Zaharberritzea

Alfonbrak, beste objektu asko bezala, urteen poderioz hondatu egiten dira, asko gainera, eta konponbidea jarri ezean, desagertzera ere irits litezke. Bilakaera hori pisuaren edota oinetakoen eta takoien urratuen ondorioa da, zorua estaltzen duten alfonbren kasuan, baina hezetasunak eta urak, kutsadurak eta zikinkeriak, eta intsektu eta karraskarien jarduerak ere hondatu egiten ditu. XIX. mendera arte tindagai naturalak erabili ziren, eta argia zen kasu horietan ehunak gehien kaltetzen zituen faktoreetako bat.

Soledaden iritziz, erabileraren ondorioz sortutako higadura gertatzen denean, lehenengo hondatzen direnak parpailak eta oihal bazterrak izaten dira, eta, apurka-apurka ilearen altuera jaisten joaten da erabat desagertu arte. Orduan bilbea eta irazkia hasten dira hondatzen, eta zuloa agertzen da.

Maiztasun handiz zaharberritu nahi diren alfonbretan aurretik egin-dako konponketak sumatzen dira, zenbaitetan irizpide profesionalik gabe eginak eta ezin konponduzko kalteak sortu dituztenak, askotan kola motaren bat erabili izan delako. Era berean, batzuetan tamaina handiko alfonbra tradizionalak gaur egungo etxebizitzetako espazioetara egoki- tzerakoan, batere zorroztasunik erabili gabe, alfonbrak moztu egiten dira.

Zaharberritzeko prozesua alfonbraren azterketarekin hasten da (irazkia, bilbea, erabilitako materialak), zein egoeratan dagoen jakin ahal izateko. Jarraian, hori bezeroak lortu nahi duen emaitzarekin alderatuz gero egin beharreko lana zein den defini daiteke, eta horren arabera prestatzen da aurrekontua.

Behin bezeroak aurrekontua onartuta zaharberritzeko prozesuari ekin behar zaio. Oro har irazkia konpontzen da lehendabizi, hau da artile, kotoi eta zuntzaren hari bertikalak; gero, bilbearekin jarraitzen da, normalean material horiek berak baina horizontalean jarrita daudenak; eta, azkenik, ilea korapilatu egiten da. Hori guztia egin baino lehen, hondatuta dagoena konpontzeko material egokienak aukeratu dira. Horretarako stock handia du tailerrean. Dena dela, ez du beti eskura izaten behar duen kolorea, eta, hori dela eta, kasu horietan artilea tindatu egin behar izaten du. Prozesua bukatzeko, korapiloak orraztu eta nahi diren neurrira mozten dira.

Alfombra