Arbelariak

Arbelak, ale xeheko arroka homogeneo beltz edo grisak, xaflatzeko erraza denez, hau da, xafla zapal eta finetan erraz banatzen denez,  usadioz era guztietako erabilerak izan ditu. Larramendiren arabera, gaztelerazko pizarra hitza euskarazko pizkarria hitzetik dator, hau da, erraz pitzatzen dena.

Arbela mota ugari daude, baina Euskal Herrian mota bat bakarrik ustiatzen da, limonita. Dituen ezaugarri bereziei esker, garai bakoitzeko eskariari erantzuteko produktuak egin ahal izan dira. Espainia osoan ez dago arbela mota hori ustiatzen duen beste ustialekurik, eta horrek are bereziagoak bihurtzen ditu Oria ibaiaren arroan kokatuta dauden meatokiak.

XIX. mendeko azken herenean, ordurako ustiatzen ziren arbela meatokiak bai Billabonan (Aizpurua) eta Itsasondon ere (Altuna y Cia eta Echeverria). 1890 aldera, Juan Martin Sarasola Goitiak, 19 urte zituela, bere baserrian, Itsasondoko Larregi baserrian (Echeverria ustialekuaren parean zegoen) ustialeku berri bat jarri zuen. Lau hamarkada geroago, beste 25 gipuzkoar enpresarirekin batera, bere produktuak Sevillako Erakusketa Ibero-Amerikarrean aurkeztuz ituen 1929an. 1954an, Beasaingo Arriarana uzoko Bartolome Mendizabalek, bere lursailean zeuden arbela geruza batzuk ustiatzen hasi zen lau semeekin batera.

Arbela erauzteko lanek bi garai bereizi eta desberdin izan dituzte. Lehen garaia 1976 urtera artekoa da. Arbela meazuloetan erauzten zen, baldintza arriskutsuetan eta ingurumen-baldintza txarretan. Aipatutako urtetik aurrera, arbela aire zabalean erauzten hasi eta makinatan ere inbertsio garrantzitsuak egin ziren, egoera nabarmen hobetuz.  Koldo Mitxelenak, bere hiztegian dio, langile horiei arbelginak esaten zaiela, eta lan egiten duten ustialekuetan, berriz, arrobizaleak.

Lurrazpiko meazuloanLurrazpiko meazuloan, arbela lauzen eskuzko erauzketa, Diderot eta D’Alamberten Entziklopediaren arabera (XVIII. mendeko azken herena). Gipuzkoako meategietan antzeko prozedura jarraituz egiten zen erauzketa, baina arbela geruzak askoz ere inklinatuagoak egoten ziren (ia egoera bertikalean).