Aitatxarka

Tarsicio Rey Bakaikoak (Erriberri, 1957), helduen gizarte hezitzailea, eta Patxi Fuertes Quiñonesek (Alesbes, 1960), Arte Ederretan lizentziatua eta Nafarroako Antzerki Eskolan irakasle, nafarrak biak, erakunde honetarako eszenografia lan bat eginez hasi zuten elkarrekiko harremana..

XX. mendeko laurogeita hamarreko lehen urteez geroztik elkarrekin ari dira lanean erraldoi eta buruhandiak egiten, Aitatxarka ikurraz, beren jarduera profesionalen osagarri gisa, eta horretarako lantegi bat daukate Muru Asterainen (Nafarroa).

Neurri handi batean bokazioa den jarduera honek beren arte gaitasuna garatzea ahalbidetzen die, teknologia tradizionalak erabiliz, nahiz berrikuntzei muzin egin beharrik izateke.

 

Produktuak

Sistema tradizionalak erabiliz erraldoiak, buruhandiak eta antzeko figurak egiten dituzten eskulangileen artean ez dago egiten diren produktuen araberako espezializazio garbirik, seguruenik oinarrizkotzat har genitzakeen teknologiak, kasu askotan, ederki menderatzen dituztelako, eta horrek modua ematen dielako bezeroek eskatzen dietena egiteko eta beharrean dauden figurei konponketa lanak egiteko.

Tarsicio Rey eta Patxi Fuertesek (Aitatxarka) harri-kartoia erabiltzen dute kasuetatik %90ean, kilikiak egiten dituzte (maskuriak daramatzatenak), zaldikoak (hauek ere jotzen dute) eta agintariak irudikatzen dituzten eta makila eta buru eta esku erraldoiak dauzkaten buruhandiak ere bai.

Kilikiak umeentzat (40 cm inguru garai) edo helduentzat (60koak) izan daitezke; hauen artean, caravinagre edo erretxin nabarmentzen da. Era berean, umeentzako buruhandiak (450 cm) eta handientzakoak (600 bat cm) daude.

Eskulangintzako beste gauza garrantzitsu batzuetan bezala, langile hauek oso-oso gutxitan sinatzen dituzte egindako lanak.

 

Produkzio prozesua

Figura hauen prestakuntza tradizionalak esperientzia handia eta esku trebe-trebeak behar ditu, beste askorekin alderaturik luze jo dezakegun prozesu batean. Azaldu beharrekoa da, dena den, prozedura hauen barnean eskulangile bakoitzak bere produkzio sistemak erabiltzen dituela. Kasu honetan Aitatxarkaren sistema espezifikoak jaso ditugu.

Produkzio prozesua

Produkzio prozesua

Erraldoien figurak ikustean, bi alde bereiz ditzakegu, goikoa, harrikartoiz moldeatutako burua, lepoa eta sorbaldak hartzen dituena, eta gorputzaren beste zatia, eskuak izan ezik zurezko listoiz eginiko egitura bat besterik ez dena, jantziz estalia noski; armazoi honen barnean doa garraiatze lanetan ari den pertsona. Buruhandien kasuan ez da bastidorerik erabiltzen. Kasu bietan ordea, goiko zatia eta aipatu eskuak dira eskulangileen lana eta trebetasuna eskatzen dutenak.

Gorputz atal hauek egiteko, buztinez egindako figuraren eredu batetik abiatzen dira; honek lortu nahi diren neurriak izango ditu, eta barnealdean siluetaren forma emango duen eskaiolazko molde bat ateratzeko balioko du.

Azal honen gainean, bigundutako harri-kartoizko orriak jartzen ditu eskulangileak, horrela ongi egokitzen zaizkio-eta moldeko azalaren egiturari; halaz, moldea kendu ostean, egin nahi den figura agertuko da.

Eskulangileak eskuz egiten du prozesu osoa, lanabes sinpleak erabiliz.

Buztinezko eredua egiteko, eta material honetatik asko ez erabiltzearren pisua ere neurtu behar delako, eskulangileak zur eta paperezko betegarri bat egiten du, egin nahi duen figurarentzako neurri egokietan, multzo osoaren sostengu izango da eta.

Aitatxarkako eskulangilea laneanAitatxarkako eskulangilea lanean.

Egin beharreko lanak

Horretarako oinarria izango den disko batetik abiatzen da, eta honen gainean zur kontra-txapatuzko lau ohol jartzen ditu, gurutze itxuran, ondoko marrazkian ikusten den moduan.

Ondoren, deskribatutako egitura horretako hutsuneak betetzen dira, paperez, bai egunkariz bai lehortuta dauden beste batzuez, eta sokaz lotzen dira. Hurrengo lana alanbre-sare batez estaltzea da, hain zuzen behar duen sendotasuna emate aldera.

Buztingintzan erabiltzen den buztinaz multzo osoa estaltzen jarraitzen da, lodiera egokia hartu arte, eskuak erabiliz eta modelatzeko zotz ugari izanik lagungarri. Forma emateko lan hau oso garrantzitsua da lortu nahi diren ezaugarriak (begiak, sudurra, ahoa, belarriak, etab.) eta, oro har, egin nahi den figura lortzeko.

Lana etenik den denboran zehar, figura zapi heze batez edo plastiko batez estaltzen da, buztina lehor ez dadin.

Burua buztinez taxutu ondoren, eskaiolazko moldea ateratzen da.

Horretarako, eskaiola azpil batean prestatzen da, eskuz nahastuz urarekin flotatzen duen arte, “mukurutu arte”, eta gero “eskuz zipriztintzen da multzo osoan, behetik gorantz”, burbuilarik egin gabe; lehen geruza ondo ematea oso-oso garrantzitsua da, gerora begira.

Eskaiola eman aurretik, eskulangileak “letoizko xaflak” sartu ditu buztinean, gainazalekiko perpendikularrean baina ez erabat zut, zentimetro inguru sakon, eman beharreko eskaiola hainbat puskatan zatitzeko eta moldeko multzo osoa hainbat zatitan bereizi ahal izateko.

Tarsicio Reyk dioenaren arabera, eskaiola eta buztina elkarri ez itsasteari esker da posible prozesu hau. Gogortu ondoren, bigarren, are hirugarren eskaiola geruza bat ematen da, iztupaz nahasturik, behar den lodierara iritsi arte.

Multzoa gogortu ondoren, “letoizko xaflak” kendu eta eskaiolazko zatiak bereizten dira, azal zatitu moduko bat eratu baitute, eta urez garbitzen dira.

Bestetik, dendaren batean erositako nahi adina lodiko harri-kartoia zatitan mozten da, eta ur, arotz kola eta irinezko ur-ahiz eginiko nahasketa batez hezetasun pixka bat ematen zaio; gero, zati hauek eskuz jartzen dira moldearen barneko aldean, hatzez presioa eginez, orri edo xaflak azalari erabat egoki dakizkion eta honen forma har dezaten zainduz.

Segidan, eskaiolazko zati hauek berriro itsasten dira elkarrekin kola erabiliz –hau pistola termoplastiko batez ematen da–, eta figura osoa duen eredua aterako da, hain zuzen burua edo eskuak egiteko erabiliko den figura osoa duena.

Horretarako, brotxa bat erabiliz, moldearen azal osoa desmoldeatzaile batez (baselinaz) igurzten da, geroago harri-kartoia itsats dadin eragoztearren.

Normalean kolore desberdineko hiru geruza ematen dira, moldeko zatietako bakoitzean, eta ondoren, eguraldiaren arabera, denbora batez lehortzen uzten, eguzkitan izan baitaiteke (komenigarriena berau) edo berogailu batez bestela.

Lehortu ondoren eskaiolazko moldea desmuntatzen da, azken figura ateraz harri-kartoiaz; hurrena figurari enplasto bat ematen zaio kanpoaldean, goian eta behean, brotxa batez, kalamina eta arotz kola zurizko nahasketa bat erabiliz horretarako, eta poroak pintura akriliko zuriz estaliz; lehortzen jartzen da berriro.

Gero pintatu egiten da, pintura akrilikoz. Eginkizun honetan eskulangileak bere sormena lantzen du, brotxak eta pintzelak eskuan dituela.

Figurak jantzi behar izanez gero, azpikontrataziora jotzen dute horretarako.

Produkzio prozesuaProdukzio prozesuaren fase bat.

Figura ateratzenFigura ateratzen.

Buru bati azken ukitu batzuk ematenBuru bati azken ukitu batzuk ematen.

Produkzio prozesuaProdukzio prozesuak abilezia eta eskarmentu handia eskatzen dio eskulangileari.

Tarsicio ReyTarsicio Rey, prestatze lanaren amaieran duen buru baten ondoan.

Merkaturatzea

Aitatxarkan egiten duten gehien-gehiena enkarguzkoa da.

Merkaturatzeko ohiko bideak Iruñeko lau denda eta joan ohi diren feriak dira, Erriberriko Erdi Aroko feria, Errenteriakoa eta Arbasok antolatutako besteren bat izaten baitira. Aitatxarkak fabrikatzen dituen produktuen erabiltzaileek beste bezero posible batzuei ahoz emandako informazioak ere eskari-iturri garrantzitsua dira.

Salmentako prezioei dagokienez, beharko diren materialen kostua eta ordu-kopurua –hauei tasa bat aplikatzen zaie– hartzen dira kontuan.

ErretxinakErretxinak.