Altxorraren bilaketa eta biltzea

Javier Lander Villamayor (Ollogoien, Nafarroa, 1945) nekazaria da, eta orain dela bi hamarkada hasi zen bere lanbide hori trufa-laborariaren zereginarekin partekatzen. Onddo horri eskaintzen zaizkion azoka garrantzitsuenak ezagutzen ditu, eta parte hartu izan du ere onddo horri buruzko mintegietan.

Hasierak ilunak izan ziren, trufari buruz mintzaldiak eman zizkieten katalanek saldutako landareek ez zutelako espero bezalako emaitzarik eman, baina etsi gabe aurrera jarraitu zuten. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaren bukaera aldera “eskopetarik gabeko ehiztari” katalanak eta aragoiarrak nola txakurrez lagunduta etortzen ziren gogoratzen du. Gero jakingo zutenez, trufa basatiak biltzen zituzten, basozain baten adostasunarekin. Trufak lantzeko baratza bat dauka basoan, bere “soro partikularra” hala dio berak, ondo hesitua eta aparte.

TxakurraLico txakurrak trufaren usaia aditu du, trufa landaketan. Gizakien aldean usaimen aparta dute zakurrek, eta ondo hezitakoek horri esker aurkitzen dute trufa lurpean. (Argazkia: Javier Carballo).

Javierrek belar txarrak kentzen ditu eta golde belarridunarekin 250 landare mikorrizak jartzen ditu hektarea bakoitzeko, 7 x 7 metrotako eremua batean. Landareak Sarriongo (Teruel) hazitegietan erosten ditu. Fruituka jasotzeko, jasotzen badira, itxaron egin behar da zortzi-hamar urtez. Hala ere trufaren laborantzan aurrerapen handiak eman direla uste du, baita produktuen kalitatea bermatzen duten hazitegietako mikorrizazioaren eraginkortasunean ere. Txakurrak erabiltzen ditu bilaketa-lanetan, eta txerri emeak eta basurde emeak ere erabili izan dituela aipatzen digu.

Behin baratzean daudela, Javier Landerrek agindua ematen dio Lico txakurrari, trufa bila hasi dadin. Landerren hitzetan “Licok muturra altxatzen badu, trufarik ez dagoen seinale”. Baina txakurrak boilur beltzak lur-azpian izan ohi duen lurrina sumatzen badu, orduan tokian bertan gelditu eta lurra haztakatzen hasiko da. Javier makurtu egingo da, txakurra gainetik kendu, eta trufa hartzeko prestatuta dagoen gailu batekin, trufak biltzeko matxetearekin alegia, lurrean 10 eta 20 zentimetro arteko zuloa egingo du kontu handiz, onddoa bera edota bere sustraiak ez apurtzeko. Fruitua agertzen ez bada, orduan Javier arduratzen da lurra usaintzeaz, eta Licori berriro hots egiten dio, askotan aurreko hartatik zentimetro bakar batzuetara dagoen tokia markatzeko. Trufa bildu ondoren, sorbaldan zintzilik daraman zorroan gordeko du, eta txakurrari bere saria emango dio (ogia, txorixoa), ziurrenik gosez akabatzen ekarriko baitzuen baratzeraino.

Javier LanderJavier Lander trufa-laboraria, aihotz berezia erabiliz, lurpeko trufa azalera ateratzen (10 eta 20 cm lurperatua egoten da). (Argazkia: Javier Carballo).

Trufaren lurrina antzemateak ez du beti esan nahi trufa lur-azpian egongo denik. Izan ere, jasotzen ez bada, usteldu egiten da, esporak askatuz, eta lekuak lurrinari eusten dio denbora batez. Animaliak ere (basurdeak, azkonarrak, azeriak, besteak beste) trufa zaleak dira, eta txakurren arreta pizten duten hondakinak uzten dituzte.

Aurkitu eta trufa bildu ondoren, ez du berehala baratzetik alde egingo, eta han egongo da eguraldiaren eta bere gogoaren arabera.

Javier Lander eta Lico zakurraJavier Lander Lico zakurra saritzen, egindako lan bikainagatik. (Argazkia: Javier Carballo).