Aitzurrak

Aitzurrak eta aitzur luzeak forjatzeko ere antzeko lanak egiten zituzten. Lehenbizi altzairuzko totxoa berotzen zuten sutegi nagusian. Berehala kurrika batzuekin helduz pieza mailu hidraulikora eramaten zuten eta hor kolpatuz totxo markatuaren zatia zapaltzen hasten ziren, lortu nahi zen erremintaren gutxi gorabeherako forma eman arte. Ondoren, hala zatitu eta prestatutako piezak sutegi txikiak zeuden eraikinera eramaten ziren eta sutegi horietan berotu ondoren, mailu batekin kolpatzen zituzten ingude gainean, begia ateratzeko, pikatxoiekin egiten zuten modu berean.

Aitzurrak izateko ziren zatiak, sutegi txikietara eraman baino lehen, mailu hidraulikoan zapaltzen ziren aitzurraren palari forma eman arte. Jada pieza hozturik, plantila eta puntzoi batekin palaren profila markatzen zen, pieza ingudean jarri eta taiel bat kolpatuz forjariak soberako materiala kentzen zion esku batekin piezari helduz eta bestearekin mazo batekin kolpatuz.

AitzurrakAitzurrak egiteko prozesua. Julen Zabaletaren marrazkia.

Lan honekin materiala pitzatuta gelditzen zen baina ez moztuta; horretarako, pieza ingudearen ertzean jartzen zen eta pieza hotza zegoelarik kolpatuz soberakinak kentzen zizkioten, eta bide batez aitzurrak behar duen kurbatura eman.

Horrela lortutako pieza kurboaren ertzak makotu egin behar izaten ziren. Lan hori sutegian piezaren ertz bat berriro gorituz eta ingude gainean mailu batekin kolpatuz egiten zen; gero beste ertzean egiten zitzaion gauza bera. 1955. urtean burdinolan energia elektrikoa sartu zutenean, amoladora bat ere jarri zuten eta ordutik aurrera lan horiek guztiak makina horretan egiten zituzten.

Pieza forjaturik, burdinazko kirtena sartzen zioten, "maneral" delakoa, eta oraindik bero zegoelarik, aitzurra kurbatu egiten zuten pixka bat mailu batekin kolpatuz ingude gainean.

Ondoren gozatu egiten zuten pikatxoiak gozatzen zuten prozesu bera erabiliz: palaren ertz bat berotu eta berehala ur hotzetan sartu. Horrela aitzurraren zati bat baino ez zuten gozatzen. Hala gozatutako erreminta oso-osorik gozatutakoa baino kalitate handiagokotzat jotzen zen, osorik gozatzen diren piezak errazago arrakalatzen eta apurtzen direlako.

Lanaldi erdian bi langilek, mailu hidraulikoan lortutako pieza gordinarekin hasi eta 12 aitzur lortzen zituzten.