Arrantzaleak

Zaharrenek gogoan dute nola etxetik edo lantegitik arrantza egiten zuten. Hori etxepean putzu nahiko sakona zegoenean bakarrik egin zitekeen. Kanaberari kanpaitxo bat lotzen zitzaion, arrainak amuari heltzen zionean jotzen zuena. Orduan, arrantzaleak egiten ari zen lana alde batera utzi eta presaka zer harrapatu zuten ikustera joaten ziren.

Euskal Herrian, usadioz, ibaiko-arrantzaleak natura “beren erara” atsegin izan dute. Harrapatzen zailak ziren arrain handiekin harreman berezia izaten zuten, gogo handiz ibiltzen baitziren haien atzetik. Gezurra dirudien arren, 1949an 5 kilo baino gehiagoko barbo batzuk harrapatu zituzten Elgoibarren, eta horietako batek 6,250 kg pisatzen zituen. 3,55 kiloko aingira bat ere aipatzen da. Antonio Arrillaga medikuak, Elgoibarko Magdalenan, hiltegi zaharraren ondoan “amabi dozena loina arratzalde batian” arrantzatu zituen (hamabi dozena loina arratsalde batean).

Inazio RetolazaInazio Retolaza, 1967an, Deba ibaiko azken barboak arrantzatzen, Elgoibarko San Antonin presan.

Deba ibaiko benetako kutsadura duela hiru hamarkada hasi zen. Santiago Iriondo Gabilondo, Santi Apraiz ezizenez ezaguna zena, Deba ibaiko arrantzale onenetarikoa zen. Barrez isilean arrantzatzen zuela aurpegiratzen ziotenean, hau erantzuten zuen: "Santi Apraizek hibaia mejoratu egiten jok: nik arrain tontuenak arrapatzen jai-txuak. Badator hor goitik hibaia galduko duen hainbat zikinkeri" (Santi Apraizek ibaia hobetzen du, nik arrain tontoenak harrapatzen ditut. Badator hor goitik ibaia galduko duen hainbat zikinkeri).

Arrantzaleek hainbat arau mantentzen zituzten ibaia ikuskatzen zutenekin. Azken urteetan Guardia Zibilek egiten zuten lan hori, eta arrantzaleek haien ibilbideak ezin hobeto ezagutzen zituzten. Ramiro Larrañagak gogoan du, koadrila bat ibaian arrantzan ari zenean, kide bat bizikletan ibiltzen zela etengabe ondoko errepidean gora eta behera, ibai-zaindariak bertatik iristen baziren koadrilakoei abisatzeko. Baita ere ohikoa izaten zen inguruko baserrietakoek erronda egiten ari ziren ibai-zaindariak etxera gonbidatu eta entretenitzea, horrela arrantzaleek handik alde egiteko denbora izan zezaten.