Lan baldintzak

Meategi bakoitzean 8 eta 30 meatzari artean aritzen ziren jardunean, beti langilezain baten esanetara. Langilezain horri beti “katapaz” deitu izan zitzaion. Langileak Aizarna eta Zestoakoak izaten ziren, baita Zumaia eta Zarauzkoak edo inguruko baserrietakoak ere. Lantokira trenean edo bizikletan joaten ziren, eta bazkaria usadiozko saskian eramaten zuten. Trenean joaten zirenak, meatzetara oinez igotzen ziren (ibilbidea 30 edo 40 minutukoa izaten zen). Garai hartako baserritarrak bezala joaten ziren jantzita, hau da, abarkak, gerrikoa eta txapela jantzita.

Meazuloak argitzeko karburozko kriseiluak eta meatzarien grisuaren aurkako lanparak erabiltzen zituzten. Grisu gasa ikatz meategietan agertzen da, sukoia da, eta jarduera horretan istripuak sorrarazten dituen arrisku nagusia da. Batez ere, aldeetako meazuloetan pilatzen da, ez baitaude horren ondo aireztatuta, eta behin baino gehiagotan istripuak sorrarazi zituen, eta langile batzuk erreta bukatu zuten (batzuetan oso larri), baina ustiapenaren azken urteetan ez dira horrelako istripu larririk oroitzen.

Lur-jauziak ere beste arrisku bat ziren. Lanalditik kanpo lur-jauziren bat gertatu zen detektatzeko, meatzariak lanean hasten zirenean, aurrealdean lanpara bat zuen bagoi bati bultzaka sartzen ziren meatzean. Ustiapeneko azken urteetan, argiztapenerako elektrizitatea zuten, eta instalazio elektrikoa ez bazebilen, arazoren bat zegoen seinale zen.

lanparaAizarnako meatzariek erabilitako lanpara eta aireko garraiorako erabiltzen zen gakoa. (Argazkia Javier Carballo).

Langile zaharrenek lana jasankorra zela diote, baina ez oso gogorra. Lanaldia 7 ordukoa zen, eta astelehenetik larunbatera egiten zuten lan. Gehienetan goizeko zortzietatik eguerdira arte eta arratsaldeko ordu-batetatik lauak arte egiten zuten lan. Ordutegi horri esker, inguruko baserrietako langileek baserriko lanak egiteko denbora ere izaten zuten, eta horregatik, meatzarien lanari estimu handia izaten zieten. Goizerdian atsedenaldi bat egiten zuten eta kanpora ateratzen ziren, hamaiketakoa egiten zuten ardo eta guzti, askotan enpresaren kontura izaten zena. Soldata finkoa edo destajukoa izaten zen (honenbestekoa ere deitua). Gehienetan gizarte segurantza izaten zuten, eta soldata ona irabazten zutela pentsatzen zuten, egurgileek irabazten zutenaren antzekoa, baina lanaldi motzagoarekin. 1947-1948 aldera, meatzari batek eguneko 25 pezeta irabazten zituen.

1940ko eta 1950eko hamarkadetan, indarrean zegoen lege bati esker, mutil gazteek soldaduska egiteko meategietan lan egin zezaketen. Horren ondorioz, gazte askok Aizarnako meategietan egin zuten lan soldaduska egiteko. Ez zirenez meatzari profesionalak, langile baten soldata erdia bakarrik irabazten zuten.

 

Oharra:   Gure eskerrik beroenak Javier Carballori, bere laguntza ezinbestekoa izan baita lan hau egiteko.