Aiztoentzako zorroa

Egiten dituzten aizto gehienak mendirako izan ohi dira, eta horiek beren zorroa behar dute, gerrikoan zintzilik eramateko, edo, besterik gabe, eramaten duena moztu ez dadin babesteko. Artisau aiztogileak zorro horien egileak ere badira, eta aizto bakoitzari berea dagokio. Laruzko izan ohi dira normalean, eta egindako aiztoaren araberakoak izan ohi dira ere bere diseinua, materialak eta akabera.

Erosten dituzten larruzko piezak edo orri osoak (baketatxoak) dira langai nagusiak. Larru hori lantzeko, zati bat hartu eta aiztoa bera eredu gisa erabilita, bere profila markatzen dute, gero hortz batekin mozteko, behar dituzten pieza guztiak lortu arte, baita gerrikoari lotzeko zingila ere.

Ondoren, zorroa osatuko duten pieza ezberdinak elkarren artean josten dituzte, lokarri edo zapatarien argizari-hariaz, ezten batekin egindako zuloetatik. Gero larruarentzako tindua ematen diote, aiztoaren kirtenarekin bat etorriko dela zainduz, eta jarraian betun geruza eder bat. Maiztasunez grabatuak egin ohi dituzte zorroaren gainazalean bertan, eta horretarako metalezko puntzoiak erabiltzen dituzte golpez markatzeko, batez ere bustia dagoen larru-gainean, edo pirograbatu batekin larrua errez. Beste batzuetan, hezurrezko edota zurezko piezak, besteak beste, eransten dizkiote zorroari zuzen-zuzenean.

Zorro horien lanketa uhalgintza tradizionalean egin ohi denaren oso parekoa da, erabiltzen diren oinarrizko erremintak berdinak direlako, hala nola, orratza, hortzak, bizarrak kentzeko gailuak, ertzak zorrozteko gailuak eta puntzoiak edo eztenak, besteak beste.