Arauketa

Pilotan ematen den apustu-araudia oso antzinakoa da, batez ere fiskalak. Horren adibide, 1892ko ekainak 30eko Espainiar Aurrekontuaren Legea da, orduan sortu baitzen “frontoietarako apustuen zerga”.

Antxon Agirre Sorondoren hitzetan, asko omen dira, gure herrian pilota aspaldiko jokoa bada ere, XVIII. mendean izan zuen bultzada oso handia izan zela dioten egileak. Apustu batean diru kantitate handia jokatzen baldin bazen, batzuetan eskribauak egiten zituen bitartekari lanak, hainbat kontratu zehaztuz, hala nola, 1728ko azaroak 6koa, 1769ko uztailaren 17koa eta 1775eko urriaren 24koa. Alkateen presentzia ere nabarmentzekoa da apustu horietan.

Luis Bombin Fernandezek idatzitako hainbat argitalpenetan oso informazio baliotsua aurki daiteke pilotaren araudiari buruz. Jarraian, XX. mendeko berrogeigarren hamarkadan indarrean zegoen barne-araudiaren zati batzuk azalduko ditugu. Izan ere, garaian garaiko isla dira, zehaztasun handiz idatzita daude eta galtzaileek betidanik argudiatu izan duten tongoaren mamua ere azaltzen da: “pilotariek ezingo dute jokatzen ari diren frontoian apusturik egin inolaz ere (4. artikulua)”, edota “pilotariak oso legezkoak ez diren adiskideak ez izaten ahalegindu beharko du, baita frontoian bertan apustuak egiten dituzten ikusleekiko tratua ere (20. artikulua)”.

Ramon AltolagirreRamon Altolagirre "Takolo", aizkora apustu batean.

Eragile talde bat sortzen da, apustuen kontratuak egiteko. Talde horren antolaketaren eta betebeharren araudia honako hau da:

  • Frontoietan lehiatzen diren pilotariak enpresa berak izendatuko ditu, Espainiako Pilota Federazioaren eta unean uneko aginte zibilaren onespenarekin (1. artikulua). Artekaria duintasun eta errespetu osoz arituko da ikusleekin. Beraiei dagokien arauen arabera, zintzo arituko da ikusleekin edo bitartekariekin apustuak gauzatzean (2. artikulua). Partidaren hasieran, apustuak egiteko, eta partidaren amaieran, zorrak kitatzeko, enpresak horretarako egokitu dion lekuan jarriko da artekaria (8. artikulua). Artekariek txeketegi-liburu erabiliko dute, bakoitzari dagokion zenbaki-segidarekin. Bertan idatziko dute apustuaren zenbatekoa, baita apustu bakoitzaren egilearen izena ere (10. artikulua). Artekariak, hala nahi izanez gero, apustuaren zenbatekoaren ordainketa aldez aurrez egitea eskatu dezake. Horrela gertatuko ez balitz, argi geratzen da kantitate hori une batez apustulariari uzten zaion kreditua dela (13. artikulua).
  • Ikuskizuna amaitu bitartean, artekariak ezingo du pilotari jokalariekin nahiz epaileekin harremanetan egon (14. artikulua). Apustulari orok eskura ordaindu beharko du bere apustua. Horrela egiten ez badu, artekariak ematen dion aukera gisa ulertuko da (21. artikulua). Apustu guztiak txartel ofizialean burutzen dira (22. artikulua). Adingabeek nahiz ganoragabetzat hartua den orok ezingo dute apusturik egin (23. artikulua).
  • Ikusle batek egindako apustua behin aldarrikatu eta beste batek edozein keinu edo hitzekin onartuz gero, bitartekariak tratua itxitzat emango du, bi parte-hartzaileak maila berean aritzeko (hau da, Auzitegi Gorenak erabakitakoaren arabera, ez da nahikoa ikusleak apustua “ados” soil batez onartzea. Beharrezkoa izango da bitartekariaren azken hitza); behin apustua itxi ondoren, artekariak txartel bana emango die bakoitzari. Txartel bakoitzak dagokion kolorea izango du eta artekarien araudian ezarritako argibideak eramango ditu (28. artikulua). Artekariak apustu bat aldarrikatzen duenean, ados dagoen edozeinek onartu dezake (29. artikulua).

Espainiako Pilota Federazioak apustuak zaindu behar zituen, honako araua hauen izenean:  

  • Jokatu zuzen eta zintzo egingo dela ziurtatu.
  • Ezin du kirolaren betekizuna eta benetako balioa zapuztu inolaz ere, (apustuak burutu ahal izateko, hori baita oinarri).
  • Aurkako helburu baten ordain gisa, jokoak izan ditzakeen baliagarritasunen etekina atera dezala kirolak.
  • Ez dira apustuaren moral gabeko edo gehiegizko okerrak onartuko (35. artikulua).

Partidua hasi eta berehala bertan behera geratzen bada, apustuak nola ordaindu ere araututa dago.