Arrantza Oria ibaian

Imanol Ikutza Aizpurua (1936), Aginagan jaioa eta Orioko Ortzaika auzoan bizi denak, hainbat lanbidetan aritu da, eta denak Oria ibaiarekin lotuta egon dira.

Oso gaztetatik, egunez hondar saltzaile bezala lan egiten zuen eta gauez, angula sasoian, angulari bezala.

Baiak

Orian angula arrantzatzeko erabili diren sistema guztiak ezagutu eta erabili ditu. Hasieran bakarka, ala txiki batekin eta baia eskuz herrestan eramanda; gero, hamalau urte zituenean atoian sistema erabiliz, hau da, ibai erdian ainguratutako ala handiago batekin, eta baia handiagoa ere jiragora baten bidez herrestatuz; azken urteetan, berriz, motordun ontzia eta arrasteko sistema erabiliz.

Baiaren inklinazio maila eta desplazamendu abiadura “arrantzale bakoitzaren trikimailua ziren, angulak harrapatzeko trebetasuna eta beteranotasuna funtsezkoak direlako”.

Aspaldi batean, angulak Oria ibian gora Usurbilgo Ingemar presaraino iristen ziren, hau da, bokaletik ia 10 kilometrotara. Gaur egun, ibai bokaletik askoz ere gertuago aritzen dira arrantzan, batzuetan Orio bertako barran eta baita itsasoan bertan ere.

Ibaiko uraren kutsadura, batez ere paper-fabrikek isurtzen zituzten lixibek sortutakoa, oso kaltegarria izatera iritsi zen, eta horregatik angulak ihauterietan bakarrik arrantzatzen ziren, Tolosako paper-fabrikek "festa hartzen zutenean". Urte batzuk pasa ondoren, isurketak debekatu egin ziren eta gaur egun askoz ere bizi gehiago dago Oria ibaian.

Imanolek oroitzen du bere aitak, 1940ko hamarkadan, aldez aurretik egindako eskarien arabera arrantzatzen zituela angulak. Normalean ohiko bezeroei saltzen zizkien, baita Orioko enkantean ere, bizirik. Imanolek gogoratzen duen arrantza oparoenetariko bat 1975eko neguko egun batekoa da. Gau hartan hirurogei kilo arrantzatu zituzten.

Gaur egun, hogeita hamar ontzi baino gehiago dabiltza angula arrantzan Oria ibaian, eta baten batek gau batean 5 edo 6 kilo baino gehiago harrapatzea lortzen badu, sekulakotzat jotzen da.

Joakin Lertxundi Murgiondo (Orio, 1959), lanbidez motorretan mekaniko teknikaria da eta azken belaunaldiko angularitzat har daiteke. 44 urte ditu eta aditua izateaz gain, angularen arrantzara aplikatutako azken teknologiak oso ondo ezagutzen ditu.

Joakin eta bere anaia Luis 1979an hasi ziren angulak arrantzatzen, motorrezko ontzia eta arrasteko sistema erabilita. Lehen esan dugun bezala, aipatutako sistemak asko egin du aurrera eta Joakinek, beste arrantzale askok bezalaxe, esperientziari esker ikasten joan den heinean arrasteko sistemaren prozedurak hobetzen joan da. Arrantzale batzuek baia ur azalera igotzeko sistema hidrauliko bat eta guzti jarri dute.

Joakinek dio 1980ko hamarkadan sakonera gutxiagora arrantzatzen zela, urak baiaren diametroa justu estaltzeko moduan. Gaur egun, berriz, ibaiko ura garbiagoa denez, sakonera handiagora arrantzatzen da, 4 edo 5 metrora eta batzutan baita 7 metrora ere.

Oria ibaian, bokaletik urrun eta sakonera handira arrantzatzen dutenean izaten dituzten arazoetako bat da, ibai hondoa paper-fabrikek isuritako hondakinez beteta dagoela, txalupa motordunen helizeek hondakin horiek harrotzen dituzte baiaren sarea buxatuz, eta horregatik sarea etengabe garbitu behar da.

Hego haize egunak azalean, hau da, sakonera gutxiagora arrantzatzeko hobeak omen direla ere ziurtatzen du, angulak ur azalera hurbiltzen direlako.

Angulak erakartzeko argitasuna erabiltzeari buruz ez dago adostasunik, batzuek diote ez dela beharrezkoa, eta besteek argiarekin batzuetan gehiago arrantzatzen dela uste dute.