Araututako jarduera

1335eko Burdinolen Foruak Deba ibaian burdina garraiatzen zuten alak aipatzen ditu, eta horien jarduera arautzen du. Besteak beste, xedapen batek zehazten zuen, behin ontzia zamatuta zegoenean, alariek ezin zutela beste lanik hitzartu hartutako konpromisoa amaitu arte. Hala ere, ezohizko arrazoiak zirela eta zamaren atal bat ibai ertzean uzteko baimena zuten, baldin eta egun hartan bertan berriz jaso eta helmugaraino eramaten bazuten.  XV. mendean, alariak albala edo garraio-agiria eramatera behartuta zeuden, 50 maraiko isunpean.

Askotan, garraio-kontratuak idatziz hitzartzen ziren. J.A Azpiazu Elorzaren arabera (Sociedad y Vida Social Vasca en el siglo XVI. Mercaderes Guipuzcoanos), 1577. urtean Joan de Sarasua eta Domingo de Berastegi bildu ziren, bazkideak eta gallupa baten jabeak. Gizon haiek urte batean zehar Martin de Mocoronarentzat bakarrik lan egitea hitzartu zuten, betiere honek bere lonjan salgairik edukiko ez balu eta egun bat lehenago abisatuz gero, beste zamaren bat hartzeko baimena izanik. Kontratua betetzen ez zuten bakoitzean 6 errealeko isuna ordaindu behar zuten eta egindako lanagatik "Altzolako lonjatan jardunean aritzen direnei eman ohi zaiena ordainduko zaie. Martin Perez de Mocoronak bai Joan de Sarausak eta Domingo de Berastegik garraiatutako zama guztiak liburu batean apuntatu eta baieztatu beharko ditu, eta hala, lan egindako aste bakoitzaren bukaeran, garraiatutako zamagatik dagokiona ordainduko die alariei”.

Merkantziak garraiatzeagatik kobratzen zituzten tarifa edo prezioak ere xehetasun handiz araututa zeuden eta askotan berritzen ziren. Orokorrean, bi galluparik, bi olagizonek, bi merkatarik eta bi gizon onek osatutako batzorde batek zehazten zituen tarifa haiek. Tarifa zerrenda asko daude jasota, eta horien artean, adibide gisa 1500eko urtarrilaren 24an “Elgoibarko aldirietan” hitzartu zena, aipatuko dugu Deba ibaiko garraio-tarifak zehazten zituena.

 

Altzola-Antzuitza

  • Kintal 1 burdina: 3 mr.
  • Gallupakada 1 burdina: 30 mr.
  • Kintal 1 altzairu: 3 mr.
  • Upel 1 ardo-olio-sagardo: 25 mr.
  • Andaluziarako kaxa 1: 33 mr.
  • Gallupakada oso 1: 40 mr/kintaleko
  • Gallupakada oso 1: 40 mr/kintaleko.

Altzola-Deba

  • 100 kintal zain: 300 mr.
  • Upel 1 ardo-olio-sagardo: 25
  • Anega 1 gari-garagar: 2,5 mr.
  • Anega 1 gatz: 3 mr.
  • Zahato 1sardina-ardo: 33 mr.

Deba-Altzola

  • 100 kintal zain: 250 mr.

Deba-Mendaro

  • 100 qq. zain: 2 mr.
  • Anega 1 ale: 2 mr.
  • Zahato 1 sardina-ardo: 22 mr.
  • Upel 1: dagokiona.

Irrazabalko sagastia Altzola

  • 100 qq. salmenta: 250 mr.

Iruroin-Altzola

  • 100 kintal zain: 150 mr.

Iruroin-Mendaro

  • Kintal 1 burdina: 2 mr.

Mendaro-Autzuitza

  • Kintal 1 burdina: 9 mr.

Mendaro-Deba

  • Kintal 1 burdina: 2 mr.
  • Anega 1 ale: 2 mr.
  • Gallupakada 1 sagar: 36 mr.
  • Andaluziarako kaxa handi 1: 33 mr.
  • Malaga-Balentziarako 2 kaxa: 33 mr.