Aizkorak

El Pobal burdinolan lortutako produktuetako beste bat da aizkora. El Pobalen pieza bakar batean forjatzen zituzten, Euskal Herriko beste leku batzuetan, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan, bestelako sistemak erabiltzen bazituzten ere.

Gabi hidraulikoaz taiel bat kolpatuz barra berotutik kendutako altzairuzko totxoaz egiten zuten aizkora. Lehenbizi hala moztutako totxoa berotu egiten zuten sutegian forjarako berotasuna lortu arte eta gero gabi hidraulikoarekin zapaltzen eta ijezten zuten, kurrika batzuekin helduz.

Prozesu horretan lortutako pieza gordina sutegi txikiak zeuden lekura eramaten zuten. Hor berriro berotu eta gehiago zapaltzen zituzten behin betiko forma eman arte; piezak beroturik ingude gainean kolpatuz lortzen zuten behin betiko forma hori. Lan hori ere pikatxoiak eta aitzurrak egiteko moduan egiten zuten bi langilek. Batek kurrikarekin pieza heldu, ingude gainean zapaletara jarri eta besteak mazoarekin kolpatu.

Berehala, oraindik pieza bero zegoela, kirtena sartzeko begia egiten zioten, eskuz kolpatzen zuten puntzoiekin: hasi estuenarekin eta lodiena emeki-emeki sartu eta lortu nahi zen zabalerako zuloa egin arte. Ondoren, pieza leuntzera jotzen zuten, harearri zirkularrean bizarrak kendu eta akabera emateko. Jarraian pieza gozatu egiten zuten, horretarako aizkoraren ahoa bakarrik berotuz eta ur hotzetan sartuz; hala erreminta fabrikatuaren atal hori baino ez zuten gozatzen, alde horri gogortasun handiagoa ematearren.

Azkenik aizkorari behin betiko akabera ematen zioten, zorroztarri zirkularrean bi aldeak leundu eta zorroztuz.

AizkorakJulen Zabaletak era honetara deskribatu du aizkorak egiteko modua.