Lanbide gogorra

Zaila da alariek zamatutako ontziak ibaian gora nola gidatzen zituzten jakitea, eta batez ere zein baldintza gogorretan lan egiten zuten jakitea. Nahiz eta eskura dugun dokumentazioan lan-sistema ez den zehazki azaltzen, seguru asko ibai-oheak atondu edo egokituko zituzten, legarra eta harriak kendu eta horrela ur-lasterrak desagerrarazi eta ibai-lasterra berdintzeko. Halaber, badirudi, beharrezkoa zenean, idiek edo zaldiek ibai bazterretik alak tiratzen zituztela. Animaliek, seguru asko ibai ertzeko bideren batetik egingo zuten aurrera. Izan ere, 1335ko Burdinolen Foruak xedatzen zuen “bide lehorretatik egin dezatela aurrera, ibi eta ibaietatik kanpo, horrela alek burdina garraiatu dezaten" (1).

Halaber, alariek ere ibaian gora gidatzen zituzten ontziak bultzatzen zituzten. Lehen aipatu dugun liburuak aipatzen du, 1781ean ”...Altzolatik Debarainoko bidea nabigagarria zen, baina batzuetan ez zen hala izaten. Orduan, zama 15 kintaleko txanela txikietan garraiatzen zen eta horiek besoen indarrez bultzatzen ziren. Gizonak uretan sartuta joaten ziren, gerritik behera biluzik. Arriskutsua izateaz gain, lotsagarria ere bazen, eta ontzian doazen armak nahiz salgaiak bustitzeko arriskua ere nabaria zen”.

Laster motelagoko eta sakonera handiagoko tarteetan, egurrezko pertika edo haga bat erabiltzen zuten. Haga horrek puntadun ertz bat zuen, eta gallupako aurrealdean zihoan gizonak, beste ertza sorbalda gainean jarri eta eskuekin ondo helduta, punta ibai ohean edo hondoan sartzen zuen. Haga ibai hondoan sartuta zuela, alaria ontziko atzealderantz joaten zen, eta horrela, gabarra aurrerantz mugitzen zuen. Ontziak mugitzeko sistema hori orain dela gutxi arte erabili zuten Urumeako hondar-biltzaileek.

TxanelakTxanelak, seguru asko ala edo gallupetatik eratorritako ontziak, 1950eko hamarkada hasieran angulak arrantzatzeko erabiltzen zirenak.

GallupaHasiera bateko ala eta gallupetatik eratorritako ontziak, pertsonak ibai ertz batetik bestera garraiatzeko erabili izan dira duela gutxi arte.

Lan-baldintzak oso gogorrak ziren, beti ibaiaren aldaketen menpean lan egin behar baitzuten. Hala ere, trafiko handia izaten zen ibaietan, eta ondorioz dokumentazio ugari dugu eskura, Jose Antonio Azpiazu eta Luis Migel Diez de Salazarrek sakonean aztertu dutena (2).

Hori frogatzeko nahikoa da esatea, 1564an, Joan Martinez de Churruca maisu arkabuzariak, Altzolako portuan 5000 arkabuz entregatzeko konpromisoa hartu zuela. Arkabuz horiek ehuneko kaxatan paketatuta joan behar ziren, eta ibai bidez lehenbizi Debara eraman ondoren, Lisboara garraiatu behar ziren. Garai berean, Altzolan ondorengo salgaiak aletan ontziratzeko prest zeuden: 534 burdin-hesi handi, 2220 burdin-hesi txiki, 1070 hondeaitzur, 674 aitzur eta 8500 kg landutako burdin (3).

Gehienetan, alariak langile autonomoak izaten ziren. Lan egiteko ontzirik ez bazuten, gehienetan merkatariei edo lonja-jabeei alokatzen zizkieten.

Lan-kontratuak oso ohikoak ziren. Horietako bat aipatzekotan, 1633an sinatu zen bat aztertuko dugu: “ ...lan-kontratua 17 urteko mendarotar gazte baten eta Domingo de Azolaren artekoa zen. Azken hau Altzola auzoko bikarioa izan zen 3 urtez. Kontratuko baldintzak ibai-portuko ala garraio zerbitzuan aritzen ziren mutilen ohiko lanean oinarritzen dira. Egunero joan behar zuen lanera, ezin zuen egun bat ere galdu, eta hala gertatzen bazen, kontraruaren amaieran galdutako egun kopuruaren bikoitza lan egin behar zuen. Horrez gain, porturaino iristeko gastuak bere poltsikotik ordaindu behar zituen. Soldata urteko 10 dukatekoa zen. Soldataz gain oinetakoak, jana eta ohea ere barne izaten zituen ikastunak." (4)

Ahozko tradizioan ere ageria da gallupariaren lanbidea, Torre de Astugarribia baserriko bizilagun batek kontatzen duenez "Behin, gabarra zamatuta zeraman alari bat ibaian behera zihoala, ibai ertzetik zetorren garrasi bat entzun zuen, emakume batena. Hara hurbildu eta emakumeak Debara eraman zezakeen galdetu zion. Alariak baietz esan zion. Behin emakumea ontzira igo eta eseri zenean, alaria egurrezko hagarekin ontzia mugitzen hasi zen. Ordu batzuk pasa ondoren, ontzia bere tokitik mugitu ez zela ikustean, alariak, ikusitakoarekin guztiz harrituta, emakumeari sorgina ote zen galdetu zion. Honek garrasi batekin erantzun zion, eta jarraian uretara salto egin eta desagertu egin zen. Orduan jarraitu ahal izan zuen Alariak ibaian behera, Debarako bidean”. (4)

XVIII. mende bukaeran, errepideak egiten hasi ziren, eta horri esker salgaiak eta merkantziak gurdietan garraiatzen hasi ziren. Horren ondorioz, gallupari kopurua, garai batean nahiko ugaria izatera iritsi zena, gutxitzen joan zen, azkenean lanbidea desagertu zen arte.

 

(1) Fuero de Ferrerías de los Valles de Mendaro. Ego y Lastur (1.335).

(2) Sociedad y Vida Vasca en el siglo XVI. Mercaderes Guipuzcoanos. Jose Antonio Azpiazu Elorza. Ferrerías de Guipúzcoa. Luis M. Diez de Salazar

(3) Fabricación y Comercialización de Armas en el Valle de Deba (1.550-1.600). José Antonio Azpiazu.

(4) Apuntes Históricos de Elgoibar. Koldo Lizarralde Elberdin