Apaingarriak egiten

Zura ondo ezagutzeak eta sortzeko bokazioak Jose Urbieta gauza apaingarriak egitera bultzatu zuten 1975ean. Horiek Debako Lastur auzoan familiak daukan Txarrantxola baserrian egiten ditu.

Apainketarako produktu horiek, ia bere bestelako produktu guztiek bezala, bi ezaugarri dituzte: alde batetik, zura erabiltzen du, betiere denborak edo ekaitza eraitsitako zuhaitzetatik ateratzen dituenak, eta bestetik, tamaina handikoak izatea. Produktu mota horiekin batera, arruntagoak diren beste batzuk ere egiten ditu, ohiz gehiago bere lagun eta bezeroek eskatuta, bere artisau borondateak eskatutakoak baino. Azken lan horiek egiteko behar duen materiala eskualde hartako zerrategietan bilatzen du.

Jose Luis Urbietak egin dituen gauza apaingarrietan aipatzekoa dira, besteak beste, zurezko pieza bakar batez egindako moto bat, zuhaitz zati landu batean txertatutako erlojuak, sehaskak eta kutxa handi landuak. Ezagunak dira, halaber, berak erliebean egindako irudiak, hala nola, Uztapide bertsolariaren figura, beren lehen lana, eta kutxak, baserrien izenak, zurean landuak, euritakoen ontziak, bastoiak, eta abar.

Artisau honek esan digunez, mendian zehar dabilenean ikusten dituen zuhaitz enborrek iradokitzen dizkiote zer egin dezakeen beraiekin; batzuetan gainera enborren forma apetatsuak baliatzen ditu bere lanetan. Nolanahi ere, eskura duen materialak agintzen dio, hein handi batean, egin behar duen produktua nolakoa izan.

Kutxa tallada

Oro har, hasieran marrazkia edo modelo bat egiten du, gero bere lanaren ezaugarriak aprobetxatzeko. Gaztaina eta haritza dira berak gehien erabiltzen dituen lehengaiak, nahiz eta berak nahiago izan intxaurra. Edozein modutara, egurrak ondo lehortua izan behar du.

Gure artisauak gehien erabiltzen dituen erremintak ohiz zurginak eta tailagileek gehien erabiltzen dituztenak dira: era eta tamaina askotako gubiak, trintxak, zurgin mailuak, mazoak, konpasak, eskuairak, aizkorak, zeioak, eskuko zerrak eta mailuak.

Horietako batzuk artisauak berak egokitzen ditu bere lanetarako edo beha-rrizanetarako. Tamaina handiko piezak moldatu behar dituenean, motozerra ere erabili ohi du.

Jose Luis Urbietak ez ditu bere produktua merkaturatzeko inolako ahaleginik egiten; Deba, Oñati eta Mendaroko artisau azoketan saltzen ditu bere produktuak. Bere lanen erosleek eta produktuak bere bezeroei saltzeak ematen dioten asetasunak bultzatzen dute Jose Luis lanean jarraitzera; hala ere, bere lan batzuk bere bilduma partikularrerako gordetzen ditu.

Erlojua