Angulen jatorria

Nahiz eta aingira oso arrain ezaguna izan, denbora luzean zehar inork ez zekien nola ugaltzen ziren, hipotesi ugariei eta istorio zentzugabeei bide emanez.

Aristotelesen garaitik hasita, uste izan zen aingirak lokatzetik jaiotzen zirela, 1684ean Redi italiarrak aingira helduak ibaietatik jaitsi eta itsasora joaten zirela, eta aingira gazteak itsasotik ibaietara joaten zirela frogatu zuen arte. Baina orduan inork ez zekien aingira katadromoa dela; hau da, ibaietan bizi baina itsasoan ugaltzen dela.

Aingirekin zuten zerikusia susmatu gabe, 1856ean alemaniar biologo  batek Messinako itsasartean 75 milimetro inguruko arraina harrapatu zuen, zapala, gardena, ereinotz formakoa eta buru txikia zuena, eta Leptocephalus brevirostris izena eman zion. Berrogei urte geroago, 1896an, Grasi eta Calandrucio italiar zientzilariek  ikusi zuten arrain-ontzi batean zituzten leptocephalus ale batzuek metamorfosi bat hasi eta aingira kume bihurtzen zirela.

Bizitzaren zati bat aingirak aztertzen pasa zuen Johannes Schmidt daniar biologoak, 1904 urtetik aurrera Ozeano Atlantikoan zehar leptocefalus larbaren migrazioa eta garapena jarraitu zuen. Ale txikienak, hau da, 2,50 mm ingurukoak, Bermudetako artxipelagoaren hegoaldean, Sargazoen itsasoan harrapatzen zirela jabetu zen, eta horregatik ondorioztatu zuen aingirek errunaldia itsaso horretan bertan, 400 eta 1000 metroko sakonera artean eta martxotik ekainera bitartean  egiten zutela.

Arrautzetatik milioika larba jaiotzen dira, eta Atlantikoko itsas eta haize korronteek sei mila kilometro eta hiru urtetan zehar arrastaka eramaten dituzte. Ordurako, 75 mm-ko luzera dute eta Europako plataforma kontinentalera iristen direnean luzera eta zabalera gutxitu eta larba horiek angula bihurtzen dira.

Angulero