Ander Arroitajauregi maisua

Armagintzaren arloan, Deba ibaiaren erdialde eta barrenaldeko historia dokumentatuak bost mende baino gehiago hartzen ditu. XIX. mendearen erdialdea arte eskulangintzako jarduera izan da. Armaginen jakinduria belaunaldiz belaunaldi igaro da. Hala, gaur egun produkzio prozesuaren parte handi bat eskuz egiten da oraindik, eta eskuratutako ezaguera beste ondasun batzuk egiteko ere erabiltzen da.

Hauxe da Ander Arroitajauregiren kasua. Honek, gaztetatik, oso musika bokazio handia izan du, eta prestakuntza teoriko eta praktikoa lorturik musika-tresnak egiten espezializatu da, batez ere garai barrokoari dagozkion tresnetan alegia.

EAEko eta inguruko herri eta hirietan dagoen musika zaletasun handiak horrelako musika-tresnen eskaera sortzen du, eta baita tresnak berreskuratzeko eskaera ere. Dena den, Asia aldeko herrialdeetan finkatuta dauden zenbait europar enpresa ospetsuk ia-ia berdindu ezindako prezio lehia sortzen dute, eta gure espezialistek baino askoz neurri handiagoan internet erabiltzen dute salmentarako.

 

Prestakuntza Sendoko Eskulangilea

Ander Arroitajauregi Aranburuk (Eibar 1973) J.A. Mogel ikastolan egin zituen oinarrizko ikasketak, bere herrian bertan. Gero Zuloaga institutura igaro zen, herrian segituz alegia, eta hantxe jarraitu zuen batxilergoa eta UBI amaitu arte. Bere musika zaletasuna zela eta, Bilboko J.C. Arriaga kontserbatorioan jarraitu zuen prestatzen, eta erdi mailako titulazioa lortu zuen flauta-interpretazioan. Era berean, hiru urtez harizko instrumentuak egiteko espezializazioan aritu zen.

Ingalaterrara joan eta London Guildhall University-n eman zuen izena. Bi urte egin zituen han, garai barroko eta errenazentistan erabilitako musika- tresnen eraikuntzan espezializatu, eta HND titulua eskuratu zuen. Bere prestakuntza Manosque-n osatu zuen, Frantziako Proventzan, maisu luthierren aprendiz gisako lanean.

1998an Eibarra itzuli, eta eskulangintzari ekin zion. Bere espezialitateari buruzko ikastaroetara joaten segitzen du, uda partean batez ere.

Ander ArroitajauregiAnder Arroitajauregi maisua produktu egin berri bat erakusten. (Argazkia: Julen Zabaleta).

 

Produkzio baliabideak

Eskulangileak Eibarren egiten du lan, Urkizu eta Azitain artean Barrena kalean kokatutako 40 m2 inguruko lokal oso ongi aprobetxatu batean. Erabiltzen dituen makina apurren artean, zinta-zerra bat, mahaiko zulagailu bat, arotz-tornu bat eta zorrozkailu bat aipa ditzakegu, arrabota/lodieran arrabotatzeko makina batekin batera.

Erabiltzen dituen tresnak arotz eta ebanistek erabili ohi dituztenak dira, bere jarduerarako bereziak eta, zenbaitetan, berak eginak diren beste batzuekin batera. Lehenen artean gubiak, mailuak, hortzak, garlopak eta sarjentak daude, batez ere tresnak konpontzeko erabiltzen dituenak, eta zerrak, kurrikak eta mazoak, beste askoren artean. Bigarrenen artean, zurari forma emateko erabiltzen dituenak, tresnen barrualdea ikusteko ispilu moldatuak, edo lan jakin batzuetarako prestatutako arrabotak nabarmentzen dira.

Erabiltzen dituen material gehienak merkatuan erosten ditu, baina zura bera, izugarri garrantzitsua tresnaren kalitate ona lortzeko, Italia iparretik edo Alemania hegoaldetik inportatzen du. Otsailean eta ilbeheran moztua izan behar du, eta bertara joatea komeni izaten da, erosten den zura benetan egokia dela ziurtatu ahal izateko. Afrikan edo Brasilen erositako ebanoa edo suge-makila ere erabiltzen ditu.