Aizarnako meatzeak

 XIX. mende erdialdetik aurrera, Aizarnako lignito meatzeak, Aiako udalerriraino zabaltzen zirenak, behin baino gehiagotan aipatu dira. Erreferentzia ugari daude, besteak beste  "Luisito", "Petra", "Sin nombre", "Garestia", "Cuarta" (Catremina), "San José", "La Esperanza", "El Porvenir", "Arbe", "Etxaide", "Alfredo", "Irabide", "San Fermin", "Aizpuru", "Naparra", "Santo Domingo" eta "San Rafael" meatzeak, gehienak Ertxin mendian kokatuta zeudenak.

Inazio Goenagak 1882an(1) egin zuen txosten batean, honakoa adierazi zuen: “Aizarna herriko Ertxinan eta San Pelaio mendietan, baita Aia eta Zestoa herrietako inguruetan, erregai horren geruza ugari daude (lignitoa), erauzteko oso erraza dena eta kalitate handikoa bai Ertxina baita Aian ere. Beste lekuetan, berriz, kalitate ertainekoa da. Gehienbat Iraeta, Arrona, Zumaia eta Oikinako lantegietan zementua egiteko erabiltzen da. Izan ere, lantegi horietan egiten diren produktuek ospe handia dute. Lehen aipatutako herrietako meatzeak, Aiakoak ezik, geldirik daude. Urtez urte, 27.000 kintal metriko (2.700 t) erregai erauzi da bertatik. Gipuzkoa osoko meatzeak 1881ean erauzten hasi zirenetik amaiera arte, 2.000.000 kintal metriko inguru erauzi dira (20.0000 t)”.

Egile beraren arabera, lignitoa Hernanin ere erauzi zen 1845etik 1872 arte. Urte hartan meatzea urez bete zen, Gerra Karlistaren ondorioz, ura xurgatzen zuen lurrin makina meatzetik atera baitzuten. Bertan erauzi zen erregaia, urteko 33.000 kintal metriko (3.300 t), karea eskuratzeko erabili zen, eta geroago Donostiako La Fe zementu natural lantegian.

Hamahiru urte geroago, Mariano Zuaznabarrek (2) honakoa adierazi zuen: “Aizarnan hiru lignito geruza daude, eta horiek zeharkako hainbat meazulok zeharkatzen zituzten, maila ezberdinetan. Lehen geruzaren lodiera 0,20 m da, eta bertako lignitoa kalitate onekoa da. 5 metrotara, bigarren geruza aurkitzen da. Geruza hori ezin da erauzi, lignitoa beste materialekin erabat nahastuta dagoelako. Hirugarren geruza, lehen geruzatik 18 metrora dago, 1,3 metro lodiera du eta erregai ezin hobea da. 20 metrora, laugarren lignito geruza aurkitzen da. Metro bateko lodiera du eta hau ere oso kalitate onekoa da". Meatze horiek ustiatu ziren garaian, hirugarren geruza erabili zuten gehienbat, ez baitzuten baliabiderik ezpurutasunak bereizteko.

Honako hau ere esaten du: “ez dago esan beharrik ere, lignitoaren lodiera eta kalitateak asko aldatzen direla. Geruzen ohiko inklinazioa 301 hirurogeitarrekoa dela kontuan hartuta, eta geruzen norabidea iparraldetik hego-ekialderakoa bada, erauzketa Zestoa aldera egiten da. Iparraldera eta hegoaldera badaude beste geruza batzuk, 2,50 metro lodiera izatera iritsi daitezke, eta hareharri geruzez inguratuta daude. Gehienetan, lignitoa Kretazeoko kareharri eta tuparri geruzez inguratuta egoten da".

Gipuzkoako Meatzaritza Erregistroaren arabera, Zestoan 1871 eta 1924 artean (Aizarna udalerri horren barruan dago) lignitoa erauzteko 112 emakida eskatu ziren (horietako asko berehala iraungi ziren arren). Bestalde, Txomin Ugarteren arabera (3), lehen emakida ofiziala 1844an eman zuen Gipuzkoako Meatzaritza Ordezkaritzak.

Halaber, Jabier Peña, Gipuzkoako meatzetako ingeniari buruak (4), 1913an, Aizarnako meategietako ekoizpena 22.286 tonakoa izan zela adierazi zuen (probintzia guztiko 23.786 tonetako % 94), aurreko urtean baino zortzi bider gehiago. Meatze horietan, guztira 60 langile aritzen ziren jardunean. Meatzeen arabera, honako mineral kantitateak erauzi ziren: San Ferminen 5200 tona, San Josen 4736, Garestian 4300, Sin Nombren 2800 tona, San Pelaion 2750, Cuartan 1550 tona eta Petran 950 tona.

 

(1) Estado actual y porvenir de la Industris Minero-metalúrgica de Vizcaya, Guipuzcoa, Navarra y Santander. Inazio Goenaga. 1882. Meatzetako Ingeniari Teknikoen Bilboko Elkargo Ofizialeko argitalpena 1996.

(2) Lignitos en Guipuzcoa. Mariano Zuaznabar. Euskal-Herria 1901.

(3) Estudio de las cuencas hidrogeológicas de los valles de Akua y Aizarna. Txomin Ugalde. (1984ko martxoa) (argitaratu gabea).

(4) La industria minero-metalúrgica en Gipuzkoa en 1913. Javier Peña. Album gráfico-descriptivo del País Vascongado 1914-1915.