tunelik egin behar, eta horrez gain, bestelako bide edo komunikabideak inolako arazorik gabe zeharkatu edo gurutzatzen zituen.

La Rochell balde lerroaLa Rochell balde lerroa, Gallartan, XIX. mende bukaeran. (Gallartako Meatzaritzaren Museoa).

Lehen aire-tranbia 1872an eraiki zen, eta Matamotos ustiategia eta Trianoko trenbideko Arkotxako geltokia lotzen zituen. XIX. mendea amaitu baino lehen, beste 17 aire-tranbia jarri zituzten martxan, eta XX. mende hasieran, beste 20 bat inguru. Meatzari zaharren kalkuluen arabera, meatzaritza eskualdean 50 balde-lerro inguru egon ziren martxan.

Horrelako garraiobideak egiteko, aire-tranbiagileek trebetasun eta eskarmentu handia behar izaten zuten. Gainera, balde-lerroak eraikitzeaz gain, askotan horien mantenu eta konponketa lanetaz ere arduratzen ziren. Hala eta guztiz ere, langile horien soldata meatzarien antzekoa izaten zen.

Hasiera batean, txirta saskietan zamatzen zen, eta saski horiek bizkar gainean edo idiek ala zaldiek tiratutako gurdietan garraiatzen ziren ur-lasterretaraino. Bertan, minerala uretara botatzen zen, eta aitzur batekin mugitzen zen, burdin minerala eta material antzuak banatzeko.

XIX. mende bukaeratik aurrera, txirta bagoietan zamatzen zen, eta handik, deskarga-ataka baten bidez, zuzenean aire-tranbian zintzilik zeuden terreinatxo izeneko baldeetan zamatzen zen.Batzuetan, minerala trinkotzen zenez, berriz ere aitzurrarekin nahastu behar izaten zen. Baldeak aire-tranbiako ibilbidea amaitzean, minerala aska izeneko biltegian iraultzen zen, eta baldeak zamatokira hutsik itzultzen ziren. Jarraian, txirta trameletara pasatzen zen, bertan garbiketa-prozesua hasteko. Prozesu hori emakumeek amaitzen zuten, material antzua eta minerala eskuz bananduz.

Tranvía aéreo